Zein egunek aldatu du Euskal Herriaren historia?

Zein egunek aldatu du Euskal Herriaren historia?

Zein egunek aldatu du Euskal Herriaren historia?

#MakroGaldera, ‘The Big Question’: Zein egunek aldatu du gehien munduaren historia? Galdera hau proposatu die ‘The Atlantic’ atariak irakurle eta adituei. ZuZeuk zilborrera egin du so, ze arraio! ‘Zein egunek aldatu du Euskal Herriaren historia?’

Big Bang!

Eta lurra sortu (omen) zen: zerua, lurra, itsasoak. Orain dela 65 milioi urte Yucatan-en asteroide batek lurra jo eta dinosauroak akatu zituen. Aspaldiko ipuina da hori. Zuotakoren batek agian gogoratuko du, ordea, lehenbiziko gizakiaren jaiotza, gaur pare bat milioi urte. Tira, zer ez da gertatu ordutik gaur egun dugun bizimodu zoriontsu/txatxar hau izan arte? Milioika urte horietako gertakizun horien guztien artean bat eta bakarra aukeratzeko eskatu du ‘The Atlantic’ webguneak, ‘historia aldatu zen eguna’. Galdera sinplea, ezta? Ahuntzaren gauerdiko eztula edo.

‘The Atlantic’-en jasotako erantzun batzuk dira hauek, nondik nora jotzen duten ikusteko:

  • 1941eko ekainaren 22a. Naziek SESBen galdu zuten munduan agintzeko aukera.
  • 1440. Johannes Gutenberg-ek egurrezko inprentaren asmakizuna amaitu zuen.
  • 1920ko abuztuaren 26a. Emakumezkoek bozkatzeko eskubidea lortu zuten Ameriketako Estatu Batuetan.
  • 1675. Anton van Leeuwenhoek-ek mikroskopio batetik begiratu zuen.
  • 1983ko maiatzaren 16a. Michael Jackson-ek Moonwalk dantzatu zuen.

historia
Jackson-en oin zoletatik gurera (Amerikarrak hain listoak izanik ez dulergu nola Thomas Edison aipatu ez duten). Geuk Basque History of the World (!), platerean gordin; sagardo botilak erreskadan husteko gai polita. Alferrikako Historia Fikzio ariketa dibertigarriak. Alajaina, ZuZeuk ‘D egun’ epikoa moldatu eta euskal ‘TZ eguna’ bataiatu du. Euskal Herriaren Historia Aldatu zuen Eguna.

Zein egunek aldatu du Euskal Herriaren historia?

Aldez aurretik erabaki dugu TZ Eguna aukeratzeko uko egitea txostengintzari. Ez dugu beharrezko ikusten analisi mardulik, ezta doktorego tesirik ere. Erantzun argiak, garbiak eta motzak nahi ditugu. Iruzkin guztien artetik 10 egun aukeratuko ditugu ZuZeuko Jakintsuen Biltzar eratu berrian. Twitterren ere #MakroGaldera hashtag-arekin dauden mezuak begiratuko ditugu. Behin hori egin dugunean inkesta jarriko dugu martxan. Euskal Herriaren Historia Aldatu zuen Eguna zuen botoek erabakiko dute (demokrazia labela nahi dugu guk ere).

Honatx boteprontoan burura datozkigun adibide batzuk (Iruña-Veleiako afera sartzea otu zaigu, baina ekimen honen berehalako porrota saiheste aldera probokazioa baztertu dugu):

  • 1512. Gaztelak Nafarroako Erreinuaren konkista hasi du. Euskara hizkuntz duen estatua defendatzeko azkeneko borrokak hasi dira.
  • 1545. Bernat Etxepare nafarrak lehenbiziko euskal liburu inprimatua idatzi du, Linguae Vasconum Primitiae. Euskara ahozko hizkuntza baino gehiago dela erakutsi zion munduari (euskaldunei beraiei batez ere)
  • 1902ko apirilaren 29a. Bizkaiko Labe Garaiak jaio dira, burdinaren ekoizpena industriaren motor bihurtuz. Euskal Herriak inoiz sortu duen aberastasun ekonomiko handiena sortu zuen, baita inmigrazio erraldoia ere.
  • 1936ko uztailaren 19a. Espainiako Franco militarrak estatu kolpea jo du. Euskal Herrian sarraskia eta zapalkuntza eragin zuen, eta 40 urteko diktadura ezarri.

ehhis

…eta hemendik aurrera zuen esku uzten dugu #MakroGaldera. Historialariek barka diezagutela. Esan beharrik ez da, baina esango dugu: umorea eta sormena erabiltzeak txikipuntu bat dakar besapean.

Esan bezala, egun batzuk barru iruzkinak eta txioak bildu eta inkesta berezia jarriko dugu. Aupa ZuZeulariok, eta ondo pasa.

Zein egunek aldatu du Euskal Herriaren historia?

historia, Mundua
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

15 pentsamendu “Zein egunek aldatu du Euskal Herriaren historia?”-ri buruz

  • Duela 2.000 urte eta piko: tipo batek mahatsondo bat landatu zuen lehen aldiz EHko lurretan. Eta ikusi zuen on zela.

  • Ba askok izan diala uste det, ezin jakin zerbait egitea garai batean zer ekarriko liguken.

    ala ere niretzako egun edo urte/garai inportante bat, Nafarroak eta Euskal Erkidegoak estatu bateratua sortzen zapùstu zutenean izan zan. Uste det 1931-32n izan zela. Asko galdu zen han, bete leku askotan bezala.

  • Nire semea eta alaba jaio ziren eguna.

    • Zure seme alabak... Puffff!!!! 2013-02-27 15:29

      Zure seme edo alaba jaio ziren eguna baña garrantzitsuagoa da 1989ko martxoak 1a: egun horretan Carlitos Vela jaio zen Cancún-en (Mexico). Haurtzaro zoriontsu bat izan zuen gure Carlitos-ek eta horrek lagundu zion 23 urte zituelarik Euskal Herriak bizi izan duen momenturik iraultzaileena sortzera: 2013ko otsailaren 22an Athletic-i gola sartu zion (1-3 ko hain justu). Handik aurrera, urtero eta betirako (per secula seculorum) Errealak Txapeldunen Liga jokatuko zuen. Tooo eguna!!!

  • Carrerok hegan egin zuen eguna

  • Amonamantangorri 2013-02-27 16:26

    Honek Zalduaren proposamen xumea gogorarazi dit: Castillongo bataila edo guduaren Seigarren Mendeurrena ospatzea (1453).
    http://eibar.org/blogak/volga/1512ren-ospakizunen-aurka-eta-proposamen-alternatibo-xume-bat-1

    Bere argudiobidea inpekablea iruditzen zait.

  • Inork ez du deus esan “Eskerrik asko Petrov”-i buruz.

  • Baina tira, eguna nire aburuz, euskara beste hizkuntza batetik bereizi edo isolaturik sortu zena litzateke. Nahiz eta ezin den jakin noiz.

  • Orreagan Karlomagnoren gudarosteari irabazi eta Erroldan erraldoia akabatu genuen eguna. Herri-gogorik ote genukeen gaur, gertaera hori izan ez balitz?

  • Somorrostro Harana 2013-02-28 13:38

    Euskal Herria aldatu dauen eguna ez da oraindik heldu.

  • Listo batek txoznak asmatu zituen eguna.

  • Amonamantangorri 2013-03-01 18:17

    Kali eta Motxo elkar ezagutu zirenekoa.

  • Irri eta Orro ezkondu ziren eguna (2012ko otsailaren 4a)

  • 1200, 1512, 1620. Hor galdutakoa berreskuratzen hastean izango da gure egunik garrantzitsuena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude