Espainiako 1977ko hauteskundeak Konstituzioaren atariko (2)

Espainiako 1977ko hauteskundeak Konstituzioaren atariko –

Espainiako 1977ko hauteskundeak Konstituzioaren atariko (2)Sanchez egungo presidentea eta Zapatero atzokoa, eta Felipe Gonzalez herenegungoa, eta XIX. mende amaieratik honainoko sozialisten belaunaldi kate luzea inposizio espainol berari lotuak, eta ez gutxiago eskuin espainiarra, noski, bat-bat eginda: autodeterminazio eskubiderik ez, nazio-estatuaren batasun zatiezin txit santua, Eliza katolikoak guztiz bedeinkatua. Kate horren mugarrietako bat 1977ko ekaineko bozak. Errepara diezaiegun laburkiro.

Francok izendatu eta Juan Carlos erregeak eraturiko lehen gobernuan berretsia izan zen Carlos Arias Navarro presidenteak ez zuen lortu sinesgarritasunik frankismotik demokrazia espainolera, legerik lege, erreforma bidez heltzeko, baina haren ondotik, 1976ko uztailean izendaturiko Suarezek bai. Nola lortu zuen hori, 1976ko uztailetik 1977ko ekainera?

Axola handiko mugarri bat Gorte frankistek 1976ko azaroan onartutako Erreforma Politikoaren Legea izan zen (531 prokuradoreetatik 425ek onartu zuten), eta abenduko erreferendumean, erroldaren %77k botoa emanik, %94,17ren aldeko boto izan zituen. Garaipen horrekin eta orduko hedabideak berak kontrolaturik, bereziki RTVE, Suarezek ez zuen zaila zentralitate itxura ematea, bunker frankistaren eta oposizio demokratikoaren artean kokatzea, eta azak ontzeko, presidente izanik, hots, botere instituzional garrantzi(tsu)enak bere esku izanik, hauteskundeetara aurkeztea, eta irabaztea, noski!

1976ko uztaila arte, frankistak eta oposizio demokratikoa zeuden, bi polo politiko, eta handik laster, Suarezek oposizioa zatitzeko eta bunkerra arrastoan edukitzeko (106 prokuradore, nolabait kuantifikatuz) egindako saioen ondorioz, Suarez bera erdian kokatu zen, eta bunkerra eta oposizioa bi izkinetan: bozak irabazteko kokapen ezin hobean.

Suarez presidenteak Francok oinordeko izendaturiko Juan Carlos errege-estatuburuarekin batean, bunkerra nola kontrolatu zuen, eta frankista erreformistak UCDn nola bildu zituen aztertzea interesgarria izan daiteke, baina are interesgarriago azaltzea nola lortu zuen oposizio demokratikoaren programa guztia suntsitzea, eta behialako aurkarien helburu guztiz nagusi 1977ko ekaineko bozak irabaztea izatea, eta batez ere, oposizioan hegemonia lortzea, hots, PSOEk PCEri aise irabaztea.

Honen aurreko artikuluan aipatu nuen nola Felipe Gonzalez 1975eko apirilean elkartu zen Alemaniako alderdi sozialdemokratako lider boteretsuekin, eta nola konbentzitu zituen haiek esanez Espainiako egoera eta Portugalekoa ezberdinak zirela, Franco hil ondoan ez zela iraultzarik gertatuko Espainian, eta gainera baztertzen zutela diktaduraren amaiera bat-batekoa, eta haien nahia zela monarkiaren Gobernua izatea Francoren erregimena desmuntatu eta oposizioarekin batera, Espainian mendebaldeko demokrazia eraikitzea. Eta PCE lehiakide zutela, ez aliatu. Horrekin erara, errepublikanismoaren memoria historiko antifaxista ahanzturaren leize sakonera bidali behar zen -PCEk zeukan nagusitasuna frankismoaren aurkako borrokan-, kale mobilizazioak eten behar ziren -alderdien aparatuek negoziatzeko erreforma-, betiere 1977ko ekaineko bozetan oposizioko indar hegemonikoa bilakatzea xede. 

Suarez laster bildu zen Felipe Gonzalezekin, eta hura urduri jartzeko Llopis historikoaren PSOE legalizatu zuen, baina aldi berean garbi utzi zion PSOEri bera zela oposizioko bere begiko ninia, eta PCE deabrua, sozialista europarrak eta bunker espainola xaramelatzeko, eta halaxe egin zuen. PSOE 1977ko otsailean legalizatu zuten, Erreforma Politikoaren Legeak ekarri zion arrakasta eta autokonfiantzaren ondotik. Alderdi bakar frankista “Movimiento” delakoaren bunkerra desegin zuen, eta, azkenik, alderdi politiko handietatik azkena, PCE legalizatu zuen, 1977ko apirilean. PCE asko estutu zuen jakiteak PSOE prest zegoela hauteskundeetara aurkezteko nahiz eta berak ez legalizatu. Monarkia, eta hark izendatutako gobernuaren erreforma, nabarmen gorestera heldu zen Carrillo, legalizazioa xede, eta hauteskundeak giltzarri nagusi. Beste hainbat alderdi ez zituen legalizatu, kasu, Kataluniako ERC, eta Euskadiko hainbat, jakina denez; bakarrik alderdi historikoak, esan dezagun. Katalunian Jordi Pujolen CDCri eman zion lehentasuna, eta Euskal Herri penintsularrean, Xabier Arzallus eta Carlos Garaikoetxearen EAJri.

Hauteskundeak irabazteko ikaragarri garrantzitsua Hauteskunde Legea izan zen. Ezin dugu pentsatu Adolfo Suarez azti edo igarle orojakilea zenik, eta, lege hori lantzean dena kontrolatu zuenik -aurreikusizko faktore zehazgaitz ugari egon ohi da-, baina kontua da UCDk eta PSOEk, botoen %62,7rekin, %80,2 eserleku lortu zituztela Kongresuan, eta PCE, AP, eta Tierno Galvanen koalizioak %21,8 botorekin %12 eserleku. Sistema proportzionala landu zuen Suarezen gobernuak, D´Hont sistema famatua, hots, boto gehien lortzen duten alderdiak mesedetzen dituena. PSOEk botoen %29,32 lortu zituen, eta PCEk %9,33. UCDk %34,4 boto, 165 eserleku eta 106 senatari; PSOEk 118 eta 35, PCEk 20 diputatu eta senataririk ez. Senatarien %20 errege-estatuburu Juan Carlosek izendatu zituen “behatzez”.

Frankismoaren aurka borrokatu zirenak ahanzturara kondenatuak izan ziren; hauteskunde demokratikoak egiteko ezinbestekotzat jotako behin-behineko gobernu inpartzialaren noraezekotasuna ipuin gertatu zen; Suarez gobernuburuak prestatu zituen hauteskundeak, botere guztiak eskuan, eta bera aurkezturik UCDrekin, berak irabazi zituen. Eta parlamentu hura jo zen eratzaile, eta horrenbestez, boz haietako emaitzek baldintzatu zuten erabat 1978ko Konstituzioa, berrogeita hiru urtez inposatu zaiguna. Konstituzioa idazteko ponentzian, zazpi gizon, UCDko hiru, PSOEko eta APko bana, eta bi katalan; euskaldunik ez. Baina hori beste artikulu baterako gaia da.

Espainiako 1977ko hauteskundeak Konstituzioaren atariko (2)

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)