IPARLA, autodeterminazioa vs erabakitzeko eskubidea

IPARLA, autodeterminazioa vs erabakitzeko eskubidea2012. urtea. Bost mende 1512an espainiar armadak gure estatuaren bihotza okupatu zuenetik. Urtemuga borobil-borobila.

Entzun eta irakurriko ditugu gertakari haren inguruko hainbat errelatu eta artikulu. Baina gertaera historikoaren inguruko ideia nahiko zuzena eduki dezakegun arren, susmoa dut egungo egoeran izan zuen eraginaz eta batez ere, egoera horri buelta emateko bideaz ezer gutxi dakigula.

 

2012. urtea. Bost mende 1512an espainiar armadak gure estatuaren bihotza okupatu zuenetik. Urtemuga borobil-borobila.

Entzun eta irakurriko ditugu gertakari haren inguruko hainbat errelatu eta artikulu. Baina gertaera historikoaren inguruko ideia nahiko zuzena eduki dezakegun arren, susmoa dut egungo egoeran izan zuen eraginaz eta batez ere, egoera horri buelta emateko bideaz ezer gutxi dakigula.

Inork azaldu diezadake 1512 hartatik pasa diren 500 urte hauetan noiz utzi zion Espainiak gure herriarekiko estatu okupatzaile bat izateari? Noiz pasa zen sasi demokrazia /  demokrazia defizitario / gureak diren eskumenak transferitzen ez dituen estatu / gure herritarren aurka tortura erabiltzen duen estatu / gure eskubideak zibilak aitortzen ez dituen estatu / …nahi adina adjektibo ezkorrez apainduriko estatu, baina azken finean gurea bezala aitortzen dugun estatu bat izatera? Noiz eman zen momentu magiko hori? Noiz azaldu du gure herriak beste herri horretako parte izateko nahia?  Nik dakidala inoiz ez! Beraz, bada garaia behingoz gauzei bere izenez deitzen hastekoa. Espainia biolentziaren bitartez gure estatua bahiturik mantentzen duen estatu inperialista bat da. Bost mende pasako ziren bai, belaunaldi pila bat, baina egoera hori ez da inoiz aldatu. Lehen aipatu ditudan eta egunero “gure politikoen“ ahotan entzun ditzakegun definizio horiek denek, okupazio egoera bat estaltzen dute, arazoa askoz txikiagoa balitz bezala tratatuz. Estatu batek zurea konkistatu duenean, zure erakundeak suntsitu eta bereak inposatzen dizkizunean, eta bere indar militarrak bertan mantentzen dituenean, arazoa, Estatu okupatzaile baten eta okupatuta dagoen beste Estatu baten artekoa da. Beste termino batzuk erabiliz, elkarbizitza demokratiko baketsu bat lortu nahi izatea, arazo hori mozorrotzea besterik ez da.

Estatu inperialista bat, eta estatu inperialista horrek biolentziaren bidez lortu eta biolentziaren bitartez mantentzen duen okupazio egoera bat ditugu beraz muturren aurrean.

Baina nork du estatu inperialista hori aurrean? Nortzuk gara gure herria? Hara hor gure beste gabezia ideologiko garrantzitsu bat isladatzen duen galdera. Inork zalantzarik izango al luke 1513an nor zen gure herrikoa eta nor ez bereizteko? Konkistatzaileek eurek idatzita utzi bezela “herriak erre ziren, ehunka nafarrek alde egin zuen, emakumeak bortxatu zituzten, ondasunak konfiskatu zituzten, erbesteratzeak izan ziren, exekuzioak …”. Euskaldunon odola erruz isuri ostean sartu ziren haiek gutartzat hartuko al zituzten gure arbasoek, lurralde honetan bertan bizi edo lan egite hutsagatik? Inork izango zuen zalantzarik? Ez dut uste…

Hemen ere badut erantzunik aurkitzen ez diodan beste galdera bat. Noiz pasa ziren bada gure artera etorritako espainiar haiek “sentsibilitate politiko desberdineko euskaldunak” izatera? Noiz traidoreak “desberdin pentsatzen duten euskaldunak” izatera? Noiz pasa ginen gutar bezala errekonozitzera gure herriaren existentzia bera ukatzen duten horiek? Nik dakidala inoiz ez! Gure herrian sentsibilitate politiko desberdinak daudela esatea, bizi garen lur eremu honetan bi herri, bata okupatzailea eta bestea okupatu daudela ukatzea da.

Aurreko bi kontzeptuak argi ditugun egunean asko izango dugu irabazia. Arerioa nor eta nolakoa den konturatutakoan soilik izan baigaitezke gai gure herria bere estatu propioa berreskuratze bidean jartzeko.

Tamalez, noraeza da azkenengo mendetan egin dugun ibilbide politikoaren ezaugarri nagusia. Nola jarriko dugu bada martxan estrategia egoki bat arazoaren diagnosian huts egiten badugu?

Estatu okupatzaileek “erabakitzeko eskubidea” aitortzea, hori omen da gure arazo guztien irtenbidea. Zorionez bada kontrakoa pentsatu eta zergatia azaltzen duenik:

Instituzionalista armadunek eta armagabeek exijitzen duten “erabakitzeko eskubidea” deiturikoa ez da herri guztien autodeterminazio-eskubidea —gauza bera esateko baina izen “argiago” batekin—, bere erabateko desustantzializazioa baizik. Herrien autodeterminaziorako nazioarteko eskubidearen sabotajea da, ­inperialismoaren errealitatearen ukazioa­, alferrikako ahaleginean, erregimen menderatzailearen onginahia eta homologazioa lortu nahi dituen proiektu onargarri, bateragarri, berreskuragarri eta asimilagarri bat “Estatua” deitzen duten horrentzat, hau da, kolaborazionistek eta konplizeek beraiena balitz bezala errekonozitzen duten Estatuarentzat. Ondorio praktikoak nekez puztu daitezke: jatorri ezezaguna, ilundua edo faltsutua duen eskubide bat ezin da estrategikoki prozesatu.

(http://iparla.wordpress.com/eus/ -etik hartua)

Argiago esateko, alderdi politiko abertzale guztiek:

1.- Autodeterminazioa nola gauzatu ez dakitela onartzen dute.

2.- Ezin diote hori herriari esan.

3.- Etsaiak onartu dezakeen termino bat asmatzen dute*

4.- Herriari sinestarazten diote, asmatutako hori, berak lortu nahi duena dela. Gauza bera baina beste izen batekin.

Beraz,  edo ez dute mailarik herri hau politikoki gidatzeko (borondate onenarekin aritu arren) edo herria engainatzen ari dira, etsaiarekin kolaboratuz (fede txarrez). Eta ez dakit bitako zein aukerak sortzen didan ikara handiagoa…

*Konfirmazioa bideo honetako 17:50 minutuan

 IPARLA, autodeterminazioa vs erabakitzeko eskubidea

autodeterminazioa, erabakitzeko eskubidea, IPARLA

16 pentsamendu “IPARLA, autodeterminazioa vs erabakitzeko eskubidea”-ri buruz

  • Gari Garaialde 2012-02-27 13:57

    Ez dut uste bideo hortako 17:50 mintuan Joseba Ariznabarretaren ustea ez den beste ezer konfirmatzen denik. Badakit berak ezberdin ikusten dituela bi terminoak, baina horrek ez du ezberdinak direnik konfirmatzen.

  • Ainhoa Letamendia
    Ainhoaletamendia 2012-02-27 15:27

    Arrazoi duzu, bideo horrek ez du konfirmatzen. Baina berdinak al dira? Zuk zer uste duzu? Berdinak badira zergatik asmatu beste izen bat? Bideoak erabakitzeko eskubidea asmaturiko kontzeptua dela konfirmatzen duela onartuko didazu bederen…(30:30 minutua)
    Atzoko Berriak (zure argazki eta guzi) zekarren elkarrizketan Pernando Barrenak zioen, nazio akordio estrategiko bat egitea dutela helburu. Akordio horren barruan kontsideratzen zuen Alternatiba alderdia ere, eta “ezkerreko eskaintza abertzale, subiranista, independentista” bezala definitzen zuen.
    Bideoan Joseba Permachek onartu beharra du subiranista eta independentista ez direla gauza bera, eta Amaiur ez dela independentista, Alternatiba ez delako independentista, subiranista baizik. Beraz, Amaiur subiranista bada Alternatiba ere koalizioan dagoelako Pernando Barrena oker dabil, ala?
    Nire konklusioa: edo ez dakite zer esaten duten, edo ez dute nahi jakiterik zer den egiten ari direna…

  • Gari Garaialde 2012-02-27 18:25

    Nik ez dut bi kontzeptuen arteko ezberdintasunik ikusten. Autodeterminazio eskubidea, aldarrikatzen denean, Euskal Herriak bere burua gura duen moduan antolatu dezan erabakitzeko eskubidea duela aldarrikatzen dela ulertu izan dut nik, eta erabakitzeko eskubideaz, herri honek nahi duen moduan antolatzeko erabakitzeko eskubidea duela. Beraz gauza bera bezala ikusten ditut nik.
    Beste zerbait da Independentzia eta erabakitzeko eskubidea edo autodeterminazioa alderatzea, zeren autodeterminatzeak, ingalaterraren kolonia izatea erabakitzera eraman gaitzake, eta hori ez da independentzia.
    Subiranista eta Independentista ez direla gauza bera? noski ezetz, baina independentistak subiranistak direla uste dut nik, herri subirano batek nahi duen bezala antolatzeko eskubidetik datorrelako independiente izateko nahia. Autonomistak ere ez dira independentista, baina subiranistak izan daitezke, herri subirano bezala Espainiako autonomia edo Zinbaweko kolonia izatea erabakitzeko eskubidea dutela ulertu eta kolonia izateko, federazio bat antolatzeko edo nahi duten bezala antolatzeko eskubidea dutela onartzen badute.
    Zer da zuretzat autodeterminazioa? eta erabakitzeko eskubidea? Subiranismoa?
    Orain, Ezker Abertzalea, Amaiur, Bildu eta entramado guzi horren estrategiaz bazabiltza, debatea beste bat da, eta Amaiurren ildoa zuzena den ala ez litzatteke galdera.
    Hala ere, debate hortan sartzekotan, ahaztu ezinezko mugarri batzuk daudela iruditzen zait
    Herri Batasuna ez da esistitzen (badakigu denak zergatik) eta ezker abertzaleak (ez zait batere gustatzen alderdi konkretu bateko jendeari bakarrik jartzea “etiketa” hori, nik uste zerbait zabalagoa beharko lukeela, baina esan dut, HB ez dago eta ezin HBkoak esan) ez du alderdirik. Sortu, sektore horren alderdia izateko jaio da, baina oraindik ez denez legezko, ezin du diskurtso propiorik eduki. Bildu eta Amaiur bi koalizio dira, helburuei uko egin gabe (independentzia) helburu horiengana hurbiltzen joateko lagungarriak izan daitezken aliantzak (autodeterministak, subiranistak, erabakitzeko eskubidearen aldekoak…) egiteko aukerak ikusita elkartu direnak.
    Barrena ez dabil Amaiurri buruz (ondo irakurri testua), baina akordio estrategiko haietan (EAkin bat egin zuen eta Alternatibarekin bestea) onartutakoa konkretuki zein den jakin nahi baduzu, jo akordio haiek irakurtzera, eta ez Pernandok Berrian emandako elkarrizketara.
    Nik argitu dizut, orain zuri tokatzen zaizu: Zer da autodeterminazioa? eta erabakitzeko eskubidea? eta Subiranismoa?

  • Herri batek autodeterminazio eskubidea berezkoa du. Bere etorkizuna libreki erabakitzeko, eta ez une jakin batean bakarrik, etengabean baizik.
    Guk ez dugu beste herri baten erabakietan sartzeko zilegitasunik eta munduko beste herriek ere ez dute zer esanik gure autodeterminazio eskubideari buruz. Horretarako herri horrek bere burua defendatzeko eskubidea aldarrikatu behar du. Ez dago autodeterminazio eskubiderik ,defentsarako eskubiderik gabe.
    Orain saldu nahi digutena, uste dut beste kontu bat dela : Espainia sistema demokratikoa da eta gure erabakitzeko eskubidea onartu dezake konbentzitzen baditugu.
    Hortaz, ez gara herri bat ( edo behintzat ez dugu beste herrien pareko eskubideak merezi). Hemendik aurrera onartu beharko dugu espainolek “gure” erabakitzeko eskubideari buruz erabakitzen dutena.Baina, nola gauzatu libreki herri baten erabakia beste batek menperatua badu ? Ezin da. Hori ez da erabakitzeko eskubidea hori umeak engainatzeko modua izan daiteke, baina ez bere askatasuna berreskuratzeko ahaleginean ari den herri serio bat desbideratzeko adinako jokaldia. Erabakitzeko eskubidearen jabe izateko, herri batek bere Estatua eraiki (edo berreraiki) behar du. Nola ulertu daiteke askatasun nazionalik gabeko egoera “demokratiko” bat? Ba hori da erabakitzeko eskubidearekin sinetsarazi nahi digutena:independentziarik gabe, egoera demokratiko batera iritsi gaitezkela.
    Eta hori etsaiaren estrategia zela uste nuen.

  • Gari Garaialde 2012-02-28 00:22

    “Baina, nola gauzatu libreki herri baten erabakia beste batek menperatua badu ?” Nik ere galdera bera egiten diot neure buruari, Iñaki, baina ez dut uste autodeterminazioa eskatzeak edo zuzenean independentzia aldarrikatzeak ataka hortatik aterako gaituenik, ze Espainiak eta Frantziak ez badigute onartzen, beraien indar harmatuekin galeraztzen badigute, zer bide dugu?
    Independiente izateko aukera borroka politikoz edo borroka harmatuz bilatu dezakegu, ados, baina horrek ez du esan nahi erabakitzeko eskubidea eta autodeterminazioa ez direnik gauza bera.
    Zergatik ez gara autodeterminatu orain arte, eskubide hori berezkoa badugu?
    Bere askatasuna berreskuratzeko ahaleginean ari den herri serio bat desbideratzeko intentzioz arabiltzen da “erabakitzeko eskubidea”, autodeterminazioaren ordez?
    “hori da erabakitzeko eskubidearekin sinetsarazi nahi digutena:independentziarik gabe, egoera demokratiko batera iritsi gaitezkela” hori zuk nondik atera duzu?
    Orain 25 urteko etrategiatik gaur egungora dagoen alde nagusia, Independentzia lortzeko borroka harmatua alde batera utzi eta borroka politiko hutsez lortzeko ahalegina dela iruditzen zait niri.

  • Ainhoa Letamendia
    Ainhoaletamendia 2012-02-28 09:52

    Iñakik aurrea hartu dit eta nik egingo nukeena baino hobeto azaldu dizu kontzeptuen esanahia. Hala ere, zure azkeneko iruzkina ikusirik beste kontzeptu baten definizioa kopiatuko dut.
    POLITIKA, biolentziaren erabileraren bidez, pertsonek, herriek eta estatuek boterearen ardatz hierarkikoarekiko duten posizio asimetrikoa zehazten duten erlazioak mantentzea edo aldatzea xedetzat duen jarduera da.
    Zuk borroka politikoa diozunean, etsaiak, indarraren monopolioaren jabe delarik, eta monopolio hori mantentzeko asmoz (ez ahaztu inoiz hori) jarritako erakunde eta hauteskundeetan parte hartzeaz ari zarela ulertzen dut. Hau dena herri gisa dugun indarrari eta defentsa eskubideari aurrez uko eginda. Nik ez dut hori borroka politiko bezala ulertzen. Politika indarrarekin, biolentziarekin estuki lotuta dago. Niri asko gustatzen zaidan definizio bat jarri dizut, baina zientzia politikoko edozein manualera jo dezakezu hori horrela dela konprobatzeko.

  • Honela diozu Gari:

    “Baina, nola gauzatu libreki herri baten erabakia beste batek menperatua badu ?”
    …….

    “baina horrek ez du esan nahi erabakitzeko eskubidea eta autodeterminazioa ez direnik gauza bera”.

    Autodeterminazio eskubideak, herri guztien eskubide bat izanik, berez eta derrigorrez eskatzen du erakunde propio bat, gobernu bat, Estatu bat, aurretik izatea, hau da, egoera demokratiko batean jokatzea, askatasunean jokatzea. Estatu horrek bere konstituzioa onartuko du, Estatu horretako hiritarrak zeintzuk diren definituko duena, beti. Estatu propio horrek deituko du – autodeterminazio aldarrikapena egin ondoren – erreferendum konfirmatzaile bat. Baina erreferendum horren baldintzak, errolda batez ere, berak ezarriko ditu. Eta herriak onartutako Estatu horrek erabakiko du, aurrerantzean, beste Estatuekiko harremana nolakoa behar duen izan.
    Beraz, autodeterminazio eskubidea, Espainiako Estatuaren legalitatetik kanpo gauzatzen den zerbait bezala ikusten dut nik. Espainiaren baimenik gabe egiten den zerbait bezala. Egia da, Espainiak ez duela hori gauzatzen utziko, besterik gabe. Baina gauzak horrela dira: menperatua eta bahituta dagoen Estatu batek ez du sekula bere askatasuna lortu ez eta lortuko ere Estatu bahitzailearen baimenarekin. Borroka guztiak dakarte sufrimendua. Baina Batasun Sovietarretik askatu ziren herriak ere, kasu batzuetan behintzat, izan zituzten sovietar kanoiak aurrean. Hala ere, lortu zuten beraien Estatu propioa.

    “Erabakitzeko eskubideak”, planteatzen ari den baldintzetan – Espainian ezinezkoa da “marko demokratiko” bat lortzea –, beti suposatzen du Espainiarekin negoziatzea. Ez da egoera demokratiko batean, beste Estatuek daukaten askatasun egoera berdinean, aldarrikatzen den eskubide bat. Ez da alde bakarreko erabaki bat. Bozketaren baldintzak, errolda batez ere, Estatu espainiarrak erabakiko lituzke. Eta horrela, beti izango gara galtzaile. Gogoratu nahi nizuke, datozen hauteskundeetarako, herri honetatik “derrigorrez” alde egindako “200.000” (gehiago izatea behar izanez gero, lasai asko “asmatu” eta “erantsiko” lituzkete) pertsonen botoa baliarazteko saioak entzuten ari direla dagoeneko; ikusiko dugu…

    Gehien bat, hor ikusten dut nik bi eskubideen arteko desberdintasuna.

    Azkenik, bahituta dagoen Estatu batek ezin dio mesedez eskatu Estatu bahitzaileari, txintxo porta dadila, demokrata izan dadila. Hori ikuspegi moral edo etiko bati dagokio. Subjektu politikoak ez garen artean, objektuak baizik, beti dagokigu ikuspegi moral edo etiko horretan jokatzea. Subjektu politiko menperatzaileak dauka beti indarra eta erabakimena; beraz, beti egongo ginateke bere esanetara.
    Subjektu politiko bezala jokatu nahi badugu, besteen maila berdinean, ongi lideratutako herriaren indarraren bitartez soilik jokatu dezakegu, irabazi ala galdu. Hori da politikaren ikuspegia: arerioa behartzea egin nahi ez duena egitera. Ez dago beste aukerarik.

    Bide batez, ba al du norbaitek konfirmatzerik ea Joseba Ariznabarretak, Koldo Mitxelenan hitzaldi bat emango duenik? Zerbait entzun dut eta. Hala bada, noiz eta zein ordutan izango da?

  • Gari Garaialde 2012-02-28 12:01

    Ordun, zeren zain gaude? Zer egin du ETAk 50 urtetan Espainiako estatuarekin negoziatu nahian? Zein da proposatzen duzuen bidea? Zergatik ez gara autodeterminatu oraindik?
    Zergatik ez gara herri aske subirano eta independientea?!

    Ah, Ainhoa, nik ere badakit politika indarkeria dela, zuk uste baino gertuago gaudela iruditzen zait, baina ekonomia egin nahi nuen, gutxiago idatzi. Borroka politikoa nioenean, jarduera armatu edo militarrik gabeko borroka esan nahi nuen (niri ere sortzen dizkit honek kontraesanak eta dudak). Laburbilduz ETAk bere jarduera alde batera utzi eta beste mota batetako borroka.

  • Gari Garaialde 2012-02-28 12:05

    Pentsatu dezagun pixka bat debateak nola eraman behar ditugun hau bezalako gune batean, zeren nik ezin diot inorri galdetu “orduan zu ETAk jarraitzearen alde zaude?” edo “zer zabiltza Espainiaren interesan aurka atentatuak egitearen alde?” besteak egiazko erantzun bat emateko esperantzarekin, zeren erantzuteko aukeren %50 debekatuta dago eta legearekin arazoak izango lituzke. Beraz irakurri lerro artean.

  • Hemen irakurritakoen ondoren, esango nuke, neurri haundi batean ezin dela esan herri hau autodeterminatu ez denik, ezta? Bizirik iritsi gara honaino, hala edo nola, eta ez diogu oraingoz uko egin gure Estatu propioari, okupatuta dugun horri, alegia. Beraz, hori izan da gure autodeterminazio ariketa, ezta? Nik behintzat hori horrela ulertu dut…Orain, helburua argi izanda horri forma eman eta martxan jartzeari ekin beharko genioke ditugun baliabide guztiak erabiliz, inoren baimenaren zain egon gabe…

    Mikel, Joseba Ariznabarretaren hitzaldiari buruz galdetzen duzu. Bai, Donostian izango da, Koldo Mitxelenan, Martxoaren 15ean, arratsaldeko 19’00tan. Orreaga Iritzi Politikorako Taldeak antolatutako “500 urte estrategiarik gabe” hitzaldi zikloaren barruan. Hitzaldiaren izenburua: “Aro berria?”.

    Pentsatzen dut web orri honetan ikusten ari geran eztabaidari buruzko gogoetak elkartrukatzeko espazio egokia izango dela.

  • Ainhoa Letamendia
    Ainhoaletamendia 2012-02-28 12:54

    Kaixo Gari, barkatu gaizki hartu baduzu nire komentarioa, ez zen nire helburua. Nik uste baino gertuago bagaude, hobe!
    Proposatzen dugun bidea zein den galdetzen duzu? Tranpa pixka bat egitea barkatuko didazu, zein ez den bidea esango dizut.
    *1.000 lagun inguru sasira bidaltzea aurrez galdutako eta guztiz desproportzionaturiko gerra bat egitera ez da bidea. Presoak, erbesteratuak, hildakoak,..sufrimendua baino ez dakarkigu.
    *Beti etsaiak jotako musikaren inguruan dantzatzea ez da bidea. Estatua (besteena noski, bakarra balego bezala) zein ankerra den esatea eta ondoren erruki eske ez dakit zein eskubide errespetatu dezala eskatzea ez da bidea. Bizitza osoa oraindik askatasuna lortu ez duten herrien adibideetatik ikasi behar dugula esaten ematea, Quebec, Irlanda, Katalunia, Eskozia,…ez da bidea.
    Bide berri bat behar dugu. Aro berri batean bagaude zergatik ekin bide zaharretatik?
    Horiek demostratu dute ez daramatela inora. Ez dakizula zein beste bide dagoen? izan zintzoa ordezkatzen duzun herri horrekin, esan ez dakizula, dimititu. Utzi bidea beste batzuei. Ez etorri orain etsaia estatu okupatzaile izatetik erabakitzeko eskubidea aitortuko digun demokrazia bat bilakatzea posible dela esanaz.
    Ez?

  • Mila esker Izaro. Han ikusiko dugu elkar.

    Eta zuri, Gari, zeren zain gauden? Nik ez dakit zu zeren zain egongo zaren. Elkar hurbiltze bat proposatuko nizuke, gertu bagabiltza behintzat. Ni, dagoeneko proposatua dagoen bide berri baten inguruan jende gehiago biltzeko zain/lanean nabil, ez hala frogatu eta emaitzik eman ez duten bideak (orain bakarra)errepikatzearen zain. Espainiako legalitatetik kanpo antolatu behar da zerbait. Horrelako proposamena, aspalditik egina dago, nahiz eta ez dagoen zehazturik. Zehaztapen hori askoren artean egin beharreko bide bat da. Proposamen horren berri izan dutenek, ordea, zokoratu egin dute, ez ikusiarena egin dute. Baina gehiengoak ez du zertan beti arrazoia izan. Batez ere, emaitzarik lortu ez denean. Politika bat zuzena den edo okerra, emaitzak neurtzen dute. Oraindik emaitzik emateko, edo ez emateko, aukerarik izan ez duen bide bat frogatzea da zilegi, nire ustez.

  • Mutturra sartuko dut eztabaida honetan, ahalik eta kontu handienaz. Alegia, txeraz-eta, jakin ondotxo baitakit azken sasoi hauetan sentimenduak puri-purian daudela herri honetan; eta batzuk ezin zoriontsuago edo baikorrago edo lasaiago gauden bitartean, beste batzuk kezkatuak edota dezepzionatuak edota oso minduak gaudela. Eta iruditzen zait urritik hona (lehenagotik ere agian) sabeletik jaiotako hainbat sentimenduek hasia dutela euren arrazionalizazio bidea, eta tesi politikoan bihurtzeko ahaleginetan dabiltzala ere. Horretan sartu gabe, dena den. Arrazoietan, sakoneko ezadostasunetan sartu gabe, niretzat ez baita tokia (besteak beste, Garik oso ondo azpimarratutakoarengatik: Herri honetan eztabaida publikoa gogorki kriminalizatua dagoela, alegia).
    Autodeterminazio eskubideari buruzko gogoeta hauen inguruan, niri oraintxu zendutako Txillardegi (erraldoia) datorkit gogora, eta sutsuki gomendatzen diot eskubide honen inguruan kezka duenari bere “Euskal Herria helburu” saiakeraren irakuketa. Autodeterminazio eskubidea gaur eta hemen gauzatzeko gakoak ematen zituen, estaturik GABEKO herri (nazio) honentzako (Autodeterminazio eskubidea –edo, nahi bada, bere kanpo alderdia, subiranotasunari lotutakoa, 1541 (XV) y 2625 (XXV) erresoluzioak– Estatu propiorik gabeko Nazioei dagokielako, preseski. Ez, hemen irakurri bezala, aurretik Estatu bat eratua dutenei! Hain zuzen, Nazio batek bere burua Estatu berri batean antolatu nahi badu, horretarako hartu beharreko erabaki guztiak hartu ahal ditzan).
    Erabakitzeko eskubidea Autodeterminazio eskubidearen sinonimotzat hartu du ezker abertzaleak (ez orain, beti). Redukzionista dela? Autodeterminazioaz ari garenean prozesu batez ari garela, eta erabakitzeko eskubideaz ari garenean prozesu horren azken etapaz ari garela? Nik ez diet larritasunik ikusten izendapenei, ezta iruzurrik ere. Ber gauzaz ari gara.
    Porrot egin duten tresna, taktika, estrategia eta (azken aldian esatea modan dagoen gixan) ‘ibilbide orrien’ inguruan asko hitz egin genezake; izan ere, tamalez ez dago porrotean gureak baino eskarmentu handiagoa duen naziorik, desagertu diren nazioak kenduta noski, jakina.
    Eta niri gogora datorkidana da, Txillardegiren hitzek praktikan herri honen hausnarketa, antolaketa eta lan gaitasuna behin baino gehiagotan topatu baitute, Udalbiltza deituriko proiektu bat, PNV delako alderdi batek saldua eta TOP delako epaitegi batek behin behinean ederki kriminalizatua.
    Galde diezaiegun geure buruei: Zertarako tresna zen Udalbiltza? Zertaz ari gara, nazio eraikuntzaz ari garenean?
    Deus gutxi dakit nik garaipenei buruz, egia da. Pentsatzen dudana zera da: Gerta zer gerta, sentitu zer sentitu, bat egin behar dugula, denok. Hortzak eta lerroak estutu, eta bakoitzak duen onenetik eskaini. Sikiera, kide guztiak etxera ekarri arte. Elkarrekin bat eginda bultzaz beharko baikaituzte, behar.

  • Paki ;
    Seguru nago denok bat etorriko garela, batasunaren garrantzia azpimarratzerakoan. Baina batasuna (benetakoa) bakarrik estrategia baten inguruan eman daiteke. Zoritxarrez herri honek gaur egun (Orreagakoek 500 urte aipatzen dute)ez du ez onik eta ez txarrik. Herri honek ez du independentzia berreskuratzeko inolako estrategiarik. Eta horrela gabiltza,… galduta.Agian iritsi da unea eskema zaharrei egiazko astindu bat emateko, eta bide berri emankor bat hasteko. Zentzu honetan, eskertzekoak dira artikulu egilearen lana eta intentzioa.

  • Iñaki:
    Ez dut zalantzan jartzen artikulugilearen ez lana ezta intentzioa ere, inondik inora.
    Diodana da estrategia independentista egon badagoela. Areago: 500 urteotan ukan dugula, are eta areago: Ez dugula besterik izan buruan ez karlistadetan, ez 36ko gerran, ez egon diren gerra guztien denbora tarteetan, ezta ostera ere, independentziarekiko obsesioaz gain. Porrot egin dugu momentuz, bistan da. Egun, independentiston bilgune politikoa den ezker abertzaleak berea jarri du mahai gainean, eta harekiko izan ditzakegu nahi beste zalantza, kezka, ezadostasun: Eraginkorra ote den, egingarria ote den, serioa edo benetakoa ote den, nahi dena. Bide batez esango dizut nik nireak ere baditudala. Baina egon, badago. Kanariar uharteetan? Ez dago. Eskozian? Badago. Andaluzian? Ez dago. Hemen? Badago.
    Eskema zaharrak ez dakit zeintzuk diren zehazki Iñaki, historiari begirada luzatu eta daudenik eta ahalegin, metodo, baliabide, ideia, egitasmo, tresna eta bultzada gehienak ikusten baititut, guztiak ez esatearren, herri honen (edo herri honen zati baten) nahi independentista, garaipen bihurtzeko: Gerrilla-gerraren bitartez agintea eskuratzearen saiakera; nazio zein nazioarteko aliantzen bitartekoa; masa borrokarena; guztien arteko konbinazioa gehi borroka ideologikoa, sabotajeak, propaganda, erresistentzia sasoiak zein ofentsibazkoak, desobedientzia esfortzuak, teorizazioak, nik zer dakit: Mahai baten inguruan jarri eta zientoka etapa, adibide eta ikasgai genituzke aztertzeko, ezta? Izan ere, garaipenaren gakoak garaileek eman ditzakete ematekotan, ez garaipenerako bide batean edo bestean xinixtuta ere, geure xinixmenak horretan, xinixmenetan baino oinarrituta ez daudela aitortu behar genukeenok. Ezker abertzaleak Eskozia, Irlanda edo Quebecera begiratzen badu, geure ataka berdinean dauden herri-nazioetara alegia, hori baino ez du islatzen: Jakin-mina; eskura genituzkeen tresnen esplorazioarekiko arreta. Deskolonizazio prozesuetan geure lupa kuba, Nikaragua, El Salvador edo Algerian ipini genuen bezalaxe. 90. hamarkadan geure kaleetan Estonia, Letonia eta Lituaniaren banderak jarri genituen bezala, oroitzen? Zorionak ematen genizkien.
    Imanol Galfarsorori irakurri nion zera, ‘…Eta asko sentitzen dut baina politikak sinismena eskatzen du, fidelitatea… eta politikak sinismen horri, fidelitate horri doakion disziplina eskatzen du era berean, eta obedientzia eta antolakuntza… Politika, besteak beste, hori da eta besteak beste esaten dut politika biolentziaren kudeaketa ere badelako edo bestela ez da politika! Eta gero noski kritika intelektualaren eremua dago!’. Ez nituzke testuingurutik at aipatu nahi hitzok, batere gainera; adierazi nahi dudana zera da soilik: Piztu egiten garela, sutu ere bai, eta ederra deritzot, azken batean bizitzarekiko pasio bat nabarmentzen delako. Sinesmen gaitasun handia, geure ametsekiko! Diodan bakarra da ezin dugula horizontetik oinarri-oinarrizko egia hori galdu, alegia: Hemen eta zoritxarrez inork ez duela bere tesien balio infaliblea frogatu; hemen denok eskuartean duguna iritzi sorta bat baino ez dela.
    Eta bien bitartean, eta guzti-guzti hau nire uste apaletan noski, bien bitartean seiehundik gora kide ditugula hiru bider hiru metroko leotz infektuetan, independentzia estrategia baten baitan euren onena emanda eta ematen, eta bi mila erbesteratu inguru, eta deportatu batzuk ere bai. Eta kritikak kritika, egin geniezaiekeen o.k.e.r.r.e.n.a geure indarrak barreiatzea litzatekeela. Oso-osorik eta sasoirik onenean beharko ditugulako, indar fisikook, indar intelektualok, eurak etxera ekartzeko.
    Besarkada handi batekin Iñaki!

  • Kartzelatik ateratako preso baten hitzak bere ongietorri ekitaldian : “kalean utzi naute baina ez naiz aske “.
    Besarkada bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude