Iragan inperialaren eta frankismoaren herentzia militarra

Iragan inperialaren eta frankismoaren herentzia militarra –

Ez dizuet ezer berririk esango baina nola egingo diot uko hau idazteko tentazioari. Alarma egoera dekretatua dago duela bost astetik hona Espainiako estatu osoan, eta egunero koronabirusaren bilakaeraren datuak ematen dituzten militar eta guardia zibil espainiar inperialisten mende gaude -hedabideen aurreko agerraldietan bostetik hiru medaila gehien duten armadako eta guardia zibilen buruak izan ohi dira-, eta denok soldadu espainiar zintzo-arduratsuak bilakarazi nahi gaituzte, haien agindu eta esanetara guztiz esaneko eta otzan.

Iragan inperialaren eta frankismoaren herentzia militarra
Arg: NAIZ

Baina pandemia den izurri beltzari gogor egiteko ez al da, bada, horixe behar, denok bat egitea, denok aginte bakarraren mendean, eta alderdi politikoek dakarten sesioa eta desadostasunak eta ideologia politikoak alde batera utzirik, denok bat, espainiar guztiak bat, soldadu gisa lerro-lerro, etxean konfinaturik edo leku publikoak desinfektatzen, espainiar ororen osasuna xede eta helburu?

Aizu, baina, Europako gainerako estatuetara begira jarriz gero, han hedabide aurreko agerraldietan ez da militar bat bera ere ikusten, baterako bat falta! Ez baitute benetan eskertzen eta aintzat hartzen zer loriatsu den eta zein eraginkor soldaduak izatea eskura, beraien osasuna eta ongizatea bigarren mailan utzirik, aberriaren deiari zintzo erantzuteko prest daudenak, lehenik aberria, “dena aberriagatik” dioen goiburua praktikara eramateko. Trump eta AEBak dira salbuespen bakar mendebaldean, eta han ere Espainian ez bezala, militar bat Trump eta presidenteordearen ondoan, eta ez Espainian bezala, bostetik hiru.

Carlos V. eta Felipe II.arekin inperio handia izan (Gaztela-Aragoi Nafarroaren inbaditzaile lehenago) eta Europan eta Amerikan gainbehera etorritako inperioaren eta frankismoaren historia eta herentziaren aztarnak ditugu, noski; egun ere errautsetatik berpizten ikusiko bagenitu bezala.

Nazio bakarreko estatu federala den Alemania baten, esaterako, zenbat eskumen gehiago duten landerrek Espainia nazioanitzekoan menpeko autonomi erkidegoek baino, oraintxe ari gara inoiz baino gehiago ikusten eta ikastera heltzen.

Kataluniako proçesaren ondokoa iragarpena izan zen, eta bere larritasunean ere osasun pandemia baino ez dena berrespena, jabetu gaitezen egoera ezohiko hau nola ari diren baliatzen espainiar armadaren ezinbestekotasuna eta praktikotasuna begien edo pantailaren aurrean ikusarazteko behin eta berriz, beren ustez berena den lurralde “nazionalean”, bestelako sentimendu nazionalak oinperaturik, “arriba españa”-ka, iritzi publikoa kontrolatzen duten bi alderdi politiko nagusiek halaxe sustaturik.

Iragan mendeko hirurogeiko hamarkadan Francoren diktaduraren aurka idealista erresistente batzuk gerrilla taktikak ikasten hasi zirenean, nazioartean orduan indarrean ziren nazio askapen mugimenduetan inspiraturik, pentsatzera iritsi ziren armak banatuz gero, herriak hartu egingo zituela, eta frankismoa eraitsi, eta Euskadi askatzea egingarri izan zitekeela.

Ideia funtsean idealista eta heroiko haiek gidari, armak hartu zituztenek espainiarren kontrakotasuna ez ezik 80ko hamarkadaren erditik aurrera egun espainiar sozialistekin batean EAE gobernatzen ari diren nazionalisten kontrakotasun erabatekoa izan zuten. Armak zituzten haiek terrorista kriminalak baino ez ziren, armak diktaduraren kontra altxatu zituzten unetik beretik hain zuzen, “ez zuen gertatu behar” -diktadurak ez zuen gertatu behar, eta jasan dugun historia inperialista guztiak ere ez!-, eta “arriba españaka” dabiltzan horiek, berriz, armez josirik ibiliagatik, errespetatu beharreko langile borondate onekoak ditugu nonbait, pandemia egoera honetan.

Izabako alkate edo Gasteizkoa edo Irungoa banintz, ez dakit adorerik izanen nukeen espainiar armadako ofizialari ezetz esateko, baliabideak baditugula geure eraikinak desinfektatzeko soldaduen beharrik gabe, baina euskaldun gisa jakin bezate indarrez menperatuak bagaituzte ere, ez gaituztela kontzientzian menderatzen, eta erresistentzian jarraituko dugula eta menpekotasun horretatik ateratzeko ahalegin gehiena egiten dutenek lortuko dituztela gure botoak, eta gure sostengua. Armadunek ez diezagutela agindu; are gutxiago haiek espainiar inperialistak direnean, ez gaituztelako euskaldun gisa errespetatzen eta ezin dugulako katalanek bezala, autodeterminazio eskubidea praktikara eraman.

Iragan inperialaren eta frankismoaren herentzia militarra
Iragan inperialaren eta frankismoaren herentzia militarra

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

2 pentsamendu “Iragan inperialaren eta frankismoaren herentzia militarra”-ri buruz