Naturaren inguruan lanean dabiltzan aditu eta naturazaleen elkargunea

la fotoUEUren Natur Zientziak Sailak eta EuskalNatura taldeak antolatuta, datorren azaroaren 9 eta 10ean Natur Zientzien I. Topaketa egingo da Donostiako Eureka! Zientzia museoan. Bilkura honen helburua naturaren inguruan lanean dabiltzan aditu eta naturazaleen elkargune bat sortzea da. Gai eta partaideen artean diziplinartekotasuna eta dibertsitatea bilatu dute. Euskal Herri mailako alor honetako aditu esanguratsuak bilduko ditu topaketa honek.

Ikusi egitararau osoa.

Antton Alberdik, topaketaren koordinatzailearen ustez, “Euskal Herrian naturari buruzko gaietan jende ugari gabiltza lanean baina gure arteko harremana oso txikia da, batipat estamentu ezberdinetako jendearen artean (unibertsitateko ikerlariak, natur taldeak, erakundeak, ikasleak, norbanakoak…). Hori dela eta, topaketaren helburu nagusia horien arteko zubi-lana egitea da: jendeak egiten duena gainerakoei erakutsi eta etorkizunean elkarlanak sustatzeko foro bat eraikitzea. Jendearen partehartzea sustatu nahi dugu posterren bitartez. Tarte dezente egongo dira jendearen lana ezagutu eta hitz egiteko, bi orduko poster-saioa edukiko dugu eta bazkaria ere baliatuko dugu elkar ezagutzeko. Hitzaldiak eta mahai-ingurua ere antzerako irizpidearekin antolatu ditugu, disziplinartekotasuna eta dibertsitatea aintzat hartuta. Gai beraren ikuspuntu ezberdinak topatzen saiatu gara, eta erakunde zein elkarte ezberdinetako jendea ekartzen (UPV/EHU, AZTI-Tecnalia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Arabako Foru Aldundia, Nafarroako Foru Gobernua, Arkamurka Natur Elkartea, URA agentzia, Gipuzkoako Entomologia Elkartea, IHOBE-EJ, CIC-nanoGUNE…), bai eta arlo ezberdinetako jendea ere: biologoak (gehiengoa), geologoak, kimikariak eta fisikariak. Adibide moduan, larunbat arratsaldean antolatu dugun mahaingurua jarriko nuke: “Euskara natur zientzietan”. Bertan, hemen dugun Jose Ramon Etxebarriak, Txema Pitarkek, Juan Ignacio Perez Iglesiasek eta Eider Cartonek parte hartuko dute”.

  • Posterrak aurkezteko epea urriaren 18an bukatzen da.
  • Topaketan izena emateko epea azaroaren 1a arte egongo da zabalik.
  • Informazioa eta matrikula: www.ueu.org

Argazkian: Antton Alberdi, Karmele Artetxe eta Jose Ramon Etxebarria

UEU

Udako Euskal Unibertsitatea (UEU)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude