Proposamen xume bat

Proposamen xume bat

[Badaitort: akastuna naiz, eta bekatu larria egin dut; Iban Zalduaren zutabegilearen dekalogoko 10. puntua bete dut, eta dekalogoa ongi ulertu badut -eta uste dut ongi  ulertu dudala, ironia erabiltzen eta entenditzen traketsa banaiz ere- hori txarra da. Baina, zer eginen diogu, ez hain aspaldian Berrian jorratu nuen gai bat jorratu dut gaur Euskadi Irratian. Nire alde erranen dut, batetik, adibideak aldatu ditudala, kontua hain agerikoa eta lotsagabea ez izateko, eta, bertzetik, bere garaian Elizako arduradun bakar batek ere ez zidala kasurik egin. Nolanahi ere, hona Faktoria Saioan gaurko nire kolaborazioak oinarri izan duen testua]

Igandeetan, aitatxi-amatxi zirenekin bazkaltzen genuen eta, maiz, zirikatu nahian –nerabe petrala bainintzen–, galdegiten nien apezak zer zuen errana mezan, edo zer kontatua zuen egun hartako Testamentu Berriko pasarteak. Gehienetan, beti ez errateagatik, erantzuna “ez dakit” izaten zen, eta, horrelakoetan, konturatzen nintzen adin jakin batetik aitzinat, mezatara joatea Tele5 ikustea bezala dela, ohitura kontua interes edo gustu kontua baino aise gehiago. Baina pena da, bai elizaren kasuan bai Tele5renean, zer errespetu guti adierazten dioten duten publiko fidel horri, biek ala biek erraz-erraza bailukete, eginahal ttiki bat eginen balute, eskaintzen dute erdipurdiko ikuskizun hori hobetzea eta, ondorioz, audientziaren arreta bereganatzea.

Are gehiago, irudimena pixka bat baliatuz gero, meza diru-iturri bihurtzen ahalko luke elizak (igandero pasatzen den zarettotik haratago, erran nahi baita). Horrela, igandero eskuratuko lukeen sosari esker, eliza gauza litzateke orain ordaintzen ez dituen zerga horiek guziak ordaintzeko eta, Estatuaren eskutik diru-laguntzarik jastotzeko beharrik izanen ez lukeenez, haren ospeak eta izen onak hobera eginen luke, baita tenplurik inoiz zapaltzen ez dutenen artean ere.

Hona, beraz, nire proposamen xumea, batetik, elizak bere finantzak hobetu ditzan eta, bertzetik, bere bezeroen arreta pizteko eta erakartzeko igandero eskaintzen duen ikuskizun horretan. Nire ideia arras sinplea da: mezan publizitatea sartzea, eta horretarako hainbat aukera ikusten ditut:

-Apezaren sotana zuria. Bistan da zuritasun hori, araztasun hori, apezaren jantzian nagusi den huts oteiziar hori, austeritate hori (garaiekin bat datorren arren), akats larria dela, eta elizak baluke zer ikasia 1 Formulako pilotuengandik. Hauen horror vacuira ailegatu gabe, zer kalte eginen lukete zenbait esloganek eta zenbait lelo deigarrik meza erraten ari denaren besoetan edo paparrean? Nori eginen lioke horri traba? Jainkoari ez, behinik behin, eta ikus-entzuleek zer begiratua eta komentatua izanen lituzkete mezak irauten duen denboran.

-Jaunartzea da, dudarik gabe, mezako unerik hunkigarriena, eta horren esperoan egoten dira elizkizunetan biltzen diren guziak, Teleberria ikusten duten guziak eguraldiaren esperoan egoten diren bezala. Hori baita memento magikoa, aztiak ogia eta ardoa bihurtzen dituelarik, eta eguraldi gizon-emakumeek zalantza meteorologikoa ziurtasun eguzkitsu edo etsipen euritsu bihurtzen dutelarik. Eta eguraldia Iberdrolak [?] babesten duen moduan, zergatik ez luke ogi edo ardo markaren batek jaunartzea babestu beharko? “Gaurko komunioa Chivite ardandegiak babestua da”, edo “gaur, ogia Bimboren eskutik hartuko dugu” erratea aski litzateke.

-Testamentu berriak ere aukera ederrak ematen ditu mota guzietako mezuak sartzeko. Lehenik eta behin, topiko bat hautsi beharko genuke: irakurtzen den pasartean ez da zertan jarraian irakurri, hasi eta buka. Etenaldi bat onuragarria litzateke, jendeak atseden hartuko bailuke eta, pare bat iragarki sartzeaz gain, narrazioari suspentsea emateko probesten ahalko bailitzateke. Adibidez, apezak horrela irakur lezake: “Eta aingerua Mariari agertu eta hauxe erran zion… Zer erran zion? Bada, iragarkien ondoan jakinen dugu!!”; edo, “eta Jesusek Lazarori manatu zion, zutitu eta ibil hadi, eta orduan… Orduan, zer egin zuen Lazarok? Arrakastatsu burutuko zuen Jesusek bere miraria? Berehala jakinen dugu, baina, lehenik, aholku komertzial batzuk”. Eta, telebistan bezala, jendea irrikan egonen litzateke, istorioa nola akitu zen jakiteko.

Bertzenaz, nahi izanez gero, istorioan berean ere aldaketa postmoderno batzuk sartzen ahalko lirateke, narrazioari oztoporik batere eginen ez lioketenak, baina elizaren eltzeitsua gizenduko luketenak: Jesusek mehatxu egin zion Judasi Facebookeko zerrendatik ezabatuko zuela; azken afaria egitera, Bartolo jatetxera joan ziren (azken hau tokian tokiko xehetasunen arabera moldatu beharko litzateke); Joan bataiatzaileak berri ona bere Samsung sakelakotik Judea osora txiokatu zuen… Ikusten den bezala, aukerak mugagabeak dira.

Publizitateak, bistan da, bertzelako giroa ekarriko luke elizkizunetara, giro animatuagoa, biziagoa, koloretsuagoa. Nolanahi ere, finantza iturri hori aski ez balitz, egutegiak egitea ere ez litzateke ideia txarra. Egutegi erotikoak, bolada batean hain modan egon zirenen estilokoak (gero lib-duba gailendu zitzaion moda horri), baina suhiltzaile, etxeko andre, irakasle edo jubilatuen ordez, orain apezpikuak izanen genituzke protagonista. Bidea egiten hasteko, hiru aukera ikusten ditut nik, ongi aztertzea eta esploratzea mereziko luketenak.

Egutegi heteroak. Sexuaren munduan, heterosexualitatea da ortodoxia, eta ortodoxia erran eta berehala Munilla etortzen zaigu burura. Hamabi pose iradokitzailetan, hamabi keinu limurtzailerekin hamabi argazki egin, eta listo (erotismo artistikoaz ari gara, jakina, ez pornografiaz). Baten batek erranen du Munilla ez dela batere erakargarria, baina ni seguru naiz bere publikoa baduela – ni neroni ezkondua nago, eta franko itsusia naiz; beraz, ez izan zalantzarik hark ere toki bat egina duela hainbat emazteki kristauren bihotzean.

Egutegi homoak. Horretarako, Vatikanoko giroko kardinalak hautatuko nituzke: zapela moreak, lazo arrosak… Kitscha eta dekadentzia maite dituztenendako, bocatto di cardinale, txiste merkea zilegi bazait.

Egutegi sado-masoak. Iruñeko artzapezpikua, gure Frantzisko, artzapezpiku militarra da, eta, hortaz, egokia litzateke gure alderdi bortitzena ateratzeko: irudika ezazue, bertzenaz, kamuflajeko tanga eta larruzko botak jantzita.

Ene, pentsatze hutsarekin orroka hasi da nire barneko piztia!

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.