Joseba Agudo euskal presoa aske
Espainiar auzitegi nazionalak bere behin-behineko kaleratze agindua eman du, bere kontrako sententzia argitara eman bitartean.
Atzean geratu dira, behin-behinean, azken bi urteok Kotxe. Alacanteko gau hotzean egongo zara orain, farola baten argi laranjaren azpian zeruaren handitasunak zirraratua, zure amore txikitxuaren zain. Agian ziega, korridore, patio eta aurpegien balantze bat egiten egongo zara, berreskuratutako izarrei begira. Akorduan izango dituzu Gotzon-eta, kidetzat baino anaitzat dituzun beste amoreok. Azalean itsatsirik ekarriko dituzu haien besarkada eta muxuak etxeraino, eta zin egiten ariko zara, ez dituzula sekula galduko, zurekin joango direla bertopaketa egunera arte, itzuli ahal izango dizkiezun zorion eztandaren egunera arte. Eurentzat ariko zara zuzen ibiltzen, hormaren trabarik ezaren lilurapean; euren begientzat harrapatuko dituzu deskubrimendu berriak, automobilen argiak, pertsona askeen iragateak, Valentziako zerumuga ia infinituak. Eta euren belarrientzat adituko dituzu zaunka urrunak eta kilkerrak, eta euren txundidurarako nahiko zenituzke gauaren lurrinak gorde. Euren konpainia behar zenuke, euren ausentzia egiten hasi zaizun minaren berri emateko.
Etxera bidean zaude eta pentsatuko duzu ametsa ez zela hori, bakarrik igaro dituzulako atetzarrak eta bakarrik zaudelako amorearen zain eta ausentzia gehiegi pilatu zaizkizulako, etxerako bueltako motxilan. Ausentzia garrantzitsuegiak, ezinbestekoegiak, beti ausentzia izaten jarraitzeko.
Zatoz beldurrik gabe matti, gure ametsaren parte zara. Hormaz honaindi zeharkatuko ditugu ziegok, korridoreok, patiook eta atetzarrok, banan-bana denak etxera ekarri arte.
Zai gaude gu, kalean zehar, arropa ilunak, aurpegi xuriak ta ez, ez dugu xinixten, ez dugu xinixten, ez dugu xinixten!
Matte!