Isabel Preysler eta erabakitzeko eskubidea

Isabel Preysler eta erabakitzeko eskubidea –

Deigarriak egiten zaizkit, EAEn batez ere, edozein hauteskunde inkesta edo emaitzen aurrean, EH Bildutik egiten diren irakurketak: “erabakitzeko eskubidearen aldekoak gehiengoa garenez” edo “nazio honen aitortzaren aldekoak  nagusitasuna dugunez”, “hau edo bestea egin behar dugu”.

Isabel Preysler eta erabakitzeko eskubidea
Arg: Casa de América

Gero, behin eta berriro ikusi den moduan, beste alderdiek egin beharko luketen hori ez dutenez egiten, kontraesanetan aritzea egozten zaie. Gehiegitan, umearen kasketaren tonua duen “baina zuk hau esan edo sinatu duzu eta beste hori egiten duzu” bezalako baieztapenarekin amaitzen da bidea.

Uste dut, geltoki bakarra frustrazioan duen bide hori, sarriegi izan dela independentismoaren modus vivendi-a. Gauzak egiteko modu horrek, norberaren erantzukizuna ezkutatzeko, soilik, balio izan du; norberaren akatsetan beharrean, bestearen ustezko kontraesanetan jartzen baitu fokua. Eta horrela, bide eraginkorren inguruko gogoeta ekiditen denez, Nietzscheren betiereko itzuleraren bertsio tristeena irudikatuz, pareta berdinaren kontra behin eta berriz zaplaztekoa hartzera eraman gaitu. Gurpil zorotik ateratzeko ezinbestekoa da ahulguneak mahai gainean jartzea.  Adibide bitxi baten bitartez, horretan saiatuko naiz.

Ezaguna zen garai batean, Isabel Preyslerrek ongintzazko galak antolatu edo beraietan parte hartzeko zuen zaletasuna. Gala horiek, gehienetan, munduko txiroen alde dirua jasotzeko aitzakiapean antolatzen zituen.

Preysler andereak argi eta garbi zioen munduko pobreekin bat egiten zuela. Hala ere, munduko aberastasuna modu justuan banatzeko zerbait egiteko aukeraren aurrean, Preyslerrek, ezezkoa emango luke. Hori egiteak, bera gustura dagoen egoera aldatu beharra esan nahiko bailuke.

Horregatik, edozein ezkertiarri, jendarte justuago bat lortzeko bidean, ez litzaioke burutik pasatu ere egingo, estrategia, munduko pobreziaren aurkako ongintza galatara doan elite ekonomikoarekin hitzarmenak egitetik pasatu behar denik.

Uste dut, adibide honek, distantziak distantzia eta ñabardurak ñabardura, EH Bilduk estrategia independentista pentsatzeko orduan duen gabezia nagusienetako bat agerian jartzeko balio duela. Begira diezaiogun, bada,  bide horri, Isabel Preyslerren adibideak ematen digun argipean.

PNV eta Podemos gustura daude oraingo egoeran. Lehenengoarentzat, autonomia espainiar bateko kudeatzailea izatea da egoera ideala, eta bigarrenarentzat, Espainia batu bat. Oraingo egoerarekin ados daudenak, egoera hori aldatzea xede duen erabakitzeko eskubidearen inguruko konfrontazioan sartuko direla suposatzea, Isabel Preyslerri komunista izaera ematea bezalakoa litzateke. Preysler andereak, munduko aberastasunaren banaketa justuaren alde egingo lukeena bezainbeste borroka egingo dute PNV eta Podemosek erabakitze eskubidea gauzatzearen alde. Borrokatzekotan, eta ez gehiegi, momentuko egoera babesteko egingo dute, hau da, 155ak arriskuan jartzen duena babesteko mugituko dira.

PNV, alderdi sistemikoa da, sistemaren aldaketak ez ditu bultzatuko, baina sistema aldatzean, lehenengoa izango da sistema berrira egokitzen. Ez da, beraz, gauzen egoera aldatzeko aliatua. Izatekotan, behin aldatu eta gero izango litzateke. Horregatik, harritzekoa egiten zait, gauzen egoera aldatzeko aukera guztiak PNVren gain uzte hori. Preyslerismoari zilegitasuna emanez pentsatzen diren estrategia guztiak, desiratik gehiago dute eraginkortasunetik baino.

Frustrazioetan bukatu nahi ez badugu, politikaren esparru nagusia, alderdi politikoen planotik, jendartearen planora desplazatu beharra dago. Gurpil zorotik atera eta bide eraginkorrak irekitzeko beharrezkoa den desplazamendu horrek, alderdien protagonismoa zalantzan jartzen duenez, horietan du gauzatzeko oztoporik handiena.

Jendartean, erabakitze eskubidea zentzuzkoa denaren pertzepzioa zabaldu da azken urte hauetan. Gure Esku Dagok horretan badu merituaren parte handi bat. Horrek, alderdien baieztapenetan aldaketatxo batzuk ekarri ditu, baina diskurtsoetan soilik, ez praktikan. Bi plano horiek bereizten jakin behar dela uste dut, bestela, munduko pobreziaren konponbidea karitatean dagoela ondorioztatzen bukatzeko arriskua dago, adibidez.

Preyslerismoa, gauzak bere horretan mantendu nahi dituztenen kamuflaje estrategia da. Sakoneko aldaketari lubakia jartzea helburu duen azalaren aldaketa. Horregatik da inportantea Preyslerismoaren markoa zilegiztatzen dituzten estrategiak alde batera uztea. Hor dugu feminismoaren adibidea; azken urte hauetan, patriarkatuaren aldekoenek ere, genero bazterkeriaren kontrako mezuak bota arren, sektore horiekin estrategiak adosten kateatu beharrean, bere agenda propioarekin jarraitu du. Emaitzak begi bistakoak dira.

Erabakitzeko eskubidearen mugimenduak egindako lanaren uzta, alderdien planoan  beharrean jendartean aurkitu behar dela uste dut. Bertan hegemonikoa bilakatu den “eragiten diguten gaien inguruan guk erabaki behar dugu” ideia, esparru sinbolikotik praktikora eraman eta talka sortzean dago gakoa. Erradikalizatze hori gauzatzeko, ezinbestekoa da abstraktutik konkreturako saltoa egitea, eta jauzi hori egiteko aukera, konfrontazio independentistak emango digula uste dut. Pryslerismoan dauden alderdiak, prozesua ulertzeko modu horrek sortutako polarizazioaren “albo-ondorio” moduan mugituko dira. Marko aldaketarako baldintza  alderdi hauek badira, ez da aldaketarik sekula izango.

Alderdi independentisten egitekoa berriz, konfrontazio demokratikoa egingo duen jendarte antolatua sortzeko baldintzak erraztea izan behar dela uste dut.

Isabel Preysler eta erabakitzeko eskubidea Isabel Preysler eta erabakitzeko eskubidea Isabel Preysler eta erabakitzeko eskubidea

Zer duzu buruan “Isabel Preysler eta erabakitzeko eskubidea”-ri buruz

  • Erabakitzeko eskubidea ez dakit baina argazkia ikusita Preysler zeharo desitxuratuta dago. Zer egin diote aurpegian? Hori bai pertsonaren gainbehera…