Juan Diegok oso ondo pasatu zuen EiTBren 700.000 euro galdu aurretik

Oparotasun urteetan Juan Diego EITBko gerenteak ideia bikaina izan zuen: 48.000 euro xahutzea EITBren “New Style” estrategia berria saltzeko bideo batean. Komunikabide publikoa punta-puntako etxe bihurtu behar zuena epailearen aurrean jarriko da laster, diru publikoarekin 700.000 euroko zuloa sortu duelako.

juan diego

(Ezkerretik eskuinera: Manu Castilla, Mikel Agirre, Juan Diego,
Andoni Ortuzar, Bingen Zupiria eta Julian Beloki)

Funtsak bidegabe erabiltzea eta delitu sozietarioak leporatu dizkiote Juan Diegori, LAB sindikatuak hala eskatuta. Inputatu gisa deklaratu beharko du Bilboko instrukzio epaitegian, martxoaren 15ean.

Eta zein da epaituko duten bekatua? Alberto Surioren zuzendaritzak Juan Diego kargutik at utzi baino egun batzuk lehenago 700.000 euroko bermea eskaini zion Juan Diegok Kutxabanki Vilau Media S.L enpresa atakatik ateratzeko. Horretarako EiTBko dirua erabili zuen. Azkenean, enpresak lurra jota, bankuari eman behar izan zizkion EiTBk 701.458 euro. EiTBrentzako azpikontrata lanak egin behar zituen Vilau Media S.L enpresa Andoni Ortuzar EiTBko zuzendari nagusiaren, Juan Diego gerentearen eta zuzendari karguari uko egin berri dion Mikel Agirreren sinadurarekin osatu zen.

Bart jakin da EiTBren aurrekontuan %20ko mozketa izango duela. 2008an, ordea, ez zegoen estuasun sentsaziorik, ez behintzat goi karguetan. Horregatik, EiTBren birmoldatze estrategikoa izan behar zuena erakusteko 48.000 euro gastatu zituzten ikus-entzunezkoa ekoizten. Kudeaketa modu berritzailearen erakusle onena goi karguak koreografiak antzeztea zela erabaki zuten. Lan ondo egiteaz gain horretan ondo pasatzen zutela zen transmititu beharreko mezua.

Juan Diegok dantzan jarri zituen garaian EiTBko arrain handiak: Manu Castilla, Mikel Agirre, Andoni Ortuzar, Bingen Zupiria eta Julian Beloki, baita beste hainbat arduradun ere. Bideoan zehar Juan Diego esmokin zuriarekin ageri dena da, festaren arima, hain zuzen ere.

JD

 

(Gaur egunean Juan Diego Bizkaiko Diputazioaren BEAZ agentziako Zuzendaria da)

Ez naiz bakarra, asko naiz ni. Batean. Hori bai, begi-belarrietatik elikatzen naiz.

4 pentsamendu “Juan Diegok oso ondo pasatu zuen EiTBren 700.000 euro galdu aurretik”-ri buruz

  • Peru Dulantz 2013-02-28 09:55

    Ondo ulertu badut, diru publikoa xahutu zuten lagunen enpresa pribatuaren zuloa estaltzeko… Espero dut delitua izatea eta merezi duten zigorra jasotzea…

  • sei gizon,
    guztiak korbatadunak
    estrategiaz hizketan
    eta dantzan…
    ummmm…. usain txarra hartzeko modukoa,
    ez gizonak dantzan ikusteagatik (olé!)
    korbatadunak estrategia asmatzen aritzeagatik baino…

  • Amonamantangorri 2013-02-28 19:16

    Poza ematen du, tarteko adineko hainbeste jende ikustea, tripa bueltan txitxi eta guzti, “twist” estilora dantzatzen,… Maitagarria.

  • Kunta Kinte 2013-03-05 00:25

    Ag! Juan Diego inputatua dago, kitto. BEAZ Bizkaiko entitate publikoa denez, eta bera horretako gerentea izanik, kanporatua izan beharko litzateke. Hauxe da, hain xuxen, EAJk gainerakoei eskatzen dien gauza bera. Orain artio zera ikusi ahal izan dugu:
    1. Mikel Agirreren dimisioa. Inputatuaren bazkidea zein laguna.
    2. Juan Diegoren inputazioa. Oraindik entitate publiko horretako gerentea.
    3. Jose Luis Bilbao aldundi nagusiaren isiltasuna. Juan Diegoren nagusia azken finean.
    4. Ortuzar, gaur egun EBBko lehendakariaren isiltasun nagusia, eta afera hartan Juan Diegoren nagusi zein lagun zuzena.

    Denak isilik dabiltza.