Karneta eta pasaportea euskaraz atera ditut

Karneta eta pasaportea euskaraz atera ditut

Donostian ateko poliziak ez dit ulertu euskaraz karneta eta pasaportea berritzera nindoala. Aztoratu xamar esan dit espainolez, berehala ekarriko didala itzultzailea. To! Baina itzulian zuzenean bidali nau 9. mahaira. Han, euskaraz txukun asko, berritu didate Espainiako nortasun-agiria. Eskua emanez eskertu diot euskaraz egin izana, ondo hartu du, eta bigarren mahai batera bideratu nau.

Hemen berdin, euskaraz oso txukun eginez, eguneratu didate Espainiako pasaportea. Berriro eskua eman, emakumea euskaragatik eskertu, eta biok irribarre, atera naiz ateko polizia euskaraz agurtuz.

Ez dut inon itxaron beharrik izan. Posiblea da beraz bulegoetan euskaraz eginez, Espainiak indarrez inposatzen dizkigun naziotasun agiriak ateratzea. Hau ohorea!

Hau 2011ko irailean. Kontua 2010eko abenduan hasi zen. Orduan mehatxuka indarrez atera ninduten bulegoetatik euskaraz egiteagatik, eta ez espainolez, beraiek exijitu bezala. Nahiz euskaraz behin eta berriro agertu nien EAEko 1979ko estatutuak eta 1982ko euskara legeak -30 urte pasa dira- administrazioa behartzen dutela (estatukoa ere) zerbitzua hiritarrak aukeratutako hizkuntza ofizialean ematera. Ez alderantziz.

Hilabeteotan, salaketa bera hainbat ingurutan zabaltzeak -internetez erraza- (komisaldegian, Gasteizko Espainiako Ordezkaritza, Behatokia, Eusko Jaurlaritza, Arartekoa, Madrileko Herri Defendatzailea, Madrileko Gobernu Presidente Zapatero…), eta horrek beren artean eragindako saltsak, ireki dizkit nonbait bideak, eta azkenean aitortu gure eskubidea. Hori bai, mesedez eskatuz aurretik abisatzeko noiz hartzen nuen txanda. Poza eta lasaitua.

Guretakoak edo geureganatuak sentitu nituen eskua eman nien bi funtzionarioak ere. Uste dut gehiago egin beharko genituzkeela halakoak.

ERANSKINA: Aipatutakoei bere egunean salaketa bideratzeko erabilitako gutuna

Donostia, 2010eko abenduaren 27a

Gaur Espainiako polizia nazionalek indarrez bota naute Espainiako nortasun agiria eta pasaportea berritzeko Donostian dituzten bulegoetatik euskaraz hitz egiteagatik eta ez espainolez, eta ez dizkidate dokumentuak berritu. Hizkuntzagatiko diskriminazio ekintza lotsagarria da eta hala salatu nahi dut, dagokionak konpondu dezan, eta nornahik ere konpontzen lagundu dezan.

2010eko abenduaren 27a da, eguerdiko 13:30ean nuen txanda Espainiako nortasun agiria eta pasaportea berritzeko, bertako hainbat datu aldatu beharrean. Txanda Internet bidez eskuratua nuen, horretarako Espainiako administrazioak, espainol hutsez, eskaintzen duen web gunearen bidez, eta hala, EAEko euskararen erabilera arautzeko 10/1982 azaroaren 24ko legea urratuz.

Txandaren orduan Donostiako bulegoetara hurbilduta, atean zegoen polizia nazionalak nire txandaren ordua eskatuta, eta nik euskaraz erantzunda, nahikoa modu onean erantzun dit berak ez zuela euskaraz ulertzen, eta nahi banuen, bulegoetara bertara sartzeko, han saiatzeko ea norbaitek ulertzen zidan euskaraz. Nahiz eta aipatu 1982ko legeak ez duen inondik eskatzen hiritar interesatuak saiatu behar duenik bere kasa bilatzen administrazioan euskaraz ulertu eta egin liezaiokeen, eta ulertu eta egin nahiko dion, funtzionariorik, baizik eta administrazioa behartzen, zerbitzu hori hiritar interesatuari eskaintzera honek aukeratutako hizkuntzan.

2010eko apirilaren 22an gizonezko polizia berbera zen atekoa, eta orduan ez bezala -garaian salatu behar izan genuen moduan-, oraingoan ez nau behartu eta ez nau behartu nahi izan, hitzorduaren zehaztasunak berari espainolez ematera -aurretik eginiko salaketaren ondorio agian-, nahiz eta oraingoan ere berak ez duen inongo ahaleginik egin ulertzen batere, ez nik esan, eta ez, bestela ere, nik modu argigarriz adierazitakorik.

Nolanahi, atea-edo zegokion bigarren polizia nazional emakumezko bat hurbilduta, eta hark eskuan zituen hitzorduen zerrenda izen-abizendunak baliatuta, hari nire izen-abizenak ematearekin lortu dut nire bi hitzorduetarako txartelak eman ziezazkidaten, nahiz eta nik euskaraz egin (hala eman dizkidate 217. txanda txartela nortasun agiriarentzako, eta 95.a pasaporterako; txarteletan dioen lez, 13:29an). Hala ba, zorionez, ez dut bulego barruetara sartu beharrik izan, han euskaraz artatuko ninduen inoren eske publikoan aritzeko, ateko gizonezko poliziak agindu bezala.

Joan den apirilaren 22an ez genuen lortu txandarik euskaraz hitz eginda, garaian salatu bezala.

Ordubete itxaron ondoren, bulego barruan eta kanpoan jendea zain pilatuta atzerapenetan deseroso, 2:30ak aldera egokitu zait pasaportearen txanda lehendabizi. Eta zegokion funtzionarioarekin eroso hitz eginda (1. mahaiko emakumezko normal atsegina), nik euskaraz, berak espainolez, biok elkar ulertzen, adierazi dit lehendabizi nortasun agiria berritu beharra nuela, eta ondoren, berariaz gordeko zidala txanda, hitzordua galdu beharrik gabe, gero pasaportea berritu ahal izateko. Bihotzez eskertu diot, eta nortasun agirirako txanda itxaron dut, berehala 5. mahaian egokitu zaidana.

5. mahaiko gizonezkoak ordea, ni hitz egiten hasi orduko adierazi dit berak ez zuela euskararik ulertzen, eta espainolez egiteko, edo bestela, alde egiteko handik, nik berriro euskaraz egin diodanean. Ni modu onean ari nintzaion, eta aritu natzaio ondoren ere azaltzen, nola eskueran jarri dizkiodan paperek espainol garbian agertzen zuten zein zen agiria berritzeko arrazoia. Berak ordea paperei kasurik ez egitea erabaki du eta hauek ez onartzea, nik euskaraz egingo nion bitartean. Eta hala, boz goraz hasi zaio bulego osoari egoera jakinarazten, nire jarrera salatuz, handik alde egiteko eskatuz, lan asko zutela, atzerapenekin zebiltzala, ez zeukatela nirekin denborarik alferrik galtzeko, eta hala nabarmen, bulego guztia, batetik bere lankideak, eta bestetik, ni bezalako herritarrak ni bezala dokumentuak tramitatu zain zeudenak, nire kontra xaxatzen.

Bitartean, eta itxuraz nik aurkeztu paperei begiratuta jabetu da nire abizenez, eta bertan hasi da boz goraz abizen hauen eta hauen jatorriaren gaineko txisteak, zozokeriak eta lerdokeriak esaten, bulego guztiak entzun zitzan, modu denigrante eta umiliagarri nahian, eta guztien aurrean kontrajarri nahian, nire abizenen espainoltasuna, eta nik euskaraz egitearen “berri”tasuna -hitz hau bai baitzerabilen berak ere euskaraz-, Hidalgo berri eta antzekoak botaz mespretxuan. Nahi zuenerako behintzat ezagutzen zuen hainbat gure hizkuntza.

Ni hala ere modu onean saiatu natzaio azaltzen zertara dagoen nire ustez administrazioa legez behartua hizkuntza kontuan, eta nola, berak pertsonalki ezin baninduen euskaraz artatu, mesedez behar bezala bideratu zezan modua ni bertan euskaraz artatu nintzaten, eta nire dokumentuak behar bezala tramitatu ahal nitzan. Baina 5. mahaiko funtzionarioak gero eta modu haserreago eta ozenagoan eskatzen zidan espainolez egin niezaion, ez zidala bestela kasurik egingo, eta handik alde egiteko euskaraz egin nahi banuen, eta nahi banuen beste egunen batean saiatzeko ea norbaitek euskaraz artatzen ninduen.

Ez dut uste hori legea betetzea denik eta nik mesedez idatziz adierazteko eskatu diet nola ez ninduten artatu nahi, eta nola ez zidaten nortasun agiria berritu nahi (eta ondorioz pasaportea ere) euskaraz egiten nuelako, nahiz eta nik batere arazorik ez izan eta ez erakutsi beraiek guztiek espainolez egiten zutena ondo ulertzeko. Nik ongi ezagutzen dut hizkuntza espainola ere, besteak beste Espainiako konstituzioak lege aginduz derrigortuta. Konstituzio horrek ematen dit gainera hizkuntza espainola erabiltzeko eskubidea, baina ez du inor derrigortzen hau erabiltzera, ezta ni ere. Eta bestetik, gorago aipatu EAEko euskararen legeak agerian ematen digu euskara erabiltzeko eskubidea, eta aldi berean EAEn kokatutako administrazio guztiak derrigortzen euskaldunon eskubide hau (ere) babestera eta bideratzera. Oraingoan egin ez duen bezala -eta azkenekoz, nahi nuke-.

5. mahaiko funtzionarioaren builek handik alde egiteko eskatuz, lortu dute, beste funtzionarioek, eta nik bezala aurretik ordubete eta gehiago itxaroten zeramaten beste herritarrek ere eztabaidan parte hartu zezaten, hauek batzuek euskaraz, beste batzuek espainolez, baina oro har denak eskatuz, baita euskaraz hitz egiten zutenek ere, nik amore eman nezan, eta funtzionarioari behingoz espainolez egin niezaion honek eskatu bezala, eta ez zedin gehiago atzeratu guztien txanda. Izango ziren agian nire jarreraren alde ziren herritarrak edota are funtzionarioak, baina ez dut inor entzun han euskaldunon eskubideen alde egiten.

Beste hainbat funtzionariok -pentsatzen dut- boz goraz eskatzen zioten behin eta berriro 5. mahaikoari ateko poliziei edo besteri deitzeko ni handik kalera atera nintzaten. Eta honek behin eta berriz adierazi dit ondo boz goraz, nahi banuen, ondoan nuela polizia komisaria eta bertara joateko salaketa jartzera, eta behin eta berriro eskatu die boz goraz ateko poliziei erakutsi ziezadaten nola iritsi komisariara (iduriz, bulegookin fisikoki lotuta era badagoena etxepe berean atez ate, paretaz pareta, eta bertako poliziak, pentsatzen dut, entzuten eta jakinaren gainean ziren bitartean 5. mahaiko funtzionarioa sortzen ari zen iskanbila eta eskandalua).

Tartean hurbildu zait zibilez jantzitako beste pertsona identifikatu gabe bat ere, modu txar eta harroputzez eskatuz handik ateratzeko. Ez nekien nor zen, agian txanda nire ondoren zegokion herritarra, baina tonuaz harrituta, galdetu diot ea nor zen bera niri horrela hitz egiteko, eta zein autoritaterekin eskatzen zidan alde egiteko (ez baita identifikatu, eta ez bainekien orduan, eta ez baitakit oraindik, polizia zen edo ez, nahiz gerora pentsatu dudan hala ote zen bere harropuzkeria nabarian). Eta hala ere hasi natzaio hari ere azaltzen nola paper bat eskatzen ari nintzen handik ateratzeko, argi azalduko zuena, beraiek botatzen nindutela handik dokumentazioa tramitatu gabe euskaraz ari nintzelako, eta ez nindoala inola ere nire borondatez. Gizonezko hau aurreko guztiak baino okerrago hasi da gaizki esaka, espainol behe-mailakoenean, “berari ez ukitzeko barrabilak euskaraz hitz eginez, bestela …” “es que te …” mehatxu ageriak eginez batere arazorik gabe erabili zezakeela biolentzia nirekin. Estatuaren administrazioaren bulego batean, komisariaren atzealdean, euskaraz hitz egiteagatik.

Ez dut batere paperik lortu. Eta 5. mahaiko funtzionarioaren eta atzeko beste ozenagoen eskaerara, bigarren aldiz-edo etorri zait ateko hirugarren polizia nazional bat halakoz jantzita -aurreko biak txanda amaitua bide zuten dagoeneko-, eta ahoz, eta ukitu gabe, behartu nau, nire gauza guztiak hartzera eta kalera irtetera, paperik eta nortasun agiri eta pasaporte berriturik gabe. Eta hala egin dut, nire borondatearen kontra izan bada ere.

Baina zer egin behar nuen, tratu injustu, legez kontrako eta laidogarri horren aurrean? Jarrera pasiboagoa hartu eta eserita itxaron poliziek beraiek handik arrastaka atera nintzaten arte, Green Peacekoekin edota zezenketen kontrakoekin-eta hainbatetan ikusi dugun bezala?

Zer egin behar dut hurrengoan, urte berean bi aldiz jasota halako tratua delako bulegoetan? Hurrengo txanda ematen didatenean -ze berritu beharko ditut nortasun agiriak eta pasaporteak (edota gertatuak gertatuta salbuetsiko naute?)-, telebista kamera publikoak eraman beharko ditut nirekin tratu baztertzaile eta iraingarri hori filmatu dezaten eta publikoki erakutsi dezaten zer gertatzen den estatuko administrazioan? Edo kamera ezkutuak erabiliko ditut? Bide batez, pentsatu dut, agian grabatua ere badagoela bulegoan gertatua bertako kameren bidez, eta ondo legoke grabazio hauek publikoan ikusi ahal izatea.

