Blackstone putre funtsa Donostian

Blackstone putre funtsa Donostian –

Mikel Iturriak Harrikadak blogean.

Oraingoan Victoria Noriega izorratu nahi du.

Ostegunean Jorge Napalek eginiko elkarrizketa bat irakurri nuen Noticias de Gipuzkoa egunkarian: «Si no reacciono, estoy en la calle hace tiempo» (Erreakziorik ezean, aspaldi nengokeen kalean).

Blackstone putre funtsa DonostianZabaldu parentesia. Asko gustatzen zait Jorge Napal kazetariak horrelako gaiak jorratzeko duen sentsibilitatea. Itxi parentesia.

Duela urtebete pasatxo aipatu nuen hementxe bertan gai nagusia: Etxegabetzeak Donostian. Orduan Txomin, Bea eta bi seme-alabak zeuden tartean.

Gaurko protagonista, Victoria Noriega, ez dut ezagutzen, baina auzokoa da.

Napalek kontatzen duenaren arabera, 63 urteko Andrea bakar-bakarrik bizi da bere bi katuak hil zitzaizkionetik. Hilero 992 euro jasotzen ditu eta ia 800 bideratzen ditu alokairua pagatzeko. Etxetik kanporatua izateko zorra 2019ko lau hilabeteri dagokio, guztira 3.190 euro. Ordaindu dezakeen apartamentu txikiagoa eskatzen du eta tartean sartu dira Eusko Jaurlaritza zein Donostiako Udala, ea badagoen Blackstone-rekin (Testa Socimi gurean) akordioren bat lortzerik.

Elkarrizketako paragrafo hau ekarriko dut hona:

«Nire egoera publiko egin behar izan nuen lehen aldian, uste nuen hil egingo nintzela. Zorabiatuta bezala nengoen. Shock egoeran geratu nintzen, eta ez neukan orain daukadan eskarmentua (…) Lehenengo prentsaurrekoan izugarrizko lotsa sentitu nuen. Nire bizitza kontatzen ari nintzen: irabazten nuena, nituen zorrak, xehetasun piloa ezagutzen ez nituen pertsonei. Eta horrela jokatu nuen, nahiz eta beti oharkabean pasatzen saiatu naizen».

Lotsa gainditu ondoren etorri zen ahalduntzea. Epaitegitik esan zioten Rosa Garciari deitzeko, Gipuzkoako Stop Kaleratzeak elkartekoa. Beraiek eman zioten kobertura eta Alokairu Benta Berriko Txominekin harremanetan jartzeko gomendioa. Bai, Txomin da goian aipatutako laguna.

Ez dakit gaia nola bukatuko den, espero ondo amaitzea, baina kazetariak dio Blackstone-k ez duela batere gustuko Euskal Herrian duen irudia.

Behean itsatsiko dudan Bomba Estéreo-ren bideoa itsatsi aurretik idatz dezadan berriro: Blackstone putre funtsa da.

Oharra. Argazkia Stop Kaleratzeak elkartearen gunetik hartu dut.

 

Blackstone putre funtsa Donostian

Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude