Diktadore handiaren diskurtsoa, inoiz baino biziago

Diktadore handiaren diskurtsoa, inoiz baino biziago –

The Great Dictator filmeko fotograma Diktadore handiaren diskurtsoa, inoiz baino biziago

Oscar sarien egunean, zinemari omenalditxo bat egin  nahi izan diot nire egongelako iluntasunean eta zineko klasiko handi eta eder horietako bat jarri dut DVD irakurgailuan: Charles Chaplinen The Great Dictator. Filma 1940an estreinatu zen, eta harrigarria da ikustea nola gauzak berdin-berdin jarraitzen duten; diktadorearen amaierako diskurtsoari buruz ari naiz. Berdin du 70, 170 edo 1700 urte pasa diren, istorio bera behin eta berriz errepikatzen da historian zehar. Gizakiaren izaera ote?

 

Jarraian duzue amaierako diskurtsoa (behean bideoa, jatorrizko bertsioan). Hunkigarria.

“Sentitzen dut. Baina nik ez dut enperadore izan nahi, hori ez da nire lana. Ez dut inor gobernatu edo konkistatu nahi; guztiak lagundu baizik, ahal izanez gero: beltzak eta zuriak, juduak eta jentilak. Elkarri lagundu behar diogu, gizakiok hala garelako, besteak zoriontsu egin nahi ditugu, ez zoritxarreko; ez dugu inor gorrotatu edo mespretxatu nahi. Mundu honetan guztiontzako tokia dago.

Bizitzaren bidea askea eta ederra izan daiteke, baina galdu egin dugu. Gutiziak armak pozondu ditu, gorroto-hesiak altxatu ditu, miseriara eta sarraskietara bultzatu gaitu.

Oso azkar egin dugu aurrera, baina geure buruak preso egin ditugu. Oparotasuna sortzen duen makinismoak beharrean utzi gaitu. Gure jakintzak ziniko egin gaitu; gure adimenak, gogor eta lehor. Gehiegi pentsatzen dugu eta gutxiegi sentitzen dugu.

Makinak baino gehiago, gizatasuna behar dugu; adimena baino gehiago, ontasuna eta samurtasuna. Ezaugarri hauek gabe, bizitza bortitza izango da, dena galduko da. Hegazkinek eta irratiak gertuago sentiarazten gaituzte. Asmakuntza hauen guztien benetako izaerak giza ontasuna eskatzen du, guztiok batzen gaituen anaitasun unibertsala.

Oraintxe bertan, nire ahotsa mundu osoko milioika gizakirengana iristen ari da, milioika gizon-emakume eta haur etsitu, pertsonak torturarazi eta errugabeak preso hartzen dituen sistema baten biktima. Entzun nazaketen guztiei, zera esaten diet: Ez etsi! Bizi dugun zorigaitza giza-aurrerapenaren bideari jarraitzeko beldur diren gizonen gutizia iragankorra eta samina besterik ez da.

Gorrotoa pasa egingo da eta diktadoreak erori egingo dira, eta herriari kendu zitzaion boterea herriari itzuliko zaio; eta, horrela, gizakia bizi den bitartean, askatasuna ez da hilko.

(…)

Zeuok gizakiok duzue boterea, makinak sortzeko boterea, zoriona sortzeko boterea, bizitza askea eta ederra egiteko boterea.

Demokraziaren izenean, erabil dezagun botere hori guztiok bat eginda jardunez. Mundu berri, duin eta zintzo baten alde borroka dezagun, gizonoi lan bat bermatuko diguna, gazteei etorkizun bat eta zaharrei segurtasuna. Baina gauza hauen guztien promespean, piztiak boterera igo ziren. Baina gezurra esan ziguten; ez dute sekula beren promesetako bat ere bete, eta ez dituzte sekula beteko. Diktadoreak libre dira, haiek bakarrik, baina herria esklabotzen dute.

Borroka dezagun orain hitzemandakoa egi bihurtzeko! Borrokatu dezagun guztiok mundua askatzeko! Herrien arteko mugak suntsitzeko, askonahia, gorrotoa eta tolerantzia ezarekin amaitzeko!

Borroka dezagun arrazoiaren mundu baten alde. Zientziak eta aurrerapenak zorionerantz eramango gaituen mundu bat”.