Jonan Fernandezi gutuna

Jonan Fernandezi gutuna –

Jonan maitea,

ETAri buruzko artikulu bat idatzi nuen gaurko zure gutun honen lekuan argitaratzeko, baina abokatuek esan didate, hura argitaratu ezkero, segurra dela Entzutegi Nazionaleko deia. Honez gero badakizu koldarra naizela polizia, atxiloketa eta tribunal kontu horietan. Beraz, legea ezagutzen dutenei kasu egin eta ez argitaratzea erabaki dut. Gainera, ZuZeuri ere kalteak ekarriko omen lizkioke eta Jainkoak libra nazala gure orainkari maiteari ezer txarrik egitetik.

ETA niretzat eta nire belaunaldikoentzat zer izan den aitortzea

Gaia aspaldi neukan buru barruan burrunbaka, erle bat bailitzan, eta ikaragarrizko libratua hartu nuen artikulua amaitutakoan. Nahikoa gustura geratu nintzen, egia esan. Memoria eta errelatoa osatzen ari garen honetan, interesgarria iruditzen zitzaidan ETA niretzat eta nire belaunaldikoentzat zer izan den aitortzea. Gu jaio ginenean jaio zen erakunde armatua eta oraindik bizi gara, bai ETA eta bai gu. Nolabait esateko, gure heziketa sentimetal eta politikoa ez dagoela ulertzerik ETArik gabe. Horixe mezurik handiena. Badakizu zertaz ari naizen, ez da? Gainera, artikuluan aipatzen ez banuen ere, iruditzen zitzaidan ETAk 101. Zutabe buletinean duela hamabi urte nitaz esandakoak eta gero, ezin nintekeela izan ETAren aldeko susmagarri inorentzat, balio erantsi moduko bat emango ziola horrek nire aitortzari.

Frankenstein - Jonan Fernandezi gutunaLuze joan zitzaidan idazte lana, behin eta berriz gainbegiratu eta orraztuĀ  nituen letrak, jakinaren gainean, bai ETAren aldekoek eta bai beste aldekoek, mikroskopioz begiratuko zutela hitzetako bakoitza. Funtsean, munstro guztiak bezala, ETA poliedrikoa dela nioen , eta poliedro horretako aurpegi guztiak ez direla berdinak. Horregatik hautatu nuen Frankesteinen argazkia artikulua ilustratzeko, hemenĀ  ere itsasten dizudan berau.

Abiapuntuan, laino artean galduta neukan Joseba ZulaikarenĀ  liburu hura ukan nuen eta, esan bezala, gustura geratu nintzen amaitutakoan, autozentsura dosi haundi xamar bat erabili arren, nahikoa argi ulertzen zen adierazi nahi nuena eta forma aldetik ere txukun xamarra iruditu zitzaidan.

Nolabait esateko, ETAren “alde onak” aipatzen nituen, pentsatuz, memoria osatu behar omen den honetan -omen dugun honetan-, garrantzizkoa dela zintzoki eta osorik egitea lan hori, bere kontraesan guztiak barne direlarik. Baina, bai zera, abokatuek diote ezin dela argitaratu arazorik nahi ez bada. Galdegin diet ea zerbait apurtxo bat aldatuta erremediorik ba ote dagoen, baina ezetz esan didate, lehen hitzetik azkeneraino hartuko dutela delitutzat. Antza, terrorismoaren gorazarrerik ez dut bertan egiten, baina bai gaizkilearen defentsa deitzen den hobena. Arrotzak zaizkit zuzenbidearen kontuak, baina bide horretatik omen dabil aspaldion Entzutegi Nazionala sorginak ehizatzen.

Zuretzako gutun hau insomnioaren kume duzu

Txunditurik geratu naiz ezin argitaratuaren albistearekin. Gaizkile izan naitekeela pentsatze hutsak, loa kendu dit eta zuretzako gutun hau ere, insomnioaren kume duzu. Alabaina, bada kontu bat hori baino gehiago aztoratu nauena eta da zein gizarte demoniotan bizi garen pentsatzea baldin eta ezin badut nire memoriaren kontakizuna argitaratu. Zer da hau? Azkenean Peru Iparragirrek ote du arrazoi?: mina ulertzea ilegala da.

Iruditu zait gauza ezin zitekeela bere horretan geratu eta zuri idaztea erabaki dut. Zuzentzen duzun Memoriaren Institutu horrek jakin behar baitu gauzak nola dauden. Eta errepide beretsuetan ibiltzen garenez gora eta behera, pentsatu dut gasolindegiren batean topo egiten dugunerako, autoan eramango dudala artikulua paperean inprimatuta zuri emateko. Charlie Hebdo aldizkari baten orri artean eramango dut disimulatuta, Guardia Zibilak kontrolen batean harrapatu eta preso eraman ez nazan.

Gasolinaren tutua eskuan dugula, inor begira ez dagoenean, droga-papelina bat bailitzan pasatuko dizut ezkutuan eta presaka, Sarrik bezala esanez: “zaindariak paper bila dabiltza ertzetan, erdu eta to zuretzat, gorde itzazu galtzetan”. Iruditzen baitzait, inoiz adierazpen askatasunik bada, garrantzizkoa izan daitekeela puzzlearen nire piezatxoa, bai, behintzat, denon memoria eta osorik nahi baduzue osatu zuen etxe horretan.

Hori bai, zuk erabaki beharko duzu kaxafuertean gorde ala komunetik behera bota, baina argitaratu ez ezazula egin, ez baduzu zeuk ere amaitu nahi Entzutegi Nazionalean.

Segi pizkor.

Jonan Fernandezi gutuna

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

3 pentsamendu “Jonan Fernandezi gutuna”-ri buruz

  • Itziar Biteri 2015-10-01 21:11

    Ba niri gustatuko litzaideke artikulu hori irakurtzea. zrer egin daiteke lortzeko?

  • Baita nik ere. Ez ditu Julen Madariagak Egiari Zor liburuan esandakoak aise gaindituko. Eta nik dakidala Madariaga lasai asko dabil.

  • Bittor Hidalgo 2016-01-02 14:53

    Orain irakurri ditut artikulu hau eta Hasierren azaroko ‘ETAri buruz ezin da ezer onik’ esan. Ikara handia sortu dit niri ere Hasierrek ezin argitaratu izana bere hasierako artikulua beldur huts ondo fundamentatuz.

    Ez dakit zer esaten duen artikuluak, baina seguru asko ez da oso urruti ibiliko Euskal Herrian askok pentsatu eta pentsatzen dugunetik.

    Eta diferentziak ikaragarriak ez balitez behintzat, ni prest nengoke halakoa ere taldean, talde handian sinatzeko. Bada hilabete eta erdi artikulu hau argitaratu zenetik, baina ondo legoke halako probokazioak ateratzea 200 lagunek sinatuak, 500 lagunek… Ni prest nengoke.

    Besterik?

    Solidaritatea eta babesa Hasierri (ere)?

    Ondo izan

    Bittor