Irulegi erretzen ikusi

Irulegi erretzen ikusi –

Ikaragarria da aurrerapen teknologikoek harrapatu duten abiada, eta, egun webkamari esker espazioan oso urrutikoa oraintxe bertan ikus dezakegun bezala, ez da ezinezkoa (ez aste bi barru, baina bai agian berrehun urteren buruan) aparailuan data eta leku zehatzak sartu eta iraganeko egoerak eta gertaerak zuzenean ikustera iristea.

Irulegi erretzen ikusiIraganeko gertaerak ALDATZEKO gaitasuna, “Etorkizunerako itzulera” filmean bezala, geroago etorriko litzateke, edo sekula ez; aitzitik, pasatua pasiboki ikusteko ahalmena lortuko dugula bai, sinesgarria dirudi. Zaila ematen du oraingoz, baina zailagoak ziruditen berriki arte Sare Ilunak, Skypek, errealitate birtualak eta nanoteknologiak. Kontzientzia nolabait iraganean sartzeko aukera lortzeko lanean dabiltza Silicon Valleyn, diru-parrasta ederra inbertituta. Litekeena da gure birbilobek hamaikagarren mendeko Irulegiko eguneroko bizitzara telegarraiatu eta hura bertatik bertara ikusi ahal izatea, eta erre baino aste bete lehenagokoa, baita erreketa bera ere.

Aukera harrigarriak zabalduko lirateke: unibertsoaren sorrera, Pangearen pitzadura, gizakia hizketan hasi zenekoa, Sokrates eta Platon Akropolitik paseoan; edo nartzisistagoentzat: kontzebitua izan nintzen larru-jotzea. Ez dira gutxi ez eskasenak Unibertsoak gertaera ororen memoria gordetzen duela dioten fisikariak. “Azken egunak Gandiagarekin” liburuak erakusten duenez, Joxe Azurmendi, oro har eszeptikoa, konbentzitu dute.

Dena den, ezin une magiko hori heldu arte itxaron Irulegiko Eskuaren egiara hurbiltzen ahalegintzeko.

.

Mitxelena

Beste kasu askotan bezala, zerbait egia dela erabakitzeko zein irizpide darabilzun, horixe da aurreneko eztabaidagaia, ez baita berdina Fisikan eta Hizkuntzalaritzan, zehazki Etimologian. Euskarari dagozkionetan, Koldo Mitxelena izan dugu azken autoritate eztabaidaezina. Egia zer den erabakitzeko autoritate-irizpidea baliatzea, ordea, ez dakit oso zientifikoa den. Gainera, Mitxelenak aitortza ia orokorra erdietsi baldin bazuen, Txillardegik ere haren alde egin zuelako izan zen, sasoi hartan Txillardegi baitzen ezker abertzalearen faroa hizkuntza kontuetan. Onarpen hori lortzeko, ziurrenik, “Fonética Histórica Vasca” idaztea bezain erabakigarriak izan zituen heriotza-zigorra eta kartzelaldi luzea. Testuinguru historiko eta botere-borroka jakin batean kokatzen baitira beti zientzia eta egia, izterrak basatzan ondo sartuta.

Mitxelenaren hileta-elizkizunean Txillardegi eta biok elkarrekin egon ginen, zutik, elizaren atzealdean, eta esan zidan epe laburrean behintzat ez zuela ikusten Mitxelenaren aldeko adostasunaren antzekoa biltzeko gai izango zen beste inor; Txomin Iturbe hil berriaren balizko ordezkoarekin berdin, ETAn eta ezker abertzalean. Duela zenbait urte, ezker abertzaleak Arnaldo Otegiri eman dio konfiantza hori.

Euskal etimologisten artean, nekezagoa dirudi aditu bakar batek halakorik erakartzea, ezta epe luze samarrean ere. Iruña-Veleiako traumak zatiturik utzi du jokalekua. Unibertsitateak boterea galdu du, eta sare sozialek izugarri sakabanatu dute hipotesien eta jakintzaren transmisioa. Badago bando guztien edo gehienen konfiantza duen edo lor lezakeen norbait? Blanca Urgell, Ander Ros, Juan Inazio Hartsuaga? (Seguru hanka sartzen ari naizela, barka.)

Joaquin Gorrotxategiren atzera egiteak maila etiko altua erakusten du. Eta Mitxelenaren estatusa lortzeko, jakintza zientifikoa bezain garrantzitsua da oinarri etikoa. Beharbada, Mitxelenak bere jarduera profesionalean sakonkien jorratu zuen balio etiko-zientifikoa ZUHURTZIA izan zen. Hala ere, ematen du zenbaitetan tronpatu ere egin zela: adibidez, zorrotzegia izan bide zen, Antonio Tovar bezala, euskoiberismoaren hipotesia baztertzeko orduan. Halatan, euskal etimologisten balizko superni berriari dagokionez ere, etorriko balitz, osasungarria litzateke komunitate zientifikoak eszeptizismo ahal bezain sakonez hartzea; besteak beste, fanatismoari muzin egin eta etengabe azpimarratu beharko litzateke edozein aurkikuntza zientifikoren behin-behinekotasuna.

Are gehiago, zalantzan ipini beharko genuke hainbat afizionatu eta voyeurrek ebidentetzat jo izan dugun ideia hau: euskal hizkuntzalaritza hobeto dabil autoritate argi batek gidaturik.

.

Adituen arteko adostasuna 

Ezin da ez bizitzan ez zientzian ez irakurketan aurreiritzirik gabe funtzionatu, ez dago zerotik abiatuko litzatekeen ezagutza zeharo argi baldintzabakorik, ezinbestez markatzen dituzte gure gorputz eta biografiek gure ideiak. Horrenbestez, ezagutzeak ez du aldez aurretik aurreiritzi oro suntsitzea exijitzen, ezinezkoa baita bestalde. Hori bai, aurreiritzi horiez kontziente izatea komeni da, kontuan hartu baldintzatzen gaituztela eta desaktibatzen ahalegindu. Esaterako, niretzat Irulegiko Eskuan euskara ikusten ez duena gezurretan dabil, gaiztoa da, inperialismo espainolaren bosgarrenzutabista. Aurreiritziak dira haatik. Garbi ikusi dut Joseba Abaituaren bloga irakurririk.

Bistan da, uko egin beharko genioke egiaren irizpide kartesiarrari, norberari matematika bezain ebidentea iruditzen zaiona beste barik egiatzat hartzeari, ebidentzia subjektibo horiek sarritan errebelazio erlijiosoen kutsua hartzen dutelako, egiaztatu eta gezurtatu ezinekoak definizioz. Eta Brontzezko Eskuko testuaren ulertzeari ekiteko ez ditugu dogmak behar, baizik eta edozeinek egiaztatu edo gezurtatzeko moduko hipotesiak, froga ulergarriak eskuan.

Tokiz kanpo leudeke halaber Hegel-Kojève, Nietzsche eta utilitaristen egia-irizpideak. Eskuaren zentzura hurbiltzeko, adituen arteko adostasunak behar luke egia-irizpide nagusi. Horretarako, adituek zinez entzun eta kontuan hartu beharko lituzkete Irulegiko testua desberdin interpretatzen dutenen iritziak, eta benetan prest egon eztabaida hasi baino lehen zeuzkaten ikuspuntuak bertan behera utzi eta aldatzeko, baldin eta solaskidearen arrazoiak indartsuagoak badira. Tamalez, ez da hori jarrera nagusia gure politikan eta jendartean; zailagoa da jokamolde ireki hori gure kulturan aurkitzea, telegarraio denborazkori esker orain dela bi mila eta ehun urteko Irulegira bertara itzultzea baino. Animo hala ere. Jarrera zibilizatu horren antzeko zerbait sumatzeak zientzia etimologikoan dabiltzan adituen artean, horrek bai lekarkeela egiazko aurrerapausoa herriaren heziketan. Erdu, mirari.

Irulegi erretzen ikusi erretzen ikusi Irulegi erretzen ikusi erretzen ikusi