Itunpeko irakaskuntzan aldatu gabe geratu dena, LOMLOE eta guzti

 

Nafarroako 2021eko aurrekontuak eztabaidatzen diren bitartean, nire sindikatuaren izenean Arartekoari aurkeztu nion kexaren erantzuna jaso dut, eta horren aitzinean ari naiz idazten une honetan. Erantzun horren bidez bukatutzat jo du Arartekoak bere esku hartzea, ezin baitu oinarritu ebazpen bat balizko zergatietan, alegia, zergatik ez dioten igo soldata Itunpeko Irakaskuntzako pertsonalari %3,25 baino gehiago, baldin eta aurrekontuen 5/2020 Foru Legeak %4,5 igotzeko adinako funtsak onartu bazituen. Eskerrak Kontuen Ganberak gai hori 2021erako fiskalizazio-planean sartu duela, eta azkenean jakinen dugu nora joan den murrizturiko %1,25 hori.
Itunpeko irakaskuntzan aldatu gabe geratu dena, LOMLOE eta guzti

Izan ere, Kontuen Ganberak bere 2018ko txostenean Itunpeko Irakaskuntzari buruz zera erran zuen: “Irakasleek astean eman behar dituzten eskola-orduei dagokienez, ikastetxe publikoetan 20 ordu dira, eta itunpekoetan, 23; gainera, esparru publikoan, patioko zaintza-orduak eskola-ordutzat hartzen dira, eta itunpekoan, berriz, ez (…). Lansariei dagokienez, ikastetxe publikoetako irakasleen soldatak handiagoak dira, bai oinarrizko kontzeptuak, bai norberarenak” (ELAren kalkuluen arabera %18 txikiagoak dira gutxieneko antzinatasun bat duen pertsonalean). Patronalek eta haien babesle politiko, sindikal eta mediatikoek sare horren papera eta kostu txikiagoa nabarmendu zituzten orduko hartan, eta legea ere betetzen zela baieztatu zuten. Kontseilaria ados zegoen haiekin: kontrol eta gardentasun handiagoa zegoen 2017ko itunpekoaren akordioaz geroztik (ELAk ez zuen akordio hura sinatu lan-baldintzetan atzerakoia zelako). Baina egia osoa errateko, Kontuen Ganberak, bere orduko txostenean, hauxe gehitu zuen: “aldaketa batzuk hasita badaude ere (…) ez dugu ikusi oraindik benetan aplikatu direnik; hori dela-eta, ezin dugu adierazi kontrola egokia denik”, eta horretarako berariazko atal bat eratzea gomendatu zuen. Badago ordu-kopuru bat, COVIDekoak ere barne harturik, zeinaren erabiltzaileak nor diren erabat ezezaguna baita enpresa-batzordeendako. Ordu horiek bertze era batera banatuko balira, pertsonalaren lan-karga handia, oraingo pandemia-garaian izugarri handitu dena, arinduko litzateke. Enpresek badakite horren berri, baina ez dira gardenak; Hezkuntza Departamentua ere jakitun dago, baina ez du begiratzen berak ordainduriko nominen jasotzaileek ordu horiek benetan sartzen ote dituzten edo ez.

Kontrola ez da iritsi oraindik, eta joan den legealdiko Aldaketa “lasai”tik oraingo legealdiko “loturik eta ongi loturik” Erregimenera itzuli gara. UPNko eledunak oraingo kontseilari sozialista zoriondu zuen, aukeratu zuen taldea aukeratzeagatik, eta talde hori izan zen 2008ko krisian hezkuntzan inoiz ez bezalako murrizketak egin zituena. Ardura politikoko karguak berriro onartu dituzten funtzionario horiek argi baino argiago utzi zuten itunpeko sarean patronalaren zerbitzura arituko zirela, eta hala izan zen harik eta Mendoza kontseilariak kargutik kendu zituen arte. Orain, lehengo lepotik burua, sindikatuak negoziazio-mahaitik kanporatu dituzte, eta Arartekoari ez diote argitu dirua nora joan den. 2015ean, agintea utzi baino egun batzuk lehenago, 500.000 € eman zioten patronalari, zeinaren lehendakariak UPNren kanpaina-ekitaldi batean parte hartu baitzuen bere ikastetxean bertan hauteskundeak baino 4 egun lehenago. Lau alderdiko gobernuaren lehen aurrekontuetan bertze horrenbertze ematen saiatu ziren, partida bakoitza apur batez puztuz. Zeren, pertsonalari 2016ko %1 itzuli baino (oraindik aurrekontuetan jaso gabe eta guri ordaindu gabe), presa handiagoa zuten patronalari 4 milioiko aurrerakina itzultzen jarraitzeko. Izan ere, 2012 patronalak diru-kopuru hori aitzinatu zion Barcinari, aparteko ordainsaria abonatzeko likidezia ez zuelako (obra faraonikoak egiteko, aldiz, bazuen likidezia aski…).

Ez dakigu Barcinak zor zuena eta kitatu ez zuena ordaintzen jarraitu duten 2020an. Baina itunpeko sarean ikasle guztien %35 eskolatzen ditugun 3.500 langileok ongi dakiguna zera da: Hezkuntzak %4,5 handitu du hezkuntza-etapa bakoitzeko partida. Gu bai inozook izan ginela, 4/2019 Legea bete behar zela uste baikenuen (Rajoyren 14/2012 ELD indargabetzekoa). Eta lege horren azken xedapenetako lehenengoan aipatzen den “finantzaketa-esparru egoki eta nahikotik eratorritako diru-zenbatekoa” txertatu behar zela uste genuen, eta “Legea indarrean sartu eta hurrengo ikasturtea hasten denetik goiti aplikatuko dela”, 2019-2020an alegia. Berez, %4,5 hori ez da bertzerik hau baino: 2020ko soldata-errekuperazioaren %2a gehi 2012tik murrizturiko %2,5a.

Geroa-Baiko eta EH-Bilduko eledunek %4,5eko igoerari eustearen alde bozkatu zuten, eta plantilletara osorik bideratzeko baldintzapean jarri. Izan ere, 2008az geroztik, urte oso bat doan lan egin izanaren pareko soldata-murrizketa jasan dugu, eta gaur egun %13 eroste-ahalmen txikiagoa dugu, orduan baino; eta irakaskuntza publikotik urrunago gaude, UPNren garaian baino, 2017tik izandako igoerak izanda ere. Langile garen aldetik, guk ez dugu diru-sarrera gehiagorik, baina enpresak, aldiz, familien konturako kuoten bidez finantzatzen dira.

2021. urterako, Hezkuntzak 10 milioi gehiago sartu ditu aurrekontuetan, 7 milioi COVIDen arloan. Geratuko diren 3 milioi horiek ez dira aski izanen 4/2019 Legea betetzeko. Ez dago gardentasunik.

LOMLOEren inguruan sortu den burrunbaren erdian, nik ongi dakit nondik hitz egiten dudan: duela 31 urtetik hona enpresa pribatu baten lan egin duen langilea naiz, baina hala ere soldata Nafarroako Gobernuak ordaintzen dit, duela ia 20 urte nire ikastetxea publifikatzea pentsatu ere egin ez zuen gobernu berak, lekaimeek ikastetxea salgai jartzea erabaki zutenean. Podemosek ere ez dio berriro proposatu Kongresuko mahaiari, 2018an proposatu ziona, alegia “Ikastetxe pribatu jakin batzuk sare publikoan borondatez sartzeko prozesua arautzea”. Estatuak, dagoeneko, 250.000 € baino gehiago aurreztu ditu nire kontura nire lan-bizitzan zehar; eta horregatik, hain zuzen, ez du itunpeko sarearekin amaitzeko batere asmorik, leporatzen diotena leporatzen diotela ere. Hori horrela, datorren ikasturtean ikasgelara itzultzen banaiz, astean 21 eskola-ordu eman beharko ditut, sare publikoko nire lagun batek emanen dituen 12 orduen aldean, nik bezala 58 urte bete baititu.

Europan ikasle guztientzako hezkuntza-sistema publikoa ezarri da arian-arian XIX. mendetik goiti; baina hemen ildo horretatik joan beharrean, jatorri ezezaguneko fundazioen esku geratzen dira ordena erlijioso zahartuek uzten dituzten ikastetxeen titulartasunak. Noiz arte izanen gara langileok sistema horren petxeroak?

Itunpeko irakaskuntzan aldatu gabe geratu dena, LOMLOE eta guzti
Itunpeko irakaskuntzan aldatu gabe geratu dena, LOMLOE eta guzti
Itunpeko irakaskuntzan aldatu gabe geratu dena, LOMLOE eta guzti

Itunpeko irakaskuntza, ELA Nafarroa