Zero latitudea

Zero latitudea –

Zero latitudea

Gorriz tindatutako lainoak ekialdean, hegazkinek utzitako arrastoak ere arrosa koloreko bihurtuz. Irudi hau ez dator egunkarian, zuzenean eduki dut etxeko leihotik begiratuta. Gaur ere ez dute argazki faltarik izango ETBren eguraldi tartean. Kontrastean, zozo eta desanjelatu samar dator BERRIA argazkiei dagokienez. Azalean, Londresko aireporturen bateko eszena: paretean, letra erraldoietan, International Arrivals. Haren alboan, pasaeran, gizonezko bat troleyarekin; beste bat esku hutsik. Eta atzetik hegazkin bateko tripulazioa: hiru azafata eta pilotua. Erresuma Batua isolatze bidean da, airez eta lurrez eta itsasoz. Brexit-aren metaforatzat har ote daiteke COVID-19aren aldaerak eragindako itxialdia? BERRIAren argazkiteria salbatzen duten ale bakarrak urrutitik datoz, Atlantikoaz beste aldetik. “Egun bat eta Quito” dio izenburuak. Quito, qu-z idatzita, Ekuadorren hiriburua. Imanol Azkuek egindako kronikari lagunduz, lau argazki. Lehenengoan, bi ume kolunpio banatan; han behean, laino zurien azpian, hiri abigarratu bat ageri da. Hurrengoetan, eraikin haietako batzuk gertutik ikus daitezke: Quitoko alderdi monumentala, eliza izan daitekeen jauregi kolonial eta guzti. Hirugarren argazkian, parke moduko bat dago, eta hor, zero latitudea markatzen duen puntua, iparra ezkerrean, hegoa eskuinean. Puntu horretatik zintzilik geratu naiz; ez nekien iparra eta hegoa hain zehatz markatuta zeudenik espazialki. Bi irakurketa dauzka: iparra eta hegoa banatzen dituen puntua, edota, iparra eta hegoa batzen dituena.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko abenduaren 22koa]

Zero latitudea