Itzuli bat obretako kono laranjaz
Euskal Herriko Txirrindulari Itzuliaz egin gura dogu berba, gezurra ematen badau bere, obretako kono laranjaz zedarritu dabena.
Bilbotik Aiarako bidean abiada bizian dabiltza txirrindulariak, eta eguraldi aparta lagun, jende mordoa dago bide bazterretan; zaletasun galanta dago-eta. Michael Matthews australiarra izan da orain arteko txirrindulari bizkorrena, baina Bilbora heltzean Kale Nagusiko helmugea baino 300 metro lehenago jazo zan istripuari buruz berba egitera gatoz. Erorikoaren arrazoia ezagutu dogu, ondorengo irudian ikusi daikezuenez (arg: @MunTxaber).
Arau eta galarazpenez jositako Bilbon ez da metalezko hesirik egon kamino hertzetako mutiloiengandik txirrindulariak babesteko. Kolore guztietako poliziaz beteriko Bilbon ez da udaltzain bat bide bazterrean banderatxo batekin, txirrindulariak mutiloiengandik distantzia egoki batera mantentzeko. Goi diseinuzko Bilbon, ez dabez mutiloiak trabatik kendu, txirrindulariei helmugarako bidea garbitzeko. Munduko erdigune nahi dogun Bilbon, obretako kono laranjez mutiloiak estaltzea baino burutazio hoberik ez dabe izan oztopoen barri emoteko.
Irudiak barregura eragingo leuke ateraldiaren erruz istripua jazo ez balitz eta zanpatekoaren ondorioz bost txirrindularik tatarrez amaitu ez balebe. Ez dira-eta Aste Santuko oporretan hoteletik atera eta hirian zehar bizikleta txangoa egitera doazen turistak, txirrindulari profesionalak baino!
Erorikoan min hartu dabenen artean dira eskuin eskuko atzamar lodia apurtuta daben Adam Yates (OGE) eta ezker lepauztaiko muturreko distala apurtuta daben Nicolas Edet (COF) txirrindulariek lasterketa bukatzea lortu eben, baina derrepente Basurtoko ospitalera eraman ebezan. Peter Stetinak (BMC) eskuin belaunburua apurtuta dau eta tibian arazoak dauz; Basurtuko ospitalera eraman eben hau bere. Sergio Pardillak (CJR), amaitzeko, buruan kolpe bat jaso eban eta aparte ezker eskuko eskumuturra apurtuta dau. Gurutzetako ospitalera eraman behar izan eben; ez da broma gero. Movistar taldeko José Herradak barriz, jausi arren ez zan erorikoan zauritu eta lasterketan da.
Caja Rural-Seguros RGA-ko Carlos Barbero txirrindulariak txio batean argi eta garbi esan daben lez, “60 kilometro orduko abiaduran eta bihotza minutuko 190 taupadan dozula, kono bat ez da nahikoa”.
* Lampre Meridako taldeko Filippo Pozzato txirrindulari monakoarrak, Itzuliko lehian ez badago bere, bideoa eskegi dau Twitter-en, eta txirrindularien bizitzea arriskuan ipini dabela salatu.