Joseba Irazoki: “Gaur egun Rock ‘N’ Rolla musika klasikoa da”

Goizeko hamarretan jarri dugu hitzordua Beran, Joseba Irazokiren (Bera, 1974) abesti guztiak sortzen diren kobazuloan bertan. Kitarraz betea du zuloa eta bere esanetan “beste mordo bat” Duncan Dhuren biran dabil bueltaka, hegazkinez hegazkin. Izan ere Irazokik, musikari profesionala izaki, talde ezagun askorentzat kitarra jotzen du. Afizioa ofizio bihurtu duen euskal musikari bakanetakoa dugu beratarra. Baina tarte libreak bere proiektu pertsonalei ekiteko erabiltzen ditu. Esperimentaziorako. ‘Joseba Irazoki eta lagunak’ da bere azken LPa, kalitate goreneko musikari askorekin ekoitzitako lana. Urtarrilean hasiko da zuzenekoak formatu honetan eskaintzen eta ZuZeuk jakin nahi izan du, nolakoa izan den gaur dagoen lekura iristeko urratu duen bidea.


Nolakoa da Joseba Irazokiren egun arrunt bat?

Goizean goiz, haurrekin jaiki eta normalean zakurra paseatzera irteten naiz. Bederatziak aldera, haurrak haurtzaindegira eramaten ditut, eta bueltan lokalean sartu eta ofizina lan apur bat egin: emailak erantzun, eta horrelakoak… Gero, errepertorioren bat ikasteke badut, nire kabuz entseatu ohi dut . Gero, ordubatak aldera haurtzaindegira itzuli haurren bila, bazkaldu eta siestatxoa egiten dut egunero. Ondoren, arratsaldez ere antzeko lanak egiten ditut 19:00ak aldera arte. Errutina maite dut, eta aste artean, ia egunero planing hori bera errepikatzen dut.

Musika klaseak ematetik, musiko profesonal izatera emandako saltoak hegoak eman ala kendu egin dizkizu? Profesionaltasuna zama edo askatasuna da?

Bi gauzak izaten ahal dira. Egia esan, Maixa eta Ixiarren gisako musika, nire estilokoa ez zena, utzi eta eskolak ematen hasi nintzen, diruak ez zezan jotzen nuena baldintzatu. Berriz bueltatu nintzen soilik musikaz bizitzera, ikusi nuenean esku artean proiektu erakargarriak nituela. Urteak pasa ahala, uste dut askatasuna mantendu dudala, nahiz eta, oraindik ere, noizean behin behar artistikoagatik baino, behar ekonomikoagatik lan egin. 

Nolabait ezagunago zarenetik, asko aldatu da zure lana eta egunerokoa?

Ez dakit ezaguna naizen, baina bai sumatu dut aurrerapaso txiki bat EiTBko ‘Tumatxak’ programan atera naizenetik. Ez pentsa disko aunitz saltzen ditudanik, baina nabaritzen dut kontzertuetara jende gehiago etortzen dela espreski ni entzutera. Lehenago uste dut kasualitatez egiten zuela jendeak nirekin topo.

Nola gogoratzen dituzu bakarka zenbiltzan garai haiek?

Gogor xamarrak ziren, lehendabizikoz jotzen hasi nintzenean, bakarlari formatuan hasi bainintzen. Diskak eta nahiko ondo saltzen ziren, baina, Euskal Herriko zirkuitoa gaztetxeak eta tabernak direnez, nahiko gogorra egin zitzaidan. Ez zidaten kaso askorik egiten eta ez nintzen sobera eroso sentitu.

“Esperimentazioa ikaragarri gustatzen zait”

Captura de pantalla 2014-11-05 a las 13.33.11

Gorka Urbizuk Argiako elkarrizketa batean zioenez, musika da anbizioa gaizki ikusita dagoen esparru bakarra. Ados zaude?

Ez dakit. Badirudi mundu artistikoa batzuetan lupa handiagoarekin begiratua dagoela. Erran nahi dut; proiektu bat bakarrik ekonomiari begira egiten baduzu gaizki ikusia dago eta beste esparruetan hori ez da gertatzen. Beno, kirolariei ere gertatzen zaie. Diruagatik soilik taldetik alde egiten badute, egurtzen dituzte haiek ere. Nik uste dut anbizio apur bat beharrezkoa dela gauzak ondo egiteko. Ez dakit jendeak anbizio hori egurtzen ote duen. Ez dut uste.

Rockero bat daramazu barren barrenean?

Nahasketa bat da. Musika estilo hagitz ezberdinak jorratu ditut eta denetarik geratu zait hor barrenean. Rocka egiten dudanean ateratzen zait folketik ikasi dudana, eta folka egiten dudanean aldiz,  rocketik ikasi dudana. Jotzen ditudan estiloekin esperimentatzea gustatzen zait, beraz, ezin dizuet esan zer daramadan barruan. Ez dut nere burua soilik rockero, edo soilik folkie gisa ikusten.

Nola egiten da abesti komertzial bat?

Argi dago errepikapen bat izan behar duela eta estrofa on bat ere bai, itsaskorra. Pop formatua duen kantu bat izan behar da normalki, letra eta melodia kutsakor batekin.

Zure disko berriaren sortze prozesuan Irazokiren lagunek zer eragin izan dute?

Zer ikusi handia izan dute diskoaren emaitzan. Egia da nik nahiko argi nuela zer disko mota egin nahi nuen.  Horrelako banda soinu bat lotzeko gogoa nuen. Ekoizlea eta biok egon ginen abestiak aukeratzen ibili ginen eta pop formatua zutenak baztertu genituen berariaz. Horren ordez, kantu errepikakorrak aukeratu genituen, riff batetik abiatzen ziren abestiak. Euskal Herrian azken denboran atera diren talde batzuk gustatzen zaizkit: Gora Japon, Borrokan, Jupiter Jon… eta horrelako taldeen musikan oinarritu naiz diskoa konposatzerakoan. Lagunek kristoren garrantzia izan dute abestiak oso irekiak utzi bainituen. Erran bezala, riff batetik abiatzen ziren abestiak eta batzuk 8 minutu inguru irauten dute eta ez dugu kasik entsegurik egin. Kantu batzuk entsegatu gabe ere grabatu ditugu. Lagunek ere ideiak ekarri zituzten, eta nik askatasun handia eman nien. Horregatik da hain handia haien ekarpena. Diskoa beraiek girotzea nahi nuen, eta ez nuen nahi nik gitarra asko jo, nahiz eta, azkenean dezente jo dudan, gitarrista petoa bainaiz. (Irriak).

Esaiguzu kanta bat.

Azken boladan asko entzuten dut eta gainera egiten dut nire bertsioa ere. Jim O’Rourke-ren Women of the World. Kantu ederra iruditzen zait, eta “arreglo” mailan ere oso potentea.

Disko honetan zure ahotsa lantzeko ahalegin berezia egin omen duzu. Gustura zaude emaitzarekin?

Bai, baina beti ere kritikoa naiz nire ahotsarekin. Uste dut lortu dugula leku oso interesgarrira iristea. Ekoizle bati deitu izanaren arrazoi nagusia hori zen: beti izan ditut zalantzak nire ahotsarekin eta nahi nuen beste ikuspuntu iritzi bat ahotsaren tratamenduan. Horretarako Joanes Buff Felix Buff bateria jotzailearen anaiaren laguntza izan dut. Hemen hurbil nuen momentu horretan, eta pentsatu nuen lagungarri izango zitzaidala. Hazparnen sortua den arren, Parisen bizi da aspaldian, eta ez daki euskaraz. Iruditu zitzaidan euskararekiko kanpoko ikuspegi bat lagungarri izango zela. Uste dut asmatu dugula, hobe ikusi dut neure burua.

Zure letretan gai sozialetara hurbildu zara, eta horrenbestez kasik hipsterra ez zarela esan dezakegu. Desauzidioa abestiak esaterako etxe kaleratzeen gaia du hizpide.

Ez dakit, ez dut uste hipsterra naizenik; edo agian pixkat bai. Letrak normalki inguruko lagunek egiten dizkidate, herrikoek, bertako euskaraz. Niretzako oso erosoa da hori abesterako orduan. Kasu honetan, Beñardo Goietxek idatzi zuen Desauzidioa abestia. Euskal Herri mailan, zein estatu mailan egoera oso kaxkarra da eta etxe kaleratzeen gaia oso potentea iruditzen zait. Jendea etxebizitza eta dirurik gabe uztea oso gogorra da. Eta konbinazioa? Musika ez estandarra eta aldarrikapenak nahastea? Niri oso natural atera zait. Horiek aurreiritziak dira. 

DSC_0049

Garai onak dira musika ez komertzialarentzat Euskal Herrian?

Uste dut baietz. Dezenteak. Gaur egun bada publiko bat, ez oso zabala, baina bederen irekiagoa dena eta musika mota hau ongi onartzen duena. 

Maiz entzuten dugun kontua da: kontzertuetako publikoa zahartzen ari da eta ez omen dago belaunaldi erreleborik. 

Bai, aldatzen da hori ere, baina tira, niri hori nahiko naturala iruditzen zait. Horrela suertatu da. Iruditzen zait belaunaldi berriak teknologikoagoak direla. Gaur egun instrumentuak jotzea musika klasikoa egitea da; Rock n’ Rolla jada musika klasikoa da. Nik ulertzen dut 16-18 urteko gazteek techno musika bakarrik entzutea, akaso zuzeneko musika ikusten dute beren gurasoen musika bezala. Badago aldaketa bat eta ez dut uste deus egin behar denik, ez bada gustatzen rock n’ rolla, bada izanen da helduentzako musika. Ez dakit.  

joseba irazoki
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

Lander Arretxea

NIRE KONTRA ESANAK

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude