Zientzia, justizia eta Iruña-Veleiako ostrakak

Zientzia, justizia eta Iruña-Veleiako ostrakak –

Iruña-Veleiako arazoa orain dela 15 urte hasi zen, grafito berriak agertzearekin batera. Baina finkatu, 2007ko abuztuan finkatu egin zen, diputatu berriak grafitoen multzo bat argitaratzea galarazi zuenean. Une horretan eztabaida zientifikoa ukatu egin zen eta bertsio bat, arkeologoena, ez zen irtengo argi publikora, edo bakarrik zirrikitu batzuk aprobetxatuta. Horri esker bertsio bat geratuko zen, ofiziala eta bakarra, baina horregatik ez egiazkoa. Horrelakoa izateagatik fede kontua dugu eta ez zientzia eta, orduan, balioa, mugatua. Horrek ikerlari askok benetako informazioa izatea oztopatu du eta esan daiteke bertsio ofiziala ahoak estaltzeko erabili dela. Aditu horien kuriositate intelektuala desagertu da, desaktibatuta. Bakarrik dakite grafitoetan euskara batua erabiltzen dela edo gaztelania eta horrelako sinplekeriak, adibide egoki batzuen bidez lagunduta. Eta orduan emaitza negargarria da, aditu askok ez baitakite grafitoak oso aberatsak direla. Beraz, egoera horren aurrean edozeinek esan dezake galdera berbera: zeren beldur dira horiek, besteen argitalpena erabat oztopatzeko? Egiaren beldur?

Esate baterako, RIP inskripzioa nahiko izan zen gezurra zen ideia zabaltzeko, kristautasunarekin erlazionatzen zen guztia faltsua zela. Baina epaileak frogatutzat eman du ez dagoela RIP idatzita, hiru marra eta apurketa txiki batzuk besterik ez dela hor lupapean ikusten dena. Orduan funtsezko arazo bat joana da. Eta horrelako moduan, erraztasunez, joan dira filologo batzuek esandako zenbait gauza.

Bertsio bakarra izateak beste ondorio bat ekarri zuen, goi mailako pertsonek hori egin izanagatik, edozein alternatiba baztertzea, maila berekoek ez baitute erraz zalantzan jarriko kideek esandakoa. Baina bertsio bakar horretatik jaiotako ekarpen zientifikoak ez dauka inolako baliorik. Eta zeinetan oinarritzen zen Batzordekideek zabaldutako bertsio ofiziala? ‘Auctoritas’en onarpenean, ez froga zientifikoetan eta, beraz, eztabaida daitezkeen interpretazioetan.

Zientzia, justizia eta Iruña-Veleiako ostrakak

Ulertzeko istorio luze hau jakin behar da ezkutupean gordeta izan den zenbait gauza. Arkeologo interesatu batzuek emandako bertsio faltsua izan zen lehen ekintza eta nire ustez egiazko balioa duen bakarra. Horregatik filologo batzuek egindako eraikina oinarritik faltsua da. Filologo horiek ez dute ezer frogatu, aurretik zekitelako faltsutasuna omen zela guztia. Hain zuzen, filologoek hasieran jasan zuten ezin egona izan zen nola frogatu faltsutasuna, ez baitziren konturatu horretaz, ez baitziren gai horretarako.

Tamalez haientzat, grafitoak aztertuta, filologo horiek azaldutako balizko faltsutasunaren froga- zerrenda argaltzen joan da, grafitoen benekotasuna defendatzen dutenek kontrakoa frogatu duten neurrian (argitalpen bakan batzuetan, sarean eta argitalpen independenteetan), ezer ezetik hurbil geratu arte. Filologo horiek jarraitzen dute pentsatzen erabaki egokia hartu zutela baina haien froga barregarriak balizko faltsifikazioa frogatzeko bistan daude: balizko DENOK benetako DENOSen lekuan; GORY ez dela gorri kolorea, ezta VRDIN urdin kolorea ere; LAGVN ez dela lagun, adiskide baizik; NEV CORNE ESKON, neu Cornerekin ezkondu naizela, edo antzekoa, izan beharko litzatekeela, eta abar (zenbait irakurketa akats kontuan hartu gabe). Zergatik grafitoen euskara ez da posible erromatar aldian, ‘h’ hizkia idatzia ez agertzeagatik eta artikulua agertzeagatik? Horiek ez dira faltsifikazio baten frogak, eta benetako autentifikazio prozesu batean ez litzateke kontuan hartuko.

Faltsifikatzaile batek ez du ezer berririk asmatu beharrik eta espero dena idatziko litzateke. Eta orduan baten batek faltsifikazioa egitekotan artikulua eta hatxeak nonahi kokatuko lituzke. Eta hau da Iruñako grafitoetan ikusten duguna, espero ez dena, eta horregatik hasteko egiazkotasunaren adierazgarriak ditugu, bai artikulua bai izenordain indartuak.
Eta, azkenik, interpretazio interesatu horren kontraesana totala da: horrek frogatzen du euskara batua ez dela erabili grafitoetan, gaur ‘h’-rekin idazten baita. Horregatik, Iruñako grafitoetan ILTA eta NAIA agertzen da, eta ez gaur eguneko hatxedun hitzak, hilda eta nahia.

Iruñako arkeologoek, eta lehena Eliseo Gil Zubillaga, ikerketa eredugarria egiten zuten aztarnategian, nahiz eta epaiketan zikindu batzuek eta besteek, baina ez kasualitateagatik. Metodo arkeologikoa zikintzea eta ukatzea ezinbestekoa zen geroko kontuak justifikatzeko, balizko faltsifikazioa bera. Baina arkeologoen merituak hor daude, lehen ostraka grabatu multzoa Erromatar Inperioan argira atera izana. Kontu hau beste batzuek ikasia, ez daukat dudarik, beste hiri batzuetan horrelako aztarnak aurkituak izango dira.

Bitartean aurkikundeak benetakoak dira aztarnategi bateko geruza baten objektuak direlako. Hori arkeologo guztiok dakite, isilik daudenek ere, baita kontrakoa esaten dutenek ere, egoera maltzurkeriaz aprobetxatzeko helburuarekin. Gainera, grafito batzuk lekuan, ‘in situ’, izan ziren aurkituak eta koordenatuak, azterketako objektuen erregistroan frogatzen den moduan. Hori gutxi balitz grafito bat argazkien bidez izan zen dokumentatua. Azkenik, Diputazioko Errestauratzaileek egoera txarrean zegoen beste bat garbitu zuten eta hitz grabatuak atera zituzten (eta, gainera, horretan VELEIA hitza agertzen zen). Egiazkoak diren hauek zikinduak ere izan ziren epaiketan erdi gezurren bidez, nahikoa zalantza ereiteko. Horren ondorioz, epaileak ez du onartu benetakoak diren guzti hauen balioa, ez dute kontuan hartzen balioa kentzeko gezurra den ‘fabulazio’ bati, grafito guztiak garbiketa lanetan agertu zirela. Eta ez, hori ez da egia.

Zientzia, justizia eta Iruña-Veleiako ostrakakEpaileak erabaki dezake, interpretazio subjektiboa egiteko ahalmena ematen baitio legeak, faltsuak direla grafito batzuk prozedura tekniko edo juridiko bati jarraituz, peritu batek txosten batean horrelako moduan azaltzen duelako. Baina guk eskubidea dugu peritu horrek esandakoa zientzia eta kritika historikoaren aldetik aztertzeko, erabat zalantzan jarri arte berak esandakoa. Eta horrekin batera diagnosia baliogabetzen dugu eta ezer ezean uzten dugu epaileak egindako justifikazioa. Izan ere, ez badago objektu faltsifikatua ez dago faltsifikaziorik. Beraz, azter dezagun.

Madrideko Institutu horren teknikariak (Epaitegi perituak) bazekien hasi baino lehen ikerketa objektua faltsua zela eta, gainera, faltsifikazioa ziurtatzeko frogak bakarrik bildu behar zituela, polizia judizialak esandakoari ulertu badiogu epaiketan. Eta horretan aritzen da, ikusten duen guztia da faltsifikazio baten balizko froga. Eta ondo esan dut ‘ikusi’, grafitoetan beste kontu batzuk baitzeuden, baina horiek ez ditu ikusten. Ez da posible esatea aproposa gezurra esan duela, berak zehaztu egiten baitu non ikusten duen ikusi beharrekoa. Baina ez du ikusten (ez du ikusi nahi) grafitoak benetakoak direla frogatzen dituzten kontuak, froga zehatzak.

Eta orduan irakurlearen galdera izan daiteke: Objektuen aztarnetan islatzen diren irizpide batzuk egiazkotasunaren aldekoak dira, eta beste batzuk faltsutzearen aldekoak? Eta erantzuna da: ez, benekotasunaren aldekoa den bat nahikoa da objektua benetakoa dela frogatzeko. Argi dezagun kontua. Grafito askotan hitzen ildoen gainean geruza karbonatikoen azken aztarnak geratzen dira eta horiek frogatzen dute aspaldian (erromatar garaian) izan zirela eginak ildoak edo hitzak, eta gutxienekoa da bakarrik zantzu batzuk besterik ez geratzea, zalantarik gabekoak baitira. Eta ez da bakarrik argazki arruntetan ikusten direla, Madrideko Institutu horretan egindako argazki ultramoreetan ere ikusten dira. Baita mikroskopiopean egindakoetan ere. Horiek dira teknikariak, perituak, ikusten ez dituena, ez baitu leku horietara begiratzen.

Bestalde, pentsa liteke Madrideko teknikariarentzat faltsutasuna frogatzeko irizpide erabakigarri bat nahikoa izango zela, baina berak, badaezpada, hiru irizpide erabiltzen ditu. Lehena, ildoek geruza karbonatikoak zeharkatzen dituztela dio, eta horregatik berriak direla. Ondorio hau ez da zuzena, geruza karbonatikoak garbiketan kentzen baitira, ildoak askatzeko eta inskripzioa irakurtzeko. Hori da azterketa arkeologiko guztietan egiten dena, eta perituari ahaztu zaiona esatea. Gainera, ildo batzuetan, esan dugu, oraindik garbitu gabeko zarakar karbonatikoak agerian daudela. Orduan, alferrikako da perituak esaten duena, eta faltsua.

Bigarrena, hitzen ildoak lurrez aproposa bete direla, faltsifikazio ekintza baten ondorio zuzena direla. Hori frogatzea bakarrik ahazten zaio teknikariari, eta hori da balizko interpretazioa onartzeko dagoen pausu bakarra. Gainera, berak esandakoa frogatzeak ez dauka arazorik, bakarrik zati baten lurra atera behar du eta gero ikusi zer dagoen ildoan, hots, lur azpian. Jakina, berak ez du egin eta arrazoia uler daiteke: hori egin balitz frogatuko litzateke benetakoak direla. Perituak, ordea, frogatzea baino deklarazioa nahiago du: faltsuak dira! Ez omen daki zer den zientzia, zerbait frogatzea. Beraz, argudioa onartezina da, gezurra, ildoen lurra aztarnategiko estratuarena baita.

Hirugarrena garrantzitsuena dugu eta nire ustez hori da berak egindako ekarpen bakarra, aurrekoak iritzi espekulatzaileak besterik ez baitira. Perituak mikro-aztarna metaliko modernoak aurkitzen ditu hitz grabatuen ildo barnean. Eta konklusioa da, haren ustez: grafitoak gaur egunekoak dira. Baina ez da hain erraza, berriz ahazten zaiolako demostratzea hori horrelakoa dela. Prozedura zientifikoa ez du bete: aurretik, erreferentziaren moduan grafito experimentalak egin behar ditu, eta ez du egin, eta orduan ez daki zer nolako arrastoak dauden eta zergatik, ez baita posible konparaketa egitea; eta grafitoak ez dituzten keramikak ez ditu ikertu; eta benetakoak diren grafito batzuetan zer agertzen den ez du ikertu; eta garai hartako beste aztarnategi batzuen keramika batzuk ez ditu ikertu, eta arrazoi honengatik eta aurrekoengatik ez da posible konparaketak egitea eta ulertzea kontua; eta indusketa lanetan, garbiketa lanetan, giroagatik eta beste analisi batzuen egin izanagatik gertatzen den kutsadura ez du neurtu. Eta arrazoi guzti hauengatik prozedura zientifikoa onartezina da.

Eta azaldu, gauza asko azaldu behar du eta ez da gai. Esate baterako, zergatik agertzen dira 20ren bat baino metal gehiago, horrek suposatzen baitu tresna asko erabili zirela grafitoak egiteko (ekintza ulertezina balizko faltsifikazio batean). Edo zergatik agertzen dira keramikaren gainazalean eta ez bakarrik ildo grabatuetan, honek suposatuko bailuke keramika puskak ere faltsuak direla (eta horrek ez du inork esaten); eta zergatik dira faltsuak pieza batzuk, demagun, gainazal osoko milimetro batean eta ildoetatik kanpo mikro-metal baztergarri batzuk dituztenak. Ez da gai esateko zein eragin izan duten metalen banaketa horretan keramika puskek jazan duten garbiketa eta ikerketa lanek.

Zientzia, justizia eta Iruña-Veleiako ostrakak

Eta aurreko guzti hori kontuan hartuta perituak ez duela ezer demostratu ikusten dugu, eta egiazkotasuna frogatzen dituzten aztarnak ezkutatu dituela edo ez aipatu. Azken ekintza hauek badakigu zergatik egin dituen, prebarikazio akusazioa ekiditeko. Horregatik agian ez dugu akusazio hori egiterik, baina esan dezakegu berak egiten duen konklusioa faltsua dela prozedura zientifikoaren aldetik, hots, baliorik gabekoa.

Bestalde, euskal inteligentsia osatzen duten buru batzuek ez dute onartu nahi euskaraz idatzi zela garai hartan, baina jendeak jakin behar du garai hartan Erromatar Inperioko hizkuntza ‘indigenak’ idatzi zirela, eta euskararen mugetan zeuden guztiak, ‘galoa’, ‘iberiarra’ eta ‘keltiberoa’, hain zuzen ere. Orduan, ez da bakarrik posible dela euskara agertzea erromatar garaian, espero daitekeena baizik.

Eta nola laburtu prozesu malapartatu hau? Iruña-Veleian ez dago faltsuak diren grafitorik. Bakarrik dago ‘fabulazio’ bat, pertsona batzuek zabaldu zutenak arkeologo batzuk (zuzendariak eta LURMEN enpresakoak) kaltetzeko helburuarekin. Filologo batzuek, besterik gabe, onartu zuten eta beste filologo batzuek kritikarik gabe lagundu zuten, korporatibismoagatik. Azterketa arkeologikoa ukatzen duten beste batzuk ere izan ziren, aztarnategia lapurtu eta ikertu nahi zutelako. Eta zientzialari eta teknikari batzuek gezurra elikatu zuten gupidarik gabe, estatu instituzioak horretarako baitaude. Paraleloan, interpretazio batzuen interesak defendatzen dituztenek ekarpenak egin zituzten hedabideen bitartez. Jarduera horretan, guzti horiek aldarrikatzen duten lehen pausua faltsifikazioa da eta horregatik guztiek egiten dute tranpa diagnosian. Arrazoi berberagatik diagnosiak ez dauka baliorik. Baina ez dago konspiraziorik, arrunt arrunta baita gertatutakoa, gezur batetik abiatu den elur-bolaren efektua soilik, hori bai, batzuek modu maltzurrean aprobetxatua eta beste batzuek, nahita, betaurreko opakuak jantzita.

Ikusita ikusi beharrekoa, benetako zientzialari batek bakarrik gauza bat esan dezake: Iruña-Veleiako ostraken % 99 benetakoak dira, erromatarrak, objektuek oraindik erakusten dituzten aztarna fisikoek frogatzen duten moduan, garbiketa prozesuak apaldu eta murriztu bazituen ere.

Zientziarako berdin da epaileak zer esaten duen, errudun edo errugabetzat hartzen duen E. Gil Zubillaga. Horretan, epailea justizia teknikari bezala arituko da, ikusi ditugun peritu horien txostenak, agian, onartuz. Dena dela, hobe luke pentsatzea zer izan daitekeen Espainiar Justiziarentzat froga zehatzik gabe pertsona bat zigortzea erromatar aldiko benetako grafitoak ‘egin’ izanagatik. Barregarri geratzea.

Azkenik, sententzia epaileari dagokio, baina ez da nor grafitoen faltsutasuna erabakitzeko, zientzialariek esan behar baitute, aurreiritziak ez dituzten zientzialariek. Jakina, erabat independientea den ikerketa baten bidez egin behar dena burututa, eta euskal instituzioek babestu behar dutena. Horiek non daude? Zertan aritzen dira?

Zientzia, justizia eta Iruña-Veleiako ostrakak Zientzia , justizia eta Iruña-Veleiako ostrakak Zientzia,  justizia eta Iruña-Veleiako ostrakak Zientzia

justizia eta Iruña-Veleiako ostrakak

Geografia eta Historian doktore

32 pentsamendu “Zientzia, justizia eta Iruña-Veleiako ostrakak”-ri buruz

  • Joseba Aurkenerena
    Joseba Aurkenerena 2020-07-14 09:05

    Guztiz ados zurekin. Hor egin dutenak ez du izenik.

  • >Jakina, erabat independientea den ikerketa baten bidez egin behar dena burututa, eta euskal instituzioek babestu behar dutena. Horiek non daude? Zertan aritzen dira?

    EUSKAL INSTITUZIOAK… Euskara defendatu, babestu, ikertu, mimatu, maitatu, sustatu, zabaldu behar dutenak, diru publikoarekin, guztion diruarekin… Euskaltzaindia, Euskal Unibertsitatea, UEU, Eusko Ikaskuntza, Aranzadi, Kontseilua, Ikastolak, udalak, Foru Aldundiak, sindikatuek, euskararen aldeko elkarteek… Bultzatzen eta defendatzen al dute Madrilgo IPCEko (Instituko del patrimonio cultural de España) J. V. Navarroren txostena, alegia, epailearentzat “sasifroga” bakarra 39 ostraka “faltsutzat” salatzeko?

    1.700 urteko Iruña-Veleiako ostraka euskaldunak sei bakarrik.

    13368a IIISVS, IOSHII ATA / TAMIRIAN AMA
    13368b DIINOS / ZVRII / NAIA
    13370a 2005-5-4 Iesus et Mirian
    13370b 2005-5-4 (irudia)
    13371a GIIVRII ATA ZVTAN GIIVRII / “`ATA ? ? ?.
    13371b “`YAVHII ? ? ? / ZVTAN / IZANA
    13397a BIITA, ZVRI, AROS / VRDIN, GORY, / ANA, BIIR?
    13397b NIIVRII / ZIIVRII / III V?
    15910 ???Vr?? / AMA, RO / MAN / ILTA, CIS / TIANA
    15920 NIIV XII / VRT(…) TV, III / “II” / RIIBA TV, NIIV / CII (…)

    Lorena Lopez de la Calle irakurri eta entzun ahal izan dugu…
    Non daude gainontzeko Euskal Instituzioen iritziak?

    Iruña-Veleiako 1.700 ostraka euskaldunak “faltsuak” al dira “tipo” batek esaten duelako 12 urteko ikerketaren ostean?

    Egoera hau patetiko eta lotsagarria da.

  • Faltsuak eta iruzurra. Punto.

  • Joseba Aurkenerena
    Joseba Aurkenerena 2020-07-15 19:38

    Josebe, faltsuak direla erraiteko, lehenik frogatu beharra dago. Eta horixe da denok eskatzen duguna, Europako laboratorioetan probak egin dizatela, alegia.
    Horren kontra zer duzu?

  • Euskal Herria ere Europan dago, ez jokatu papanatismoz edo kosmopaletismoz. Are gehiago, euskarari, epigrafiari, latinari eta abarri buruz gehien dakiten adituetako batzuk (euskararen kasuan guztiak) hemen bizi dira. Puntu. Frogatua eta epaitua. Zuk sinetsi nahi baduzu astoek hegaz egiten duela, sinetsi: sineskeria funtsgabe-paranoikoak libre dira.

  • Joseba Aurkenerena
    Joseba Aurkenerena 2020-07-16 12:50

    Garbi dago zure izena ez dela Josebe, ez zarela emakume, eta zu zarela euskara arloan mugitzen den “aditu erraezin” horietako bat. Ai zer interes ilunak zuen gibelean direnak!
    Gehiago sinesten dut hegaz egiten duen astoaz, zuen hitz interesatuaz baino.

  • Sinestea libre baita.
    Garbi dago zu ez zarela Joseba, zu ez zarela gizona, ezpada gauez kontu oso ilunetan ibiltzen den antzerkilari pailazoz pintatua.
    Hara, nik ere badakit jendea kalifikatzen eta iraintzen.

  • Alferrik zabiltza hauekin Josebe.
    Ikusi nahi ez duena baino itxu handiagorik ez dago. Egi batean oinarrituta (euskarak eta euskaldunok etsai indartsuak ditugu) ondorio orokor batetara iristen dira, euskararen “kontrako” edozer gezurra da, manipiulatuta dago, e.a… Kontrako komatxo artean jarri dut, gure hizkuntzaren jatorri eta garapena ezagutzeak irrika sortzen digunontzat, Gilen harpajole koadrila horrek poltsikoak betetzeko asmatutako txapuza hoiek denak, euskararen egiazko historia ezkutatu baizik egiten ez ez dutelako. Euskararen historiaz gezurrak asmatu eta zabaltzen saiatzea da benetako euskararen kontrako ekintza. Pena ematen dit horrenbeste euskalzale euskararen etsai iruzurgile hauen defentsan itsu-itsu nola dabiltzan ikusteak.
    Hau esan ondoren, ni CNIko agente edo auskalo zer naizela sinistuko duenik ez da faltako. Sinetsi nahi dugun egiaren kontrako dena baita etsaiaren ezkutuko esku beltzaren parte paranoiko jartzen garenean.

  • Iruña-Veleia: gutun irekia Euskaltzaindiari

    Euskaltzaindiako lehendakari Andres Urrutia jauna, Euskaltzain jaun-andreok.

    Euskara zaintzen duen Erakunde Akademiko Ofizialeko kide zaretenez, aipatu erakundearen egitekoa izanik, besteak beste, euskararen lege gramatikalak ikertu eta formulatzea, euskararen erabilera sustatzea eta euskararen eskubideak babestea, zenbait politikarik, unibertsitateko kargudunek eta Arabako Foru Aldundiak sortutako krisiaren larritasunaren aurrean, Iruña-Veleiako ohiz kanpoko aurkikuntzak faltsuak direla adieraziz, Euskaltzaindiarengana jo dugu erregutuz kontuan har dezazuela ondorengo gure idazkia:

    1.- 2008ko azaroaren 19ko Foru Aginduaren bidez, Arabako Foru Aldundiak Iruña-Veleian indusketak egiteko baimena kendu zion Lurmen enpresari, aztarnategia ixteko agindu, eta fiskalari eskatu zion Eliseo Gil Zubillagaren eta haren arkeologo taldearen aurka judizialki jokatzeko, faltsutzaileak beraiek zirela salatuz. Espreski kasurako sortutako Aholku Batzorde Zientifiko batek gezurrezkotzat jo zituen aurkikuntzak, gutxieneko eskakizun zientifiko bati aurre egiteko gai ez zen txosten tekniko batean oinarrituta, eta Arabako Foru Aldundiak, garai hartan Kulturako diputatu zen Lorena López de Lacalle andreak hala eskatuta, bermatu egin zuen ustezko faltsutasuna: ustezko faltsifikazioa eurek burutua zela eta errudun deklaratu zituen. Alderdi akusatzaileak aurkeztutako argudio guztiak banan-banan arbuiatuak izan ziren publikoki, eta akusazioa eragin zuten elementuak alderdi akusatzailearen zaintzapean egon dira eta daude oraindik ere, beste aldearentzat irispiderik utzi gabe. Nabarmendu behar da Lurmen taldea desagerrarazi zuten ondorengo urteetan, Eliseo Gil zuzendariak etengabeko jazarpen larria jasan behar izan zuela, soziala eta mediatikoa, Arabako Aldundiak orkestratuta. Juizora sartu ahal izan genuenok berretsi ahal izan genuen:

    A) Eliseo jauna eta arkeologoen bere ekipoa kanporatu eta haien aurka jazarpen mediatiko eta sozialari ekin ahal izateko baliatu zituzten 6 txostenen aurrean, Epaile andreak sententzian ez dituela kontsideratu baliozkotzat, dirudienez iritzi hutsal batzuk baino ez direlako. Guk uste dugu iritzi hutsalak baino areago direla faltsukeria iraingarriak: adierazi dute Descartes irakurtzen dela non argi azaltzen den Miskart jartzen duela. B) Adierazi dute RIP irakurtzen dela non 3 marra bertikal baino ez direnak, mikroskopioz erraz identifikatu daitezkeenak. C) Ezinezkoa dela XV. mendea baino lehenago euskaraz Z zeinua agertzea, jakina denez “Izioki dugu” idatzia dagoela ia 500 urte lehenago, etab. D) Eliseo Gil gaitzesteko baliatu zuten txosten grafologikoak ez duela inolako baliorik Epaileak zioenez. E) 291 ostrakaren artean 35 faltsuak zirela adierazi zuen teknikari batek, zeinak aitortu baitzuen ez berak ez beste inork ez zuela inoiz dataziorik egin bere laborategian. F) Eliseori Epaitegiak ukatu egin ziola bi alditan Europako laborategi independenteetan datazio desberdinak egitea. G) Epaitegiak ez zuela baimendu epaiketan txosten bat (Antelo) aurkeztu ahal izatea non ez zen baiesten 35 ostraka hauek faltsuak zirela.

    2.- Garai hartan aztarnategiko zuzendaria zen Julio Nuñezek erabilitako metodologiari buruz, Lurmen enpresa harremanetan jarri zen hainbat herrialdetako adituekin (Alemania, Austria, AEB, Espainia, Grezia, Eslovenia, Hungaria, Polonia eta Erresuma Batuarekin), eta eskatu zien azalduko al zioten Nuñez arkeologoa zer modutan ari zen indusketak egiten 98. Sektorean. Adituei dokumentazioa, bideoak eta argazkiak helarazi zitzaizkien eta baita Aldundiak emandako informazioa bera ere. Ebaluazio guztiek aho batez argi eta garbi adierazten dute Julio Nuñezek Iruña-Veleian gisa honetako aztarnategietan aplikatu beharrekoa den arkeologia modernoaren estandar metodologikoak urratu egin zituela. Hain zuzen ere Julio Nuñezek erauzketak caterpillar hondeamakina baten bidez egitea agindu zuen, lurrean metro eta erdi inguru sakonduz, kamioiak 7 minutuero aldiko bat betez gutxi gorabehera 15 egunez, seguraski altxor baliotsuak desagerraraziz

    3.- Gaur egun, hainbat herrialdetako zientzialari ospetsuek egindako 20 txosten tekniko baino gehiago irakur daitezke, eta guztiek ondorioztatzen dute grafitoak ezin direla inola ere faltsuak izan. Aipatu txostenen artean, Edward C Harris britainiarrak, Bermudaseko Museoko zuzendariak eta gaur egun ia munduko zientzialari guztiek aplikatzen duten metodo estratigrafikoaren eta Matrix Harris sistemaren sortzaileak emandako diktamena nabarmendu behar da, non adierazten den Eliseo Gil eta bere ekipoak 2005 eta 2006. urteen artean kalitate arkeometrikoa kontuan harturik estandar gorenen barruan jardun zutela. Hogeitik gora diren aipatu txosten teknikoek guztira 2700 orrialde osatzen dituzte eta modu altruistan elaboratuak izan dira. Aitzitik, batzorde ofizialaren 6 txostenek –hauetatik 5 faltsifikazioa burutu zela ia seguru iruzurrezkoa izan zen deklarazioaren ondoren entregatuak– 400 orrialde baino gutxiago osatzen dituzte, eta 1.800 € ordaindu zitzaien txosten bakoitzeko, gehi bazkari, bidaia eta hoteletako gastuak. Halaber eskatzen diogu Arabako Foru Aldundiari hain erabaki larriak berraztertu ditzala, eskaera hau jada bere garaian Foru Aldundiari entregatu zitzaizkion 2300 sinadurek ere bere egin zutelarik. Irakurleek ponentzia guztiak irakur ditzakete hemen: http://sos-veleia1.wikidot.com/informes.

    4.- Horregatik Euskaltzaindiari eskatzen diogu aitortzen zaion begirune eta autoritatea baliatuz eta Arabako Foru Aldundiak gure ustez berebiziko larritasuna duen lege-hausteak erakusten duen urgentzia grabeaz kezkaturik, premia dezala Aldundia bide judiziala bertan behera uztera, datazioak arkeometrian espezializatuak diren Europako laborategietan egin eta bi parteetatik independenteak izango diren pertsonek publikoki kontrolatutako katak egitea agindu dezala.

    5.- Azken gogoeta gisa, honako hau adierazi nahi dugu: orain arte euskarazko hitz arrunten lehen testigantzak, gaztelaniazkoekin batera, Donemiliako glosetan agertzen direnak direla, XI. mendekoak. Iruña-Veleiako ohiz kanpoko aurkikuntzak autentikoak balira, eta halaxe dira, euskarazko lekukotasun idatziak III. eta VI. mendeen artekoak izango lirateke. Beraz, euskararen presentzia idatzia Euskal Herrian 700 urteko antzinatasunez aurreratu beharko litzateke. Epigrafia eta ikonografia erlijiosoei dagokienez, ebanjelioen bidez Jesusen bizitzari ematen zaio lehentasuna; Jesusen Azken Afariaren irudi posible bat agertzen da, Kristoren Kalbarioa bi lapurren artean, etab. Ondorioztatu behar da kristau gai erlijiosoaren aurkikuntza hauek izango liratekeela orain arte munduan ezagunak diren lekukotasun zaharrenak.

    Euskal Herria, 2020ko uztailak 16

    IRUÑA-VELEIA ARGITU
    (Sinadurak biltzen ari dira, gutunak agian merezi du sarrera nagusi bat irudi eta guzti; badago ere gazteleraz, frantsezez eta ingeleraz).

  • Faltsuak direla esateko zertan oinarritzen zarete?
    Epaiketa batean?
    Dakizue, epaiketa horretan ez dela hori ikertu eta nork egin duen, nola eta noiz ez dela frogatu.
    Hitz egin aurretik ea gaia hobeto ikertzen duzuen!!
    Euskal Herria kolonizatuta dago eta txarrena bertakoek, dirulaguntzekin bizi diren horiek, desegiten dabiltzala.

  • Arkeologo honen artikuloak dena argi uzten duela uste dut. Kontrakorik esateko?
    Faltsutasunaren aldekoek ez daukazue argumenturik! Bazterrak nahasi baino ez dituzue egiten. Iritzia ematea ondo dago baina argumentatu mesedez

  • Oinarritzen gara adituen txostenetan eta edozeinen begi-bistara dauden astakerietan, hala nola 15. mendeko otoitz-formula batean, Nefertitin, komen erabileran, ikonografian, euskarazko testuetan agertzean edo ildoen hondoan metal modernoa agertzean. Eta, batez ere, inongo komunitate benetan zientifikoetan (unibertsitateak, ikerketa-zentroak, biltzarrak, argitalpenak…) gaiari inolako jaramonik ez egitean.
    Punto. Faltsukeria eta iruzurra.

  • Oier, nola baieztapenak egitea doan den, gauza bera esan dakizuke zuri: ez daukazu inolako argumenturik, ezjakintasun hutsak eta batek daki zein nahi ilunek bultzatutako baieztapen huts eta argudiatu gabeak besterik ez dituzu botatzen, tabernako iritzietatik harago ez doazenak. Argudioak emanda daude orain dela 12 urte, eta horiek ez ditu inork/ez dituzue mugiarazi. Zuk jarraitu nahi baduzu sinesten hau edo beste, zure eskubidea da, baina zure interpelazio huts eta funtsgabeetan gero eta erantzun gutxiago jasoko dituzu. Faltsua. Faltsua eta iruzurra. Punto

  • Josebus Lacarraris 2020-07-21 12:37

    Ez da zientifikoki frogatu grafitoak faltsuak direnik.

    Zilegi da filologiatik benetakotasunaren edo faltsutasunaren aldeko iritziak ematea, baina argi dago filologiak arlo bezala ez duela gaitasun nahikorik hori frogatzeko, batzuen nartzizismo amaiezinak onartzen baldin ez badu ere.

    Batzuek nahiago dute euskeraren historia arriskuan jarri froga zientifikoekin aurrera egitea baino. Zergatik ote? Filologiaren tresnek faltsukeria agerian uzten dutelako? Benetan? Ez ote da batzuek bizi guztian ontzat eman dituzten axiomak zeharo birrintzeko posibilitateak kakalarria eragiten dietelako?

    Batzuen ustezko erudizioaren sinesgarritasun guztia naipezko gaztelu baten gainean oinarriturik dago, eta hori erortzeko beldurraren beldurrez jokatzen dute jokatzen duten moduan. Beraien posizioa lehenesten dute egiaren aurretik.

    Jarrai beza ba Joseba Lakarrak bere mundu magikoan igerian, bere delirio infinituan euskerari oinarririk gabeko jatorri pseudointelektuakak proposatzen (inposatzen?) , “bizkar” hitzarekin (*goi-bar > *gwibar > *bi-z-bar) eta beste hainbatekin egiten duen bezala. Jarrai beza Joseba Lakarrak agerikoak diren euskeraren eta beste hizkuntzen arteko erlazio ukaezinak (Paleosardoa esaterako, eta gehiago) “kasualitate huts” izendatzen, bere ipuin eroarekin bat ez datozelako soilik.

    Zorigaitzeko gure euskara, pena egolatrekin topo egin izana.

  • Tira ba, faltsuak direla diotenei:
    1) Filologoek, epigrafistek, historiagileek, onenak izanda ere, ezin dute determinatu grafitoak benetakoak edo faltsuak diren. Ezin dugu ahaztu gainera badaiudela 20 txosten egiazkotasunaren aldekoak hemengo eta nazioarteko adituek eginak, UPVko txostenak hankaz gora jartzen dituztela. Ezer gutxi dakigulako garai horretaz bai latin bulgarrari buruz zein euskarari buruz. Zientzia da bidea, bide bakarra, orain arte egon ez dena. Hau argi gelditu da epaiketan, epaileak berak UPV-EHUko intelektualen iritzi guztiak arbuiatu dituenean ez zuteko inolako ekarpenik eskeintzen metodo zientifikoari; baina ezin dugu ahaztu Diputazioa UPV ko “aditu”en 6 txostenetan oinarritu zela Eliseo eta Lurmeneko langileak kanporatzko eta gaizkiletzat hartzeko. Epaiketak 12 saio izan ditu eta aretotik 50 lekuko pasa dira. Bakar bat ere ez da UPV-EHUkoa izan, jakinda beraiek sortu zutela anabasa hau eta beraien txostenak erabili zirela Eliseo “kondenatzeko”.

    2) Arabako Arkeologia Museoko zaharberritze teknikariek (Isabel eta Paloma) epaiketa aretoan esan zutena ez da edonolakoa: “susmopeko giro hartan Iruña-Veleia aztarnategiko 20 kaxa heldu ziren museora laginez beterik guk garbitzeko. Lehen bi kutxetako piezetan grafitoak eta irudiak agertu zirenean abisu eman genuen eta gelditzeko agindua jaso genuen. Egun, ez dakigu non dauden piezaz beteriko gainontzeko kutxak”.
    Baina ez zuten hori bakarrik esan:
    “Ez da RIP azaltzen, santutasun hiru marra dira apurketa batzurekin”
    “Ez du DESCARTES jartzen” (honetaz jabetzeko ez zara zertan arkeologoa edo zaharberritze teknikaria izan). Teknikari hauek lupak erabiltzen zuten bere lana burutzeko. Gauza bera esan zuen Jose Manuel Tarriñok: “Ez da DESCARTES azaltzen Miscart baizik”.
    Gogoratu behar dugu argudio hauekin ireki zirela duela 12 urte egunkarietako portadak.

    3) Erromatar garaiko piezak faltsunu nahi izatekotan zergatik idatzi “Descartes”?
    Zertarako behar zuen Eliseok ospea eta aitortza, EAEko aztarnategi esanguratsuenaren arduraduna bazen?
    Eta bi petsonen artean banatzeko izango zen 12..000 €-ko faktura faltsutuz
    aberastuko al zen gure Eliseo?

    Hau hasi besterik ez da egin!!

  • Iruña-Veleia gose greba: Onintza Enbeita Berrian https://labur.eus/bYJcN
    Garai zailak dira oraingoak erromantizismorako. Bakoitza geure gotorlekuan bizi gara, eta asko jota, kristorenak esatea da besteengatik egiten dugun bakarra. Ez dago modan kausa orokorren alde ezer galtzea. Nahikoa dauka bakoitzak berearekin: bere osasunarekin, bere hipotekarekin, bere kotxearekin, bere lana mantentzearekin… agian, horregatik egiten zaigu hain arraro lagun talde bat gose greban jarri dela entzutea. Gose greban, zertarako eta gure hizkuntzaren jatorriari buruzko eztabaida bat argitzeko.

    Seguru nago eztabaida luzeetarako gaia izango dela Iruña-Veleiakoa. Aurkitutako idatziak egia diren, ez diren, noizkoak diren, nork izan duen gezurrezko frogak asmatzeko beharra, nori datorkion ondo aurkikuntza hori guztia gezurra izatea. Galdera asko daude airean. Litekeena da herritar xumeontzat baleko erantzunik ez izatea, baina ikertzea, zientziari bidea egiten uztea ez da hainbesterako. Ez dut uste gose greba bateraino heltzeko beharrik dagoenik. Gure administrazioak izan behar luke hori baino sentsibilizazio gehiago halako gaiekin. Iruditu dakiguke arraroa, barregarria, erokeria… baina gure hizkuntzaz ari garela, gauzak ondo egitea ez litzaiguke horrenbeste kosta behar. Gutxienez ahal duguna egin behar genuke.

  • Amonamantangorri 2020-07-26 21:13

    Ongi. Orduan, Eliseo Gil errugabea da. Eta beste akusatua, goiko artikuluan behin ere aipatzen ez dena? Ruben Cerdán ere kondenatua dago, Gilekin batera, txosten faltsu bat egin eta Arabako Aldundiari kobratzeagatik.

    Hogei txosten, berrehun eta laurogeita zazpi txosten aipatu eta aipatu, baina ez duzue inoiz aipatzen kondenatuek aurkikuntzaren egiazkotasuna frogatzeko aurkeztu zuten txosten ofizial BAKARRA, egurrezko euroa baino faltsuagoa zena.

  • Antton Erkizia 2020-07-26 22:56

    Bai, Amonamantangorri, bai, oraingoan buru ona duzu: Ruben Cerdan-ek agian, seguraski, ez zituen egin eginak izan behar zituen azterketak, demagun azterketak faltsutu zituela, hala dirudi, aitortzen dut, eta berak eginiko bi edo hiru txostenak ere gezurrezkoak izango dira. Demagun hala dela eta titulurik ere ez duela…Ta horrek egiten du Eliseo Gil faltsutzaile?
    Garai bertsuan Ruben Cerdanek Euskal Herriko Unibertsitearentzat ere lan egin zuen…beraz, horrek esan nahi du EHU faltsutzaile zikin bat dela?

    Besterik ez duzue eta horri heldu beharko, ez?

    Eta analitikaz ari gerala, begira begira zer dion epaile andereak Komisioaren partaide eta analitiken arduradun den Madariaga jaunaz:

    …resultando cuando menos extraño que, si el Sr. Madariaga terminó los análisis a finales del año 2009 (txostena 2008.ean aurkeztu zuen Komisioan, hau da, lanak bukatu aitzin? Doike…) …no devuelva las piezas hasta principios del año 2011 (toma garantía en la cadena de custodia) …y que después no entregue un informe detallado de cada pieza analizada” (Sententzia 44/2020, 147 orr.).

    …Tampoco se ha hecho una relación de las piezas del yacimiento de Arcaya/Arkaia (Álava) que se han analizado, haciéndose referencia en el segundo informe del Sr. Madariaga a tres piezas, en las también concluye la no continuidad de pátina.”
    Beraz, Iruña-Veleiako piezetan bezalatsu, Arkaiako piezetan NCP, no continuidad de pátina, baina Iruña-Veleiakoak faltsuak ziren horrengatik eta Arkaiakoak egiazkoak?

  • Antton Erkizia 2020-07-26 23:06

    Madariaga jaunak eta bere ekipoak 2008. urte hasieran hartu zituzten piezak eta 2011. urtean itzuli zituzten (sententziak hala dio) eta biZtartean beren esku izan zituzten…Eta Madariagak ez zen bakarrik; talde ederra zuen berekin lanean, faltsutze frogak bila…Begira:

    –Juan Manuel Madariaga Mota, catedrático de Química Analítica de la UPV-EHU.
    Luis Ángel Fernández Cuadrado, catedrático de Química Analítica de la UPV-EHU.
    Nestor Etxebarría Loizate, profesor de Química Analítica de la UPV-EHU.
    Maria Ángeles Olazabal Dueñas, profesora titular de Química Analítica de la Facultad de Ciencia y tencología.
    Gorka Arana Momoitio, profesor de Química Analítica de la UPV-EHU.
    Alberto De Diego Rodríguez, profesor titular de Química Analítica de la UPV-EHU.
    Olatz Zuloaga Zubieta, profesora agregada de Química Analítica de la UPV-EHU.
    Aresatz Usobiaga Epelde, profesora laboral interina de Química Analítica de la UPV-EHU.
    Kepa Castro Ortíz de Pinedo, doctor con mención Europea de Calidad en Química Analítica, de la UPV-EHU.
    Irantzu Martínez Arkarazo, profesora ayudante-doctor con mención Europea de Calidad en Química Analítica, de la UPV-EHU.

    Lau urtez lanean eta ez zuten faltsutze probarik aurkitu? Joño, edo tonto porrokatuak dira edo faltsutzailea den hori ez da edozein, alajaina…

  • Madariagak SEM-EDX analisiak egin zituen 2008an (karbonoz igurtzita konduktore bihurtzeko) gutxienez ostraka hauekin: 11419 Octavio Augusto, 11427 Ornelio, 11459 Iupiter txerria manipulatua Irudia Ama Ata eta Carlos Elorza arkeologoaren IR-32. Irudiak ikusita “ematen du” ostrakak izorratu zituela betiko ikatza hautsa igurtzita zati batzuetan bederen… Nork eman zion baimena ostrakak izorratzeko betiko?
    11419 Octavio Augusto (irudia manipulatua): http://ostraka.eus/wp-content/uploads/2020/01/11419-octavio.png
    11427 Ornelio (irudia izorratu gabe): http://ostraka.eus/files/2009/01/11427.jpg
    11459 Iupiter txerria manipulatua Irudia Ama Ata (irudia manipulatua): https://veleia.files.wordpress.com/2014/02/11459-txerria-2.jpg

  • Xabier, zure argudioak gustura irakurriko nituzke alorreko aldizkari zientifiko batean, parekoen ebaluazio itsua duen aldizkari prestigiodun batean, erran nahi dut. Alorrean adituak diren parekoek ematen diote sinesgarritasuna zientzilari baten lanari, ez interneteko zulo fringe batean jasotako txalo zaparradek.

  • Kabe:
    Argitaratu baino lehen idazkia burutu behar da. Horretarako, 330 orriko entsegua dut eginda. Bakarrik azken zatia falta da, testua zuzentzea, azken ikutuak ematea eta irudiak tartekatzea, aspergarriena, eta beti nahi nukeena baino luzeagoa dena, are gehiago luze luzea den honetan. Behin eginda ikusiko dugu onartzen duten prestigiozko aldizkari batean. Horrela espero dut, zuk eta interesatu guztiek goza dezazuen.

  • Xabier Gorrotxategi:

    Ez dizute onartuko (eta oso argi utzi duzu ez dituzula “prestigiozko aldizkariak” ezagutzen).

  • Antton Erkizia 2020-07-28 22:54

    Jon Gaiztok Xabier Gorrotxategiri: “Ez dizute onartuko”.
    Horrekin dena esana gelditzen da: lan horrek zer dion jakin aurretik, ze maila zientifikoa duen lan horrek jakin gabe…“ez dizute onartuko”… Eta kitto.
    Ze kristo gertatzen ari da?. Jeiki, jeiki, euskaldunak…

  • 330 orrialdeko entsegua ez da aldizkari baterako egina. Liburu bat da, espezialista ez den argitaletxeren batek ere argitara lezakeena (ikusi ditugu lehenago halakoak).

  • Antton, lagun hori:
    Aurkitzen duzunean aldizkari espezializatu bat 300 orrialdeko artikuluak argitaratzen dituena, abisatu, faborez (edozein zientzia-arlotan, errazago izan dezazun).

  • Antton Erkizia 2020-07-29 12:10

    Pittin bat dramatizatu nituen atzoko hitzak, agian…
    Baina zuk orain dakarkiguzun arrazoia ere aski ilupa da, nere ustez.
    Ez dugu “puta idearik ere” zientzia mundu zerutiarra horretaz, non zauden zu, baina lurtiar pekatariok jakin badakigu lan zientifiko gehienak orrialdez potoloak izan ohi direla baina lan horien laburpena argitaratu ohi dutela aldizkariek…Ez al da hala izaten?

  • Lasai, Sofokles, drama pittin bat beti da on, nahiz eta honek guztiak komedia groteskoa besterik ez den. Zientzia aldizkarietan denetarik argitaratzen da, proiektu zabalen emaitza partzialak, ikerketa zabalagoetarako bidea irekitzen duten ikerketa txikiak, gehiagorako ematen ez duten ikerketak, errebisioak… Eta ez denak orrialdez “potoloak”.
    Bestalde, zientzia-aldizkari eta argitaletxe onak zer diren badakigu, bai. Zer iruditzen honako irizpide hauek, neutraltasun zientifikoaren alde? (1) Euskal Herritik kanpoko aldizkaria/argitaletxea izatea, (2) Errebisio-prozesua izatea (alegia, aldizkariak hautatutako errebisatzaileek ematea irizpena, (3) Errebisio-prozesua itsua eta anonimoa izatea (alegia, errebisatzaileek ez jakitea noren lana ari diren errebisatzen), (4) Egileek ez dezatela argitalpena finantzatu, (5) Argitaratuz gero, komunitate zientifikoaren onespena/gaitzespena aintzat hartzea.

  • Txiribitonen Josebusa 2020-07-29 13:34

    Jon Gaizto jaunak pertsonalitate hotz eta psikopatiko baten zantzu guztiak erakusten ditu.

    Ez iezaiozue kasu handirik egin moral bako ustel horri, ez du merezi. Denborak jarriko du bakoitza bere lekuan.

  • Ongi, Txiribitonen Josebusa. Ez duk irudikatzen zenbateraino.

  • >Zer iruditzen honako irizpide hauek, neutraltasun zientifikoaren alde? (1) >Euskal Herritik kanpoko aldizkaria/argitaletxea izatea, (2) Errebisio-prozesua izatea (alegia, aldizkariak hautatutako errebisatzaileek ematea irizpena, (3) Errebisio-prozesua itsua eta anonimoa izatea (alegia, errebisatzaileek ez jakitea noren lana ari diren errebisatzen), (4) Egileek ez dezatela argitalpena finantzatu, (5) Argitaratuz gero, komunitate zientifikoaren onespena/gaitzespena aintzat hartzea.

    Ebidentea da Arababako Foru Aldundiak Iruña-Veleian ez dituela baldintzak betetzen, baizik eta Eliseo Gilen aurka prozesu “kriminal” bat besterik ez duela eraman epaitegietan, urtetako espetxea eta milaka €uroko isuna eskatuz… azken 12 urtetan.

    Beste aldekoek berriz txosten zientifikoak dozenaka, “atzerriko izenekin” Dr. Edward Cecil Harris, Dra. Ulrike Fritz, Koenraad Van den Driessche, Antonio Rodriguez Colmenero… http://sos-veleia1.wikidot.com/informes

    Zer iruditzen indusketa kontrolatu batzuk?

    Azken 12 urtetan “batzuk” (2 mila sinadura) eskatzen ari garen bezala.
    Bideoz grabatu ostean, gero argitaratu daitezke ere.

  • neunazni Atzo

    Gustura irakurtzen ditut argudioak bai alde batekoak zein bestekoak. Horrelako eztabaidak alderdi zientifikoan oinarritzea nahiko nuke baina bistan da batzuek ez dutela objektibitatea maite. Zertara datoz besteek diotena gutxiestea inongo arrazoirik eman gabe? Jende serioak ezin du gurdia idien aurretik jarri, esaterako:
    – Faltsuak eta iruzurra. Punto.
    – Ikusi nahi ez duena baino itxu handiagorik ez dago.
    – Ez dizute onartuko.
    Horrelako jarrerak objektibitate minimo batetik oso urrun ikusten ditut. Ea susmo eta asmo txarren gainetik argudioak gailentzen diren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude