Baquea debekatzen

Baquea debekatzen

Relatoaren garaian ezin dira pertsona jakin batzuk omendu. Legez kanpokoa da.

Historia legala kontatu nahi baduzu mikrofonoa jarriko dizute (telebistan ateratzeko), “beste” historia kontatu nahi baduzu, ordea, eskuburdinez lotu, epaitu, kondenatuko zaituzte. Normala da relatoa gailentzea, normala da legez izan behar duen bezala kontatzea errealitatea.

pax - baquea debekatzenBaina beraiek ez dute hori esaten, ez. Beraiek esaten dute: “Ezin duzue terrorista bat (talde terrorista bat, ekintza terrorista bat) omendu”. Hain erraza da, nola ez ulertu? Gure Bakearen Idazkari Jaunak, hala ere, dio: “erabat ezberdina da indarkeriaren biktima baten sufrimendu bidegabea gogoratzea edo pertsona batek indarkerian egindako militantzia omentzea”. Ze, noski, ez dauka inolako zerikusirik pertsona horren sufrimendu bidegabeak bere militantziarekin.

Hemen euria ari duenean gomazko pilotak erortzen dira.

Badirudi Otxandioko gazteak “aske” utzi dituztela, irudi dakiguke berri on bat, preso ez dagoena libre baita, baina ez dugu ahaztu behar hamabost egunean behin epaitegira azaldu behar direla, beraien izenak egunkari orotan azaldu direla… Gauza bat argi dago: Bakea ez da existitzen, ez zapalduarentzat.

Memoria funtsezkoa da. Ezin gogoratzeak ezinegona areagotu besterik ez du egiten. Pax romana ezartzen jarraitu nahi dute, demokratikoki, nola ez, zuzenbide estatuaren makinaria erabiliz, noski. Bitartean, bakeaz dihardute baina bakea ez da existitzen, libreki hitz egin ezin daitekeen artean.

Hasieran, gatazkarik ez zegoela esaten zuten, orain gatazka bukatu dela. Biktimak ez dira albo kalteak, gatazka honen ondorio dira, gatazka honen parte dira. Gatazka ezin da xake partida baten gisan ulertu, korapilatsua da, denok harrapatzen gaitu bere hatzen artean. Mina zerbait erreala da, ez da ahaztu edo ezabatu daitekeen zerbait. Mina ulertu egin behar da, ulertzeko hitz egin behar da, idatzi egin behar da, irakurri. Behar bat daukat, mina ulertzea eta ilegala da, kafeari ere Baqué deitzen zaio baina bakea ez da existitzen, bakea debekatzen jarraitzen dutelako.

baquea debekatzen