Edota hurrengoan bertatik deitu beharko ditut, apirileko kasuaren salaketaren kausaz garaian idatzi zidaten, Francisco José Pérez Espinosa jauna (Gobernuaren Ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoan – Idazkaritza Nagusia – Idazkari Nagusia), Severino Casado Poyo jauna (Polizia Zuzendaritza Nagusia – Donostiako Probintzia Komisaria – Idazkari Nagusia), Fernando Amo García jauna (ustez Komisario Nagusi Probintziala Gipuzkoan), Enrique Múgica Herzog jauna (Espainiako Ararteko), edota Maria Luisa Cava de Llano y Carrió anderea (jarduneko Espainiako Ararteko)?

Edota Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak abian jarritako Elebide, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzu-koen laguntza eskatu beharko dut bulego horietara lagundu diezadaten hurrengoan? Edota Kontseiluak duen Hizkuntz Eskubideen Behatokiko-ek lagunduta joan beharko dut? Edo internazionalago, Human Rights Watch edo antzekoei laguntza eskatuta?

Bide batez eta amaitzeko, gogoratzen dut aipatu Fernando Amo García-k joan den ekainaren 22ko eskutitzean diostana (eta honi atxikitzen zaizkio ere, Francisco José Pérez Espinosa jauna -Gobernuaren Ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoan – Idazkaritza Nagusia – Idazkari Nagusia-, eta Severino Casado Poyo jauna -Polizia Zuzendaritza Nagusia – Donostiako Probintzia Komisaria – Idazkari Nagusia-, eta berriro bete ez dena. Hala diost bertan:

Zentzu horretan, eta Espainiako Konstituzioak bere 3garren artikuluan jasotzen duen arabera, gaztelania onartzen da Estatuko hizkuntz ofiziala bezela eta espainiar guztiek [letra lodiz jatorrizkoan] ezagutzeko beharra eta erabiltzeko duten eskubidearen arabera, lehentasunez hizkuntza hori erabiltzen da. Horrez gain, Espainiar Konstituzioak 3.2garren artikuluan eta Euskal Estatutuak 6garren artikuluan jasotzen duten bezela, euskeraren erabilera ere onartzen da.

Orduan ere -apirilaren 22an- ez zuen inork urratu Amo García jaunak letra lodiz azpimarratzen duen “espainiar guztiek [gaztelania] ezagutzeko beharra eta erabiltzeko duten eskubidea” -eta hala ere espres azpimarratzen du-. Bai aldiz urratu zen orduan ere berak bere azalpenean esan gabe bezala amaieran aipatu “euskeraren erabilera ere onartze”aren eskubidea berak ordezkatzen duen administrazioaren aldetik -eta ez dakit zergatik ez duen hori azpimarratzen, hor baldin bazegoen eskubideen urratua-. Oraingoan ere berbera izan da eskubideen urratzea, eta nahi dut, eta espero dut beraz oraingoan, niri barkamenak eskatuta, erantzunean administrazioari eta berari dagokion aldea azpimarratzea letra lodiz: euskeraren erabilera ere onartzen da hori, inori ahaztu ez dakion berriro, eta dagozkion neurriak hartu eta bideratu ditzan administrazio horrek ere, euskaldunon eskubide hori babestu dezan, eta praktikan garatu dezan, halako egoerak ez daitezen berriro gertatu.

Baita ere bestetik, lehenbailehen ahalbideratu diezadaten nire Espainiako nortasun agiria eta pasaportea behar bezala eguneratzea, nire jarduna berriro ahalik eta gutxien oztopatuz -nire nortasun agiria eta pasaportea berritu gabe geratzea administrazioaren huts eginez gertatu baita-. Eta era berean gustatuko litzaidake nolabaiteko eskaintza jasotzea administrazioaren aldetik, dagozkidan kalte ordainen inguru, dagoeneko eragin dizkidan bidegabekeriengatik.

Edota, administrazioak nahi du behar bezalako nortasun agiri eta pasaporterik gabe ibiltzea ni, estatuko administrazioak ez duelako euskararen erabilera arautzeko legea, ez betetzen, eta ez bete nahi, eta ez dizkidalako dokumentuak berritu nahi, nik euskaraz hitz egiteagatik dagokion funtzionarioari, eta ez espainolez? Ez dakit hala den, baina eman, ematen du, Espainiako administrazio koloniala ote den Euskal Erkidego Autonomoan. Eta ez luke behar.

Zuen erantzunaren zain

Ondo izan

(2011-9-18 igandean Berria-n argitaratua)

Karneta eta pasaportea euskaraz atera ditut

eskubide aitortuak, euskaldun bihotzekoak, Euskara nonahi

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude