Jokoa ez da errenta

Jokoa ez da errenta –

Jokoa ez da errenta

Azken urteotan apustu etxeen kopuruak gora egin du nabarmen. Iruñea eta Iruñerria ez da salbuespena izan. Argitxo dirdiratsuen eta keinukarien atzean, langileen eta herri xehearen dirua eskuratzeko tresna arriskutsuak ezkutatzen dira. Ez da kasualitatea, beraz, apustu etxeak batez ere auzoetan eta langile -herrietan ugaritzea. Izan ere, negozio hauen eragina menpekotasunetik haratago doa, apustuen munduan murgildu, errealitatetik urrundu eta gure eguneroko arazoen aurrean axolagabe mantentzen gaitu; estu-estu lotuta dauden bi kontuak.

Eta inork ez dezala bere burua engaina, negozio honetan bankak beti irabazten du, eta bezeroak, galdu. Diru kantitate itzelak mugitzen dituzten negozioak izanik, aurpegi atsegin eta abegitsu bat erakusten digute iragarkien bidez, ludopatiaren errealitate beltza zuritzeko xedez eta helburuz. Ez du ematen ezer txarrik e(ra)giten dutenik… Horretan datza, hain zuzen ere, euren arriskua.

Jokoa ez da sekula errenta izan Euskal Herrian: zenbat baserri, zenbat hazienda eta zenbat adiskidetasun hautsi dituen jokoak, eta esaera zahar batek argi biltzen du arbasoen ezagutza handia: “Jokoa_ez da errenta”.

Berriozarren bigarren apustu-etxe bat zabaltzen ari dira. Horregatik larunbatean, urtarrilaren 18an, 5etan, apustu-etxeen aurkako mobilizazioa eginen da. Euskal Herria irratiko entzule guztiak gonbidatuta zaudete.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko urtarrilaren 14koa]

Jokoa ez da errenta

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Ingeles irakaslea —erretreta hartuta baina ez erretiratuta— poeta, idazlea eta artikulugilea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, bertzeak bertze, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria eta Atarrabiako Petri saria. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), Aingurak eta Arrangurak (Pamiela, 2018) eta Hitzen hasperenak (Maiatz, 2019). Zuihitsua saikaera da bere azken liburua (Dakit, 2022. Ohiko kolaboratzailea Euskalerria Irratian, Maiatz aldizkarian eta baita Hatsa olerki bilduman ere. Artikuluak ere, berrehun baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Noriko Matsui-ren How to perform kamishibai eta Ryookanen 101 haikuak liburuen itzultzailea da, eta, orobat, euskarara itzuli ditu Idea Vilariño, Wislawa Szymborska, Paco Urondo, Joan Margarit eta Ernest Hemingway-en poemak, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (2010-2014) eta Nafar Ateneoaren Euskara eleduna (2017-2020) izan da.