Joan Lakotza itsasgizon eta kartografo handia

Joan Lakotza itsasgizon eta kartografo handia –

Euskal Herria beti izan da marinel eta itsasgizonen habia. Gure arbasoak itsasoak zeharkatzen eta lur berrien bila ibili ziren maiz. Horietako bat dugu Joan Lakotza edo de Lakotza, erdal testuetan, de La Cosa moduan idatzi izan dutena, nabigatzaile eta kosmografo handia izan zena.

Joan Lakotza itsasgizon eta kartografo handia

Joan Lakotzaren nondik norakoak

Joan Lakotza (erdaraz de la Cosa) itsasgizon euskalduna zen, garaian “bizkaitarra”, hau da, euskalduna, deitu izan zutena. Horrela deitu zioten Bartolome del as Casas, Humboldt, Navarrete, Douro, W. Irwing… eta beste zenbait idazle eta kronistak. Esteban Garibaik, hamarkada batzuk berantago, bere egiazko abizena de Lakotza zela argi utzi zuen. Abizen hau Enkarterrietakoa da, eta gogora ekarri behar dugu, Castro Urdiales, Laredo, Santoña… eta Ajo lurmuturraren bitarteko lurralde guztiak enkartatuak zirela, hau da, Bizkaiko Jaurerrikoak, XV. mendeko bukaera arte. Aipatu lurraldeetan erabili izan zen Lakotza deitura edota geroago de la Cosa erdaldundua.

Iduriz, 1450 eta 1460 urteen artean sortu zen, herri enkartatu batean. Batzuek Castro Urdialesekoa zela diote, besteek Santoñakoa, baina zehazki ezin dugu deus garbi erran. Gaur egun, historialari gehienek Santoñako zela diote, baina proba handirik eman gabe. Badirudi, Santoñan bizi izan zela zenbait urtez emaztearekin batera, eta Santoñan baziren dela Cosa (euskal toponimoaren erdal aldaera) abizeneko familiak, hori dela eta, Joan horietako bat izan zitekeela ondorioztatzen dute.

Garaiko testuetan agertzen denez, Joan Lakotzak merkantziak garraiatzen zituen Kantauri itsasoan hasieran eta gerora Afrikako eta Europako kostaldeen artean. Horretarako bazuen itsasontzi bat, Mari Galanta izena zuena. Gerora, Ameriketarako lehen bidaian Kristobal Kolonek  Santa Maria izenaz birbataiatu zuen aipatu ontzia.

Joan Lakotza itsasgizon eta kartografo handia
Joan Lakotza eta Mari Galanta itsasontzia.

.

Joan Lakotzaren itsas ibilaldiak

1492an parte hartu zuen Kolonen lehen bidaian bere ontziarekin. Urte bereko abenduaren 24an, itsasontzia hondoratu zen Haitiko kostaldean. Kolonek Lakotzari leporatu zion naufragioaren errua, eta orduz geroztik bien arteko harremanak oso txarrak izan ziren. Ez dirudi, Kolonek zuzen jokatu zuenik Lakotzari ontziaren galera leporatzean, Gaztelako erreginak, de Lakotzaren izena goraipatuz, dirua eman baitzion bizkaitarrari galdutako ontziaren ordain gisa.

1493tik 1496ra parte hartu zuen Kolonen bigarren bidaian, eta iduriz, kartografo ofizialetako bat izan zen aipatu itsas ibilaldian. Kubako itsas bazterrak zehatz-mehatz aztertu zituen.

Ez dago bat ere garbi Joan Lakotzak parte hartu ote zuen Kolonen hirugarren bidaian (1498-1500), baina Bartolome de las Casas-ek idatzirik utzi zuen Joan Lakotzak Kolonen bidaia guztietan parte hartu zuela. Jesus Varela Marcos historialariaren ustez, Joan Lakotzak partu hartu zuen hirugarren bidaian, baina Kolon baino lehenago itzuli zen Europara.

1509an Gaztelako erregeak espedizio bat antolatu zuen Ameriketako lurraldeetara, baina oraingoan, Kolon baztertu nahian, Alonso de Ojeda bidali zuen kapitain gisa. Harekin batera joan zen Joan Lakotza, pilotu nagusi eta kartografo gisa. Orinoko ibaiaren bokalea eta Karibeko kostaldeak aztertu zituzten, gaurko Kolonbiako lurraldeetara iritsiz. Han zeudela, bertako biztanleek eraso egin zieten eta Lakotza gezi pozoituez zuten zauritu. Horren ondorioz hil zen 1510eko otsailaren 28an. Gaztelako erregeak 45.000 marabediz saritu zuen Lakotzaren alarguntsa, senar zenduaren zerbitzuak ordaindu nahian.

Joan Lakotzaren heriotza.

.

Joan Lakuntzaren mapamundia

Ameriketara egindako bidaietan Joan Lakuntzak datu asko bildu zituen eta horiei jarraiki egin zuen 1502. urtean bere mapamundi famatua, garaiko lan kartografiko handiena izan zena. Gaur Madrileko Nabigazio Museoan erakusgai dago. Jakin badakigu Joan Lakotzak beste mapak ere egin zituela, baina tamalez gaur ez ditugu ezagutzen.

Aipatu mapamundian Amerika agertzen da lehen aldiz, Antilletatik Amazonas ibairainoko kostalde guztiak ongi erakutsiz.  Kuba uharte gisa azaltzen da lehen aldiz, Kristobal Kolonen iritziaren kontra eginez, eta Venezuela izena erabiltzen du, ordura arte lehen aldiz.

Joan Lakotza izan zen bere garaiko itsasgizon eta kartografo handienetako bat, orduko europar historialari eta kronistek garbi adierazi zuten bezala. Goian bego euskal marinel handia!

Joan Lakotza itsasgizon eta kartografo handia
Joan Lakotzaren mapamundia. 1502.

Joan Lakotza itsasgizon eta kartografo handia

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude