Arte[faktua] 85: Isabel Etxeberria, "Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak", Joannes Jauregi, Alfontso Gartziandia

Arte[faktua] 85: Isabel Etxeberria – 

Isabel Etxeberria itzultzaile donostiarra izango da aste honetako gonbidatu nagusia. Aurreko asteetan bezala, EiTBren Miramongo estudioetan elkartuko gara berarekin, Erein eta Igela argitaletxeen eskutik kaleratutako ipuin liburuaz hitz egiteko: Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak. Liburuak Alice Munro kanadar idazlearen bederatzi ipuinen itzulpena dakar. Giza harremanak dira istorio horien ardatza, eta, batez ere, emakumeak dituzte protagonista: mota eta gizarte maila askotako emakumeak. Liburu honi esker, Euskarazko Itzulpengintzako Euskadi Saria irabazi zuen iaz.

Euskal Filologian lizentziatu zen Etxeberria, eta, bere ibilbide profesionalean, beti izan du euskara lan tresnatzat: denbora batez, ikasmaterialak sortzen aritu zen Giltza argitaletxean; dibulgazio arloko bi liburu itzuli ditu; 31 eskutik blogean idatzi izan du boladaka; egun, EHUko Letren Fakultateko Itzulpengintza eta Interpretazioko graduan dihardu irakasle lanetan, eta Bilboko Bidebarrieta Kulturguneko euskarazko irakurle tailerraren dinamizatzailea izan da. Horretaz guztiaz gain, hainbat lan ekarri ditu euskarara.

Joannes Jauregi itzultzailea ekarriko du Etxeberriak elkarrizketara. Berria egunkariko zuzentzaile eta literatur kritikaria da Jauregi. Munduko Poesia Kaieretan Yanis Ritsos poeta grekoa itzuli zuen. Gainera, Astigarragako irakurle taldea elkarrekin daramate Jauregik eta Etxeberriak. Literatura euskarara ekartzearen zailtasunez, itzulpen gardenaz eta Joannesek Etxeberriaren azken itzulpenaz duen iritziaz arituko dira, besteak beste.

Alfontso Gartziandia idazle iruindarra zertxobait gehiago ezagutzeko aukera izango dugu Artefaktu[egilea] tartean.

Bestalde, Aitor Sagarzazu izango da aste honetako Irakurlea, eta Juan Luis Zabalaren Ospa ipuin liburuaren gomendioa egingo digu.

Aste honetako Galdetegia-n, berriz, Karmele Jaiok, Garazi Goiak eta Felipe Juaristik, astero legez, literaturaren inguruko galdera banari erantzungo diote.

Horretaz gain, Alacanteko Hizkuntza Eskola Ofizialeko euskara ikaslea den Maria Luisa Plazak Canción de un sonámbulo liburua gomendatuko digu Booktuber atalean.

Azkenik, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Brönte, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.

Hau guztia, larunbatean, arratsaldeko 15:00etan, ETB1en.

Arte[faktua] 85: Isabel Etxeberria, "Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak", Joannes Jauregi, Alfontso Gartziandia
Ikusi saioaren aurrerapena hemen
Arte[faktua] 85: Isabel Etxeberria, “Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak”, Joannes Jauregi, Alfontso Gartziandia

Arte[faktua] literatur saioa ETBn