Kataluniak gure laguntza behar du
Egoera oso kezkagarria da: Katalunian 8.000tik gora film bikoiztu dituzte katalanera, eta 600dik gora serie.
Ez dakite bikoizketak ez duela baliorik hizkuntza normalizatzeko, eta denbora eta baliabideak alferrik galtzen segitzen dute. Gauza asko dugu katalanei erakusteko, hizkuntza normalizatzearen arloan. Beraz, lagundu diezaiegun bikoizketa-azpiegitura guziak desmuntatzen, hemen egiten ari garen bezala.
Egoeraren larritasunaren adierazgarri, hona hemen telebistan joan den asteburuan katalanez emandako filmak:
– Enemics públics (Public enemies), AEB, 2009
– Death race: la carrera de la mort, AEB, 2008
– Asterix i Cleopatra (Astérix et Cléopâtre), Belgika, 1968
– Laia, el regal d’aniversari, Katalunia, 1996
– Erin Brokovich, AEB, 2000
– La gran baralla (Any which way you can), AEB, 1980
– Els dotze treballs d’Astèrix (Les douze travaux d’Astérix), Frantzia, 1975
– Silverado, AEB, 1985
– La grandesa de viure (How about you), Irlanda eta Bretainia Handia, 2007
Eta serieak:
– La riera, Katalunia
– Els misteris d‘en Murdoch (Murdoch Mysteries), Kanada
– Ventdelplà, Katalunia
– Porca misèria, Katalunia
– Skins, Bretainia Handia
– Dr. Who, Bretainia Handia
– Infidels, Katalunia
– Hospital de campanya (Combat hospital), Kanada – Bretainia Handia
(Kateak: Tv3, Tv3 HD, Tv3 cat eta Super 3. Urriaren 4tik 6ra)
Ironia alde batera utzirik: bada katalanezko kate pribatu bat, 8tv, eta hartan barne produkzioa katalanez da, eta fikzioa gehienbat GAZTELANIARA bikoiztua. Beraz, merkatuarentzat, oraingoz, hautua ez da bikoiztua/jatorrizko bertsioa, baizik eta katalanera bikoiztua / gaztelaniara bikoiztua.
“Bikoizketa vs azpitituluak”: eztabaida faltsua
Manifest en suport del doblatge i subtitulat de pellícules al català agiriaren pasarte bat:
“Uste dugu bikoizketa, zeina Europan Alemaniako, Frantziako, Italiako eta Espainiako estatuetan bakarrik egiten baita (Espainiako kasuan, xedapen frankista batean oinarriturik, adibide horrek argi erakusten duela nola pertsegitzen diren, setati, Espainiako Estatuan gaztelania ez diren gainerako hizkuntzak) gainditu egin behar dela, artelanaren osotasuna errespetatzeko eta modu fidelagoan hartzeko, eta horretarako, pixkanaka, ohitura hartu behar dela jatorrizko bertsioak emateko, azpititulaturik, gure kasuan katalanez, bistan da. Baina neurri hori ez bada aldi berean Estatuan hartzen, Katalunian saihetsezina izanen da bikoizketa egiten segitzea. Nolanahi ere, uste dugu oraintxe berean ere has gaitezkeela katalanezko azpitituluak erabiltzen -Dekretuak adierazten duen bezala- jatorrizko bertsioak ematen dituzten aretoetan (…).” (1999ko otsailean idatzia)
Estekak:
Bikoizketa euskaraz: off? (Berria)
Manifest en suport del doblatge i subtitulat de pellícules al català
Barne produkzioak euskarari ekartzen diona: “Habéis hecho una mierda de puta madre, cómo pretendéis que suba por ahí” (7. minututik aurrera)
Naparroan, wai; asmatu duzu bete betean.
Kontua da; ze nolako bikoizketa eredu izan dugu euskaraz?
Zaputza, funtzionatu ez duena; jendeak ez du bat egin eskaintzen ari zitzaion hizkuntza-ereduarekin. Goiz zein berandu gertatuko zela pentsatzen genuen, baina zuloa gero eta handiagoa da bikoiztutako pelikulen -“filmen” idatziko beharko nuke, horra lehen sintoma- eta ikusleen artean.
Nire uste apalean, jendeari modu zailegian eman zaio hizkuntz-bazka pelikulen bitartez, eta ikusleek alde egin dute.
Betikoa da; euskara bikaina da, super-bikaina y tal, baina jende gehienak ez du izan ez mailarik ez eta gogorik bikaintasun horrekin bat egiteko, eta horrela gabiltza gabiltzan moduan.
Hamaika aldiz esanda dago; jatorrizko gidoiak bikoiztu behar ziren modu xinpleagoan… Nahiz eta informazioa galdu jatorrizko gidoiarekiko?
Erantzuna: bai, dudarik gabe, nahiz informazio ñabardurak bidean gelditu.
Inferioridade konplejutik superioridade konplejura pasatzea ohikoa da, baina oraindik konturatu ez izana…
Halere, ados, Naparroan; bikoizketa da hizkuntza normal bilakatzeko biderik, seguruenik, eraginkorrena.
Baldin eta bikoizketak berak kontutan hartzen badu ikus-entzuleek osatutako masa kritikoaren gutxieneko hizkuntza maila, eta ez kontrakoa: hemen bikoizketari ekin zaio euskararen bikaintasun mugagabea oinarri hartuta, eta ikus-entzule gehienek zera erantzun dute; ez dut ondo ulertzen eta banoa, txao!
(Umeena? Baietz, edozer ulertzen dutela y tal; beste fantasia bat)
Besteak ez dakit, baina nere lagunak eta nik txikitatik pelikulak eta seriak ikusten genitun Euskarara bizkoiztuak, ta naiz ta ni B ereduan ikasten hasi (D oraindik ez zegon nere eskolan) ta guraso gazteleradunak izan, dena ulertzen nun arazo gabe, gauza da dena gazteleraz badago ta gazteleraz ikusten badezu, gazteleraz hitzegin, bizi….Euskarara jotzen dezunean ez dezula tutik ere ulertzen, beste Euskalkiak hitzegiten dutenei buruz ari bazera, 30 urtez daramate umeak batua ikasten Euskalkikin batera, baina gustoko ez dituzun gauzak ez badaude…
Gauza da, Euskara beti folklore modun gelditzen dela, bai hemengo ospetsuak, agintariak… egiterakoan, bai telebistan, bai zineman (hemen ia desagertua dago)…..
Ta dena gazteleraz badezu ta beti hala ikuste badezu, nola joko dezu Euskarara zerbait ikusteko? gainera ikusteko ez dagonean.
Seriak ikustea biziki atsegin dut, gehienak atzerrikoak, ta gazteleraz entzuten ditut, Euskaraz ez nitulako ulertuko da? Ez, Euskaraz ez daudelako da.
Guztiz ados artikuluarekin,
Bikoizketa euskara normalizatzeko tresnarik eraginkorrenetakoa izan da. Euskarazko bikoizketa oso ona izan da askotan (marrazki bizidun batzuk, adibidez, askoz biziagoak eta dibertigarriagoak dira euskaraz erdaraz baino). Euskara normalizatzearen aldeko apustua egingo badugu, bikoizketaren aldeko apustua egin behar digu. (Jatorrizko bertsioak? Nahi dituzuen guztiak, baina ETB2n!!!)
ezin dut sartu bostgarren linkera (linkean?), mezu hau ematen du:
Ezin datopagu
Desatsegigu, baina orri hau ezin datopagu.
Saiatu bilatzailearekin.
Kaixo, Pep!
Ea orain. Probokazio ttiki bat besterik ez da. Barne produkzioa bai, bikoizkke bai.
Orokorrean bat nator Fermin Etxegoienen iritziarekin: maiz, euskaraz bikoiztutako filmei halako hoztasun bat darie, gatza eta piperra falta zaie, nolabait esateko. Hala ere, ez dakit ba erru guztia erabilitako hizkuntzari egoztekoa den. Azken finean, filmetako hizkuntza zeharo konbentziozkoa izaten da; ikusleak konbentzioa irensten du ia konturatu gabe, baina horretarako ohitu beharra dago. Konbentzioa erdaraz “irensten” ohituta dago ikusleria, baina euskaraz ez, ordea. Film bateko euskara “naturala” ez bada, ikusleak arbuiatzen du segituan. Adibidetxo bat jarriko dut, film bateko hizkera noraino den konbentziozkoa erakuste aldera: David Truebaren “Soldados de Salamina” filma, J. Cercasen eleberrian oinarritua. Edozeinek esango luke bertan erabiltzen den hizkuntza-erregistroa nahiko “naturala” dela; pasarte batzuetan, alabaina, filmak jite dokumentala hartzen du, eta Sanchez Mazas ditxosozkoaren fusilamendu eta salbazioarekin zerikusia izan zuten lekuko erreal batzuk azaltzen dira, gaztelaniaz zein katalanez. Pasarteotan filmaren “konbentzioa” bat-batean hausten da -zuzendariak hala nahita egin zuela pentsatzen dut, gainera- eta ahozko hizkeraren errealitate gordin ez-konbentzionala gailentzen da erabat.
Beste arazo bat hau dugu, gaztelaniaz konbentziozko hizkera hori nahiko planoa izaten dela gehienetan, zenbait komedia edo telesail kenduta nahiko berdina izaten baita hizkuntza-eredua. Eta bikoizketetan, noski, jatorrizko bertsioaren ñabardura oro ezabatu egiten da. Ñabardura linguistikoez ari naiz. Mundu anglosaxoniarrean ohitura handiagoa izan da eta da ingelesaren hizkerekin jolasten, ordea, eta ez soilik pertsonaiaren jatorri geografikoa adierazteko. Konbentzio bitxienetako bat erromatarren filmetakoa da: ohituraz, erromatarren rola antzezten zuten aktoreak britainiarrak izaten ziren, edo “british” azentu dotoreena erabiltzen zuen aktoreak. Kubrick-en “Spartacus” filmean, kasu, Espartako-Kirk Douglas eta Kraso-sir Laurence Olivieren arteko borroka latza linguistikoa ere bada. Kevin McDonald-en “The Eagle” filma (2011) oso aipatua izan zen konbentzio hori iraultzeagatik. Bada, erromatarrek menderaturiko Britainian girotua dagoenez, legionario erromatarrak antzezle estatubatuarrak dira, eta “marine”en jargona erabiltzen dute; “britainiarrak”, aldiz, benetako britainiarrak dira, eta euren arteko Eskoziako gaelikoz gain ingelesaren hizkera lokalak ere erabiltzen dituzte erromatarrekin mintzatzeko. Konbentzio bitxia, baina nahiko ondo funtzionatzen du, nahiz eta gaztelaniazko bertsioan horren arrastorik ez egon, noski (gaelikoa ere, bide batez esanda, beste konbentzio bat da, hura ez zelako Eskoziako piktoen hizkuntza). Zinema espainiarra ez da oso emankorra izan “peplum” generoan, egia esan, baina nekez aurki genezake horrelakorik. Bestalde, “The Eagle” ez da ingelesa latinaren konbetziozko ordekari bat den film bakarra: J. J. Annaud-en “The Nome of the Rose” ere ingelesez filmatua izan zen, Umberto Eco idazleak hala eskatuta, gainera. Monjeak-eta latinez ari direla suposatzen da, baina Erdi Aroan latina zegoeneko hizkuntza hila zenez, eta nahiko artifiziala, nork bere herriko doinuz hitz egiten zuen latinez, eta halatsu filmean ere: antzezle aleman, frantses edo italiarrak “XX. mendeko latinaz” mintzatzen dira, baina nork bere jatorrizko azentua gorderik. Konbetzio hori berriz ere ezabatua izan zen gaztelaniazko bikoizketan.
Azkenik, nire ustez hauxe da arazoa, edo arazoetako bat: gaztelaniaz ohituta gaude filmak-eta konbentziozko hizkera berdindu eta gatzgabe batean ikusten, baina gauza bera nekez onartzen dugu euskaraz. Euskara “naturala” ez bada, ba orduan ez omen du balio. Erabiltzen den euskarak zerikusia badauka, horretan ados nago Etxegoienekin, baina beldur naiz beste arazo bat ere ez ote dagoen: euskaldun askok onartzen du Etxebeste edo Juan Martin euskaraz ikustea (azken horren “euskara batu ez-naturala”, gainera, ez da inongo konbentzio bat, baizik eta benetako “euskara batu ez-naturala”), baina arrotza egiten zaio erromatar bat edo sheriff bat euskaraz ikustea. Gaztelaniak konbentziorako balio du, baina euskarak ez, ordea.
Iepa Menditarra eta besteok.
Ezer ez da erraza eta begibistakoa guretzat, euskararentzat… gaelikoarentzat ez den bezala, haiek indepen-dien-teak izan arren. Eta ez noa “indepen-den-teak” idaztera, dirudienez egin beharko nukeena, gure adituek aginduta, iruditzen zaidalako bertan datzala gure arazoaren iturrietako bat: zinema bikoizketak askoz xinpleago, malguago, eta are zabarrago, jokatu behar zuen euskaldun askoren euskara minorizatuari begira, eta bertan sartzen dira bai euskaldun zahar bai euskaldun berri asko, izan baserritar izan marihuana saltzaile, oso oso zaila baita, ia ezinezkoa, gure bikoizketak zabaldu izan duen hizkuntza ereduarekin naturalki datorren euskaldunik aurkitzea.
Orduan zer; euskararen baliabideak murriztu eta mezuak modu murritzagoan eskaini, kolektibo zabalago batengana ailegatzeko?
Zinemari dagokionez, nik garbi daukat erantzuna: bai.
Bikoiztutako zinema eta tele-sailei buruz ari naiz. Ez naiz Goenkalez edo irratiaz ari, ezta prentsa idatziaz edo literaturaz. Eremu bakoitzean, estrategia bana. Eta marrazki bizidunetan? Tira, ez naiz sartuko horretan, badirudi-eta guztiok oso seguru zaudetela gure umeen gaitasun prodijiosoez euskaraz “dena” ulertu, eta, gainera, hizkuntzaren plazer estetikoz bereganazeko…
Baina funtsean hori gertatu da: bikoizketa eredu desegokia bultzatu dugu, euskararen bikaintasun mugagabea oinarri hartuta, eta audientziak… ba penagarriak, negargarriak, hutsaren hurrengo izan dira urte askoan… azkenean komandatea etorri, eta itzaltzeko agindu duen arte.
Halere, guztiz bat nator artikuluaren mamiarekin: bikoizketa askoz eraginkorragoa da hizkuntzaren zabalpenerako, azpitituluak baino.
Bestelakoa da niri edo hari zer gustatzen zaion “gehiago”; horrek ez dauka garrantzirik auzi honetan; kapritxo bat da esatea “nahiago ditut azpitituluak”; ez gara horretaz ari.
Ui, barkatu; azken bost lerroak soberan daude. Nire sarrera “ez gara horretaz ari” hitzekin bukatzen da. Zuzenduko duzue? Milesker
Zuzenduta 😉