Euskararen ajeak

Sarrera honen izenburuak, dudarik gabe, Ibon Sarasolaren  EUSKARA BATUAREN AJEAK bikain hura ekarriko dizu gogora. Arrazoiarekin, gainera, mugarri izan baitzen euskararen inguruko hainbat kezka plazaratzeko.

Bide beretik, Euskaltzaindian ere bada JAGON SAILA, eta bertan lanean Joxe Ramon Zubimendi, betiere euskararen jatortasunari begira. Argi uzten ditu bere lanean euskara zuzena eta egokia ez direla gauza bera. Baina Zubimendik barkatzen badit, gogoeta hori Kike Amonarriz, Andoni Egaña eta Joxerra Gartziak egin zuten lan haren ostetik piztu zitzaidan niri, batez ere.

Kontua da, zenbat eta zahartzenago, orduan eta gaitzago hartzen ditudala euskararen baitan ikusten ditudan ajeak. Esate baterako, lehengo batean Celio denda baten erakusleihoan zegoen honako hauxe:

konatxe cc-by

Nondik hasi gauzak adierazten? Zer egin, dendan sartu eta akatsaz ohartarazi ala, milagarrenez, pasatzen utzi? Zenbat halako, ia egunero…

Idazten eta hedabideetan dihardugunetako askok eta askok,  hizkuntzarekiko kezka hori dugu eta, hala ere, sarri egiten ditugu hanka sartzeak edo gauza desegokiak. Neurri handi batean, geu gara hizkuntzaren baitan txertatuta geratzen den hainbat eta hainbat kontu desegokiren erantzuleak.

Pentsatzen jarri gabe, gogora datozkit horietako batzuk, esate baterako, SUPOSATU aditz madarikatu hori, batere bere beharrik gabe, ia edonon eta edonoiz erabiltzen duguna. Modan jarri zuen baten batek eta kito, hortxe dago betiko, pentsatu, iritzi, ekarri… eta hainbat aditzen lekua bere hots zatarraz betetzen.

Zenbat halako?

Horretarakoa nahi nuke sarrera hau, euskararekiko arretaz bizi garenoi zerk ematen digun min jakiteko edo, bederen, zerrenda bat egiten hasteko.

Zer ez dugun egoki ikusten, zer egiten zaigun oker edo arrotz, zer galtzeak edo itsasteak ematen digun beldur… Finean, hizkuntzaren inguruko geure obsesiotxoak zerrendatzen hastea proposatzen dut, jolas modura bada ere.

Baimena ematen badidazu, neu hasiko naiz azkenaldion asko baino gehiago kezkatzen nauen kontu batekin. Gero, nahi baduzu, segi zeuk zeureak kontatzen iruzkin bakoitzean bakarra kontatuz.

 

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

50 pentsamendu “Euskararen ajeak”-ri buruz

  • MUGAGABEAREN KONTUA.
    Bihurtu, bilakatu, egin… horiek guztiek mugagabeA eskatzen badute ere, (UMEA GIZON EGIN ZEN,; LANDAREAK ZUHAITZ EGIN ZIREN…), pentsatzen hasita nago betiko galduko dela hori, izan ere noiznahi entzuten da HAUNDIAK EGIN GINEN, edo oraintxe esku artean dudan eleberrian irakurri bezala, BEJETARIANOAK BIHURTU GINEN. Jai daukagu kontu horrekin. Zoritxarrez.

    • Arrasti on

      Asteburu honetan lagun filologo batzuekin oporretan egon naiz eta zeure moduko artikulu bat idazteko asmoa nuela esan nien. Ez naiz kalitatearekin ardura duen bakarra, behintzat.

      Goazen mamira: neu ederakada batzuek obsesionatzen naute.

      Adibide bat:

      – Jon, deitu nauzu?

      – Bai, zen komentatzeko berandu helduko naizela (“Sí, era para decirte que iba a llegar tarde”).

      Beste adibide bat:”gero egoten gara” (luego estamos) madarikatu hori, “gero egongo gara” esan beharrean entzuten duguna.

      Baina tira, nik ere halakoak egin ditut, askotan zaila baita euskarazko erreferente onak aurkitzea, erregistro informaletan bide batez.

      • Baina uste al duzu “gero egongo gara” euskara dela? Esaera horrek ez du deus esan nahi Ipar Euskal Herrian, ez da ukertzen. Ba aldakizu zergatik?

        • être = egon/ izan?

          • Jon;
            “gero egongo gara” espainierazko “luego estamos” edo horrelakoren baten kalkoa da. Elkartuko gara edo horrelako zerbait beharko luke. “Estar”, zentzu berezi horretan, espainiarrek erabil dezatela nahi badute, baina Euskal Herri osoan, Ipar eta Hego, elkartu hitza erabiltzen da. “Etre”, frantses aditzak ez du adiera hori eta ondorioz Ipar Euskalherritar batek (espainiera ez badaki) ez du “gero egongo gara” esaldia ulertzen.

        • Hegoalde eta Iparraldearen arteko komunikazioan badugu zer egin, gaztelania eta frantsesaren eraginez bi mintzaerak gero eta gehiago bereizten omen dira, bi irtenbide daude: Mintzaera indartsua beste mintzaeran eragitea edo bi mintzaeren arteko ulermena sortzeko formulak garatzea.

  • ZEBA
    ZEBA egin duzu hori? ZEBA ez zara ezkontzen? ZEBA aldatu duzu etxea?…

    • Hori hizkuntzaren ekonomizazioa da. Kaleko euskeran guztiz erabilgarria

  • Orri honetan bertako NOLA ZAUDE? arrotza egiten zait. Zer moduz ez al da jatorragoa? Nola zaude kalko hutsa iruditzen zait.

    Baina hainbeste irakurtzen diren SOZIAL, FISKAL, etabarrek ere min handia ematen didate. Sare sozial ala gizarte sare? Zigor fiskal ala zerga zigor?

  • Nik uste aditzaren erabileran izugarrizko nahaspila daukagula: ‘ gero esaten dizut, bale? ‘ ta antzekoak.
    ‘Suposatu’ aditzak ez al du islatzen bizitzen ari garen garai honetako ziurtasun falta eta erlatibismoa ? Alegia, suposatzen dut, baino ziur ere ez dakit! Barrokoan gertatu zen bezala.
    Badakit hau bukatu eta segituan akordatuko naizela adibide askorekin.

  • Izurritea baino arinago hedatzen ari dena: ‘eskerrik’. Hizketan ere alferrak.

  • Niri ba, hemen agertzen den argazkiak poza ematen dit. Eta iruzkinetan agertzen diren adibideek ere bai. Euskara erabilita akatsak egiten dira, eta hemen agertutakoak ez zaizkit hain larriak iruditzen.
    Beste gauza bat da ahoz esaten diren batzuk testu formaletan idaztea.

  • Barkatu, baina galderatxo bat. Zein litzateke “2 galtza 69-gatik” horren ordezko egokia?

    • Nik uste dut “69€ren truke” nahiko zukeela ikusi Hasierrek “69€gatik” horren tokian; 69€gatik hori gaztelerazko “por 69€” esamoldearen kalko hutsa delakoan.
      Hala ere, niri, Naparroanek esan bezala, argazki horrek poza ematen dit, arropa denda kate bateko denda batean euskarazko kartelak jartzea beraientzat onuragarria dela iruditu zaielako dendakoei; euskara, bere ajeez gaindi, bizi den seinale.

      • Garrantzitsuena hitzegitea da, ongi hitzegitea baino. Hori bai, telebistan, irratian eta euskararen hedapenean erreferente direnek euskara jatorra erabili beharko lukete.

      • Baina “69€ren truke” ez al da “a cambio de 69€”? XIX. mendeko estiloan hitz egiten jarraitu behar al dugu?

  • Kalko gehiago:
    Min niri “Ezin dut telefonoz hitz egin, GIDATZEN NAGO.” eta horrelakoak entzuteak ematen dit “Ezin dut telefonoz hitz egin, GIDATZEN ARI NAIZ.”-en tokian. Adibide hoberik ez zait bururatu.

  • Oraintxe Euskadi Irratian entzunda: “Israelen helburua HamasEKIN amaitzea zen”.
    Zer nahi ote zuten elkarrekin amaitu? Dantza bat, autopista bat… Gaupasa bat?

  • Nondik eta non kasuak nahasteak ematen dit min: kaletik ikusi dut, menditik dabil, plazatik egon gara… Guztietan NON behar luke, baina alferrik da. Oso zabalduta dago eta Atxagak berak ere gaizki darabil.

  • Gipuzkoarren batek dezuTE esaten duen bakoitzean katutxo bat itotzen da Urumeako uretan

  • GauzeTAZ mintzatu gara, futbolaTAZ hitz egin dugu, autobuseTAZ asko daki… Ezetz, koño!, horrelakoak izen `propioekin eta izenordeekin bakarrik: nitaz, zutaz, Koldotaz, Mirenetaz…

  • Dida BATEAN egin dugu= Lo hemos hecho en un ti ta.
    Esaldi horrek ez al du behar BATEAN gabe? Dida egin dugu, eta kito.

  • Euskadi Irratiko esatariren batek ADA edo KADAren lekuan, -DIZO atzizkia erabiltzen duen bakoitzean (bistaDIZO, tiraDIZO…) gaztelaniazko moveDIZO, escurriDIZO.. hitzetan bezala, aingerutxo bat itotzen da Oria ibaiko uretan.

    • Neronek bistadizoa ematen dut egunero, ea zer dakarren. Hik ez al duk hala egiten?

  • Aberastu nahi baduzu, esan norbaiti euro bat emateko Maialen Iriartek EDOZEIN KASUTAN esaten duen bakoitzean (NOLANAHI DEN, NOLANAHI ERE DEN, DENA DELA, IZANAK IZAN…)

  • Ni, euskaldun berria izanda, ezin jasan erdarazko hitzak esaldiaren barean. Izenak edo adjektiboak balira, tira, baina «eske», «porke», «asike», «seguramente» eta halakoek negar egiteko gogoa pizten didate!

    • Ni ere euskaldun berria naiz eta horrelakoak ez ditut jasaten, tamalez niri ere gertatzen ei zait elekatzean hitzen bat ahaztea eta gaztelaniako hitza erabiltzen dut, baina badakit euskara eta gaztelania bi hizkuntza ezberdinak direla eta hainbeste entzuten diren “es que”, “igual”, “a ver”, eta abar saihesteko euskarazko hitzak badaudela.

      Hori ez zuzentzea nire ustez axolagabekeria hutsa da.

  • Uste dut txikikeriekin itotzen ari garela. Gaitz erdi hemen aipatu direnak balira dauzkagun arazo larrienak edo bakarrak.

    Edozein hiri edo herri handitako umeak eta nerabeak entzun itzazue euskaraz, eta konturatuko zarete euskarak, iraungo badu, oso modu negargarrian iraungo duela. (Eta ez esan herri txikietan ez dela gertatuko… gertatuko da, urte batzuk edo belaunaldi bat edo bi geroago… belarriak adi badituzue, konturatuko zineten honezkero).

  • Ba niri bakarrik izorratzen nau telebistako profesionalak gaizki hitzegiten dutenean, profesionalak diralako ta ordaintzen zaielako horregatik.
    Jende arruntarekin aldiz, berdin zaizkit akatsak, Euskaraz egiten badidate pozik.
    Gainera hau ez da Euskararen afera soilik, Ingeles, Frantsesa, Alemanierarekin…. berdin gertatzen da, ze ez da hizkuntza, hezkuntza baizik.
    Gaztelera baino hobeto egin dezagun eskatuko degu?

    Ta zuzentzen zaituzten era ere kontuan izan behar da,bestela hizlaria lotsatu daiteke ta Euskara ateratzen da galtzaile. Nik inor zuzentzekotan, berak gaizki errandakoa ondo erraten dut elkarrizketa berberan, besteari gaizki egin duen erran gabe

    Gehio izorratzen naute zuzentzen didaten hoietakoak nik Euskaraz ari naizenean, gehienetan bestea Gazteleraz erantzuten didatenean gainera, ta hori elkarrizketan hizlari guztiak Euskaldunak izanda.

  • Gipuzkoako herri txiki batean bizi naiz, eta, hala ere, nire semeak horrelakoak esaten ditu: si esan dizut, mugitu berandu dela, ikusi dizut, jolasten gera? denak menos ni, a ke berandu dela…

  • Ez da hil ala bizikoa, baina gaur bertan, Euskadi Irratian, eguraldi emaleak: “atzo baino bero gehiago egingo du gaur” esan du ordubeterero. Ez dio inork zuzendu ez dagoela bero gehiagorik, bakarra dela. Handiagoa, izatekotan.

  • Peru Dulantz 2015-04-16 18:48

    Eta “taberna honetan yiro ona dago” esaten dutenean? (Italiako Giroarekin nahastuta!) brrrr…..

  • Beurkotarra 2015-04-16 23:56

    Anetxu, neuk “jolasten dut” beti esan ohi dut; hala ere, Euskaltzaindiak dioenez jolasten gara, eta dantzatzen gara egokiagoak dira.Gazteleraz berba egiten dugunean bere akatsak egiten ditugu, baina inork ez dugu horrenbesteko kezkarik.

  • Gaur goizean Euskadi Irratian “ikusezinak” diren erdarakadak ugari: “gomazko piloTEKIN amaitu behar da”, “eskopetak beste tresna batzuENGATIK ordezkatu behar dira”… Eta horrela.

  • “Autobusak bihar eta berandu” bezalako esaldiak irakurtzea bai da kezkatzeko modukoa nire aburuz eta ez “2 galtza 69 eurogatik”. Guzti honek obsesionatuegiak gaudela demostratzen du. Euskararen kalitateari so gaude uno oro, benetan kezkatu beharko litzaigukena erabilera bera denean (generazio oso bat oraindik erdalduna da, hori da gure errealitate soziolinguistikoa, gustuko izan ala ez). Guzti honekin lortzen den gauza bakarra da jende askok euskara ez erabiltzea, hanka sartzeak egiterakoan “lotsatu” egiten delako, euskaldun berriak batez be.

  • Ainhotxu, lotsatu ala ez, jakin ezazu “benetan kezkatu beharko litzaigukena erabilera bera denean” esaldia, okerra dela. Nire ustez honela behar du: “benetan kezkatu beharko GINTUZKEENA erabilera bera denean”. Agian zuri ez, baina niri min egiten dit aditz sistemak nahastuta ikusteak.

    • Berdin pentsatzen jarraituko dut eta nire akatsak min eman badizu, hori zure arazoa da Garbiñe. Ni neska inperfektua naiz eta horrela izaten jarraitu nahi dut. Zulako pertsonen mentalitateak euskarari min handia egiten diote. Galdetu zeuen buruari ea zergatik jende askok ez duen euskara erabiltzen, agian zuen jarreraren eraginez ere bada. Badirudi ez daukazuela beste ezer egiteko besteen akatsak ateratzea baino, luparekin une oro. Benetan, ze astunak zareten!

  • Peru Dulantz 2015-04-22 17:52

    Aspertuta naukan beste gauza bat: “pixkatxo bat”… Bizkaian, arrunta izango da “apurtxu bat” esatea, baina gipuzkoan, txikitasuna adierazteko “pixka bat” edo “pixkat” esan da beti, sekula ere ez “pixkatxo bat”; belarriko mina ematen du…

    • Niri belarriko mina ematen dit “pixkatxo bat” aditzeak belarriko mina ematen diola erraten duen orok. Orohar, belarriko mina ematen dit bere txokoko euskara baizik ezagutu ez eta bertzeen euskara bertzelakoa gaitzesten duen ezjakin orok.

      • Peru Dulantz 2015-04-23 14:59

        Barkatu, baina oker zaude, eta gaizki interpretatu nauzu -eta epaitu- ezagutu gabe. “Pixkatxo bat” ez da inongoa, hibrido sortu berri bat baino ez. Bizkaitarrak ohituta daude “apurtxo bat” (apurtxu bet) esaten, eta batuaz saiatzen direnean, batua gipuzkerarekin identifikatzen dutenez (interpretazio okerra), “piskatxo bat” delako hori sortu dute. Inoiz inon esan ez dena, eta bai, belarriko mina ematen didana. Gero, eskola sistemaren bidez-eta asko zabaltzen ari den arren, soberako diminutiboa iruditzen zait, gehiegizkoa (imajinatu gaztelaniaz bat-batean jende guztia “poquitito” esaten hasten dela. Bada, gauza bera…, brrrrr!!).

  • Peru Dulantz 2015-04-24 10:10

    Tira, eskerrik asko.

  • Pertsona ezberdinak, nazio ezberdinak, aldizkari ezberdinak, ordezkari ezberdinak, … Badakigu klonlandian ez garela bizi ezta?

  • Oniriztea zer den ere ahaztu zaigu nonbait. Gaur dena da balorazio positiboa.