Eusko Legebiltzarraren aurrean Ganekorta Aurrerak egindako agerraldiaren balorazioa

ganeko-pegt-plafor-2012

Atzo, martxoak 21,  GANEKOGORTA AURRERA PLATAFORMAKO hiru kidek Eusko Legebiltzarreko Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Batzordearen aurrean agerraldia egin zuten bi helburu nagusi zituztelarik; lehenengoa, “Ganekogortako Parke Eolikoa” proiektuaren kontra egiteko plataforma honetan batu garen elkarteek, eragileek eta norbanakoek ditugun arrazoiak batzorde honi helarazteko eta bigarrena, zentral hau eta ingurumenean eragin zuzena duten beste instalazio asko ordezkatzeko, energia ekoizpenerako alternatibak ezagutzera emateko.

Plataformak aurkeztutako argudio guztiek ondorio honetara eramaten gaituzte; Administrazioa ez da serioa eta hutsune handiak ditu informazio-gardentasunari dagokionez, honako arrazoiengatik:

–              Eusko Legebiltzarraren akordioak ez dituzte bete.

–              2002ko maiatzaren 14ean onartutako LPS eolikoak ez dauka inolako baliorik ezta

            jadanekotasunik ere.

–              Ganekogortan eragina duten hiru LPPen ( Laudio, Bilbo Metropolitanoa eta Balmaseda-Zalla) artean kontraesan ugari topa daitezke.

–               “Paktu Eolikoa” delakoak ez du balio legalik Legebiltzarrak onartutako (2009ko ekainaren 18an) ez-legezko proposamenaren eskaerak betetzen ez dituelako eta Ingurumen-Inpaktu Ikerketarik ez duelako eta gainera, ez dauka inolako balio juridikorik.

–              Ganekogotako proiektuaren inguruko dokumentuak lortzea, ingurumenean eragina daukaten proiektu guztiekin gertatzen den bezala, ez da batere erreza.

–              Alegazioak aurkezteko epeak laburrak eta aldaezinak dira eta ondoren, Industria eta Ingurumen Sailek ez dituzte alegazio hauek erantzuten eta ez dituzte interesdunak informatzen.

–              Eusko Jaurlaritzak ECOEUSKADI 2020an zehaztutako helburuak ez ditu betetzen.

                 Azkenik, plataformakoek batzordekideei gogorazi nahi izan genien Pagasarri-Ganekogorta Mendiguneak ingurumen balio ugari dituela eta babestutako zenbait eremu naturalen arteko konexioan ezinbestekoa dela. Arrazoi hauengatik, German Alonsori, Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitate Buruari, zonalde hau Batasunerako Garrantzizko Lekutzat (LIC) hartzeko, ondoren Kontserbazio Bereziko Eremua (ZEC) bilakatzeko, eskatu genion, hau da,  Natura 2000 Sarean sartzeko.

                 Agerraldia honetan izan ziren alderdi politiko guztiek (Aralar, PP, PNV/EAJ), PSEa izan ezik, galderak egiteko bakoitzari zegokion denbora alde batetik, plataformako kideek egin genuen agerraldia goraipatzeko erabili zuten eta beste aldetik, guk aurkeztutako arrazoi guztiekin bat zetozela esateko, haientzako garrantzi handiagoa zituzten alderdi batzuk nabarmenduz. PSEko ordezkariak berriz, gure argudioei balioa kendu nahian ibili zen,  arrakasta handirik gabe, honako puntuetan oinarrituz:

 –              Proiektua oraindik ez dute onartu beraz, ezin dugu gizarte mailan alarma sortu.

–              2002ko LPSa oraindik indarrean dago, oraindik ere berria egina  ez dagoelako.

–              Eusko Jaurlaritzak ez-legezko proposamenak bere baitan zituen lau puntuak bete ditu, baita instituzioen arteko eta gizartearen arteko hitzarmena lortu arte, zentral eoliko guztiak gelditzeko eskatzen zuena ere, hau Paktu Eolikoari esker bete du eta.

–              Ingurumen eta Industria Sailek alegazio guztiei erantzuna emango diete.

–              Dokumentuak lortzeko prozedura berbera da mundu guztiarentzat, kolektibo zehatzei ez dizkiete trabarik jartzen.

                 Hau guztiari guk erantzun zehatza eman genion, inolako eztabaida sortu gabe, alderdi sozialistaren ordezkariak aurkeztutako argudio guztiak bertan behera utzi zituzten adibideak erabiliz. Honekin batera, guk lege kontuetan adituak ez garela argi eta garbi utzi nahi izan genien eta ez dauzkagula guretzat lan egiten duen aholkularirik, ingurumena orokorrean eta mendi hau zehazki maite dugun pertsona taldea garela gu eta legebiltzarreraino ailegatu behar izan garela gure auzia defendatzera, nahiz eta hau gure instituzioen lana izan.

                 Hala eta guztiz ere, alderdi honek izandako jarrerak ez gintuen ez gu ezta bertan zeuden beste politikariak harritu, izan ere PSEa da gaur egun, bere sail desberdinen bidez  proiektu hau eta ingurumenarekin erlazionatutako beste asko onartzeko ardura daukana. Baina kasu honek badauka berezitasun bat, PSEa zentral eolikoa aurrera eramateko borrokan bakar-bakarrik geratu dela. 

                 Hau guztiagatik, Ganekogorta Aurrera Plataformak Eusko Jaurlaritzari eta bertan parte hartzen duten alderdi politiko guztiei gogoeta bat egiteko eskatzen diegu eta proiektu hau euskal instituzioetan daukaten boterea islatzeko ez erabiltzeko.

                 Azkenik, plataformaren mezu argia gogorarazi nahi dugu, nahiz eta batzuek ulertu nahi ez duten arren: ENERGIA EOLIKOAREN ZENTZUZKO ERABILERARENGATIK. ENERGIA  EOLIKOA BAI, BAINA HORRELA EZ.

  

GANEKORTA AURRERA PLATAFORMA

Bilbon, 2012ko martxoaren 22an

Gune Naturalak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude