Jolasteko pausa
Jolasteko pausa
Ez naiz munduko pertsona lanpetuena izango, hori ziur, baina egun batzuk luze samarrak suertatzen ari zaizkit azken aldian. Lana, etxeko ardurak eta militantziak ordu gutxi uzten dizkidate egun batzuetan sudurraren puntan jartzen zaidana egiteko, militatzea sudurraren puntan jarri zaidan zerbait izan arren ardura ere badelako, eta alderantziz; beharrezkoa.
Kontua da herenegun egun horietako bat izan zela. Goizean lana, bazkaria prestatu, bazkaldu, ondoren etxeko lanak… Tartean anaiaren etxetik pasa nintzen arropa garbiak itzultzera. Garbigailu bakarrak ia ezin du kudeatu lau lagunen arropa zikina horietako bi umeak badira.
Arropak itzuli eta ilobei muxu azkar bat eman ostean martxan jarraitzeko asmoa neukan. Orduan nire iloba zaharrena, lau urtekoa, ni imitatzen hasi zen, ordenagailuaren zorroarekin egongelaren alde batera eta bestera korrika txikian, besoa Supermanek hegan ari denean hartzen duen posturarekin (hori nik ez dut egiten, e!). Barregura eman zidan, eta aldi berean arnasa hartzeko gogoa ere bai.
Ilobarekin eseri eta tarte luze bat pasa genuen jolasean, erdi borrokan aurrena eta komiki bateko irudiei begira ondoren, kontu kontari. Osaba ikuspuntutik, batzuetan umeak bakea eta lasaitasuna ematen didate, eguneroko martxa azkar horretan semaforo gorri baten modukoak direla. Lasaitasuna. Eguneroko estres eta martxa horretan ni neu ere ume bilakatzeko aukera ematen didate; eta badakit anaia iritzi berekoa dela.
Jolasteko pausa