Inportanteena
Egunero edo ia-ia egunero eramaten diet testu bat –iritzi artikulu bat, gehienetan; ipuin laburrak, zenbaitetan– nire euskara ikasleei, irakurriaren ulermena lantzeko: badakizue, testuari zati jakin batzuk kendu –lokailuak, adibidez–, zati horiek desordenatu, nik asmaturiko zati batzuekin nahasi, eta ikasleei eskatzen diet berriz ere lokailu, aditzondo eta esalditxo horiek berriz ere dagokien tokian koka ditzatela. Batzuetan, ariketa zuzendu ondoren, idazleak emandako ikuspuntua eztabaidagai izaten dugu. Gehienetan, Berrian bilatzen ditut nire testuak, baina baita Argian ere, edo gustuko ditudan Interneteko zenbait blogetan. Baina, noizbehinka, nik argitaraturiko testuak ere erabiltzen ditut. Honek hiru abantaila ditu. Alde batetik, lan gutiago eskatzen dit metodo horrek: bila ibili gabe, berehala hautatzen dut nahi dudan artikulua, ongi baitakit zer dudan idatzia. Bertzetik, zenbait idazleren corpusa eta euskal literaturaren egile kopurua emendatu egiten ditut –onerako edo txarrerako, hori ezin erran–, nire testuak ez baititut sekulan nire izenarekin eramaten klasera: beti bertze norbaiti egozten dizkiot, dela benetako idazle ezagunei –ez dut izenik aipatuko, nirekin haserretu ez daitezen–, dela alegiazko idazleei –izen erotikoko Nerea Azpitarte Zabala nire gogokoenetarik bat izanik–. Eta, azkenik, ariketa osasungarria izaten da neurriz kanpo puzturiko egoa zentzatzeko, edo –nondik begiratzen zaion–, ariketa masokista, beti makal izaten dudan autoestimua are gehiago hondoratzeko: ikasleek, esku artean dutena nirea dela ez jakitun, ez dute inolako problemarik izaten beren iritzia –nik eskatuta edo eskatu gabe– adierazteko, eta nire testuak ez dira inoiz (ia-ia inoiz paratzekotan egon naiz, baina zertarako gezurretan aritu) arrakastatsuak izaten. Jaso ditudan loreen artean, “hau bai sintaxi aldrebestua”, edo inoiz atzenduko ez zaidan bertze hau: “Baina, baina, morroi honek ez daki idazten!”. Edukia ere ez da kritikatik libre gelditzen. Behin, film bati buruzko kritika baten aitzinean, ikasle batek zera erran zuen: “Egilea dogmatiko samarra da, ezta?”. Aukera ikusita, ezin izan nion tentaldiari eutsi: “Bueno, nik, dogmatikoa baino gehiago, fanatiko hutsa dela erranen nuke, ez zaizu iduritzen?”; arrapostua berehala etorri zen: “Bada, bai, arrazoi duzu”. Horrelako sufrikarioen ondoren, mainak behar izaten ditut: lehen emazteak ematen zizkidan, baina dagoeneko nazkatua dut nire negar etengabeekin, eta azken bolada honetan Patxi Huartek milikatzen dizkit zauriak –milikatu metaforikoki, betiere–. Hari, Patxiri, zor diot Borgesen aipu hau: “Liburu bat gustatzen ez bazaizu, uztazu: edo zu ez zara liburuaren mailakoa, edo liburua ez da zure mailakoa”.
Ni animatu nahian eman zidan arren, aipuak ez dit anitz laguntzen, begi-bistakoa baita nire testuak ez direla nire ikasleen mailara ailegatzen –guziek maila ederra dute-eta–, baina gogoeta interesgarria da, lan intelektualen eta publikoaren arteko harremanari buruzkoa. Batzuetan