World Press Photo eta post-produkzioa

Orain dela urte bete idatzi nuen testuan nioen bezala, World Press Photo sariketaren argazkiak beti dakar polemika berarekin. Aurten diskusioa ez du argazkian agertzen zenak sortu, ez da eztabaidatu non eta nola argitaratu zen, argazkiarekin idatzitako testuak ez du inor mindu. Worl Press Photo of the year 2012 izendatua izan den Paul Hansen suediarraren argazkiak izan duen post-produkzioak sortu du arazoa. Fotokazetarion artean (beste) gai izarra den argazkia atera ondorengo tratamendua, edizioa; besteek, kanpokoek, ‘photoshopen erabilera’ deitzen dioten hori.

Egia da, argazkiari erreparatzen badiogu, orain arte WWPk onartu izan duen postprodukzio maila gainditzen duela, eta honek eztabaida sortu du: gehiegizkoa ote den, horrek fotokazetaritzak mantendu beharreko fideltasuna apurtzen duen, gutxienezko eta gehienezko batzuk finkatu behar direla…

Beti bezala, aldeko eta kontrako iritzi asko idatzi dira han eta hemen, baina inork ez du esaten noraino bai eta noraino ez. Gehienek diote, behingoagatik eztabaida behar bezala zabaldu eta aspertzeraino debatitu ondoren, gaia isteko erabili beharko litzatekela kasu hau, baina atzo geunden leku beran geratuko garela uste dut; diferentzia bakarra da, WWPk piska bat gehiago onartzen duela dakigula. Baina zenbat gehiago?

Batzuen ustez purista diren horiek ere onartzen dute gutxiengo bat, baina marra non dagoen zehazteko orduan, definizio lausoak ematen dituzte. David Airob kataluniarrak, bere blogean, Joan Guerrero fotokazetariak aipatutako esaldi bat jartzen du mugarritzat ‘…nire ustez, zure bistak errealitatean jasotzen ez duenaren muga ez gainditzean datza argazkiari egindako ukituen limiteak’. Niri gustatzen zait definizioa, baina argi daukat, norbaiti horrek zer esan nahi duen esplikatzen saiatzen banaiz, arazoak izango nituzkeela, guk ikusten dugun modua kamerak ikusteko duenetik oso urrun baitago.

Beraien burua ez puristatzat daukatenek, kamerak argazkia atera aurretik eskaintzen dituen baliabide eta aukera guziak kontutan hartuta, post-produkziorako ere maila oso altuak onartzen dituzte, aldaketak aurretik edo ondoren egiteak axola ez duela azpimarratuz (flasharen erabilera inork gaitzesten ez duenean, zergatik gaitzetsi argi hori gero jartzea?), baina beraiek ere  mugak ezartzen dituzte, gehienetan errealitatea ez aldatzea, bertan ez zegoena ez erakustea eta halako hitz zabalak erabiliz.

Nik argi daukat nola gustatzen zaidan lan egitea, eta zein motako argazkiak ikusita sentitzen naizen erosoen, baina beste batzuek (ez denek) lan egiteko duten moduak eta arrazoiak ulertzen ditut. Ez zait argazkia asko ukitzea gustatzen, gero eta gutxiago egiten dut lan zatika, baina batzuetan egiten dut, ikusi dudanarekin ‘fidel’ izaten ahaleginduta. Ez eskatu fideltasun hori definitzeko, baina nik badakit muga non dudan.

Aldeko eta aurkako iritzi batzuen loturak dituzue ondoren:

‘World Press Photo: galdera berriak, debate zaharrak’ hastalosmegapixels, Iker Móran

‘Erretoke digitala deituriko nebulosa bat’ theWside, David Airob

‘Erretokea fotokazetaritzan: iritzi batzuk’ Xatakafoto, Jesus Léon

‘Post-produkzioa digital garaian: fotokazetaritza eta 10b’ British Journal of Photography, Olivier Laurent

‘Photoshop eta World Press Photo, adiskidantza luze baten hasiera’ IA photo&video, Iker Azurmendi

Aurtengo argazki irabazleari buruz, bi hitz bakarrik: Argazkiaren konposizioa izugarri gustatzen zait, zer eta nola dagoen aterata, jendearen atzetik zetorren eta paretan islatzen den argi horrek ematen dion indarra… Baina ukitze mailak apur bat ezeroso uzten nau. Argazkiari ematen dion bukaerak ez nau gehiegi asetzen, baina maila estetikoaz ari naiz, ez etikoaz.

 

Izan dira (beti bezala) samina horrela tratatzeari buruz idatzi dutenak ere, besteen minarekin jolasteaz, artea egiteaz akusatu dutenak, baina hor ez naiz sartuko, kasu honetan gehiegizkoa iruditu baitzait.

 

 

MILA HITZ - Freelance argazkilaria. BostokPhoto egitasmoan buru belarri nabil. EuskalHerriko Informatzaile Grafikoen Elkarteko kidea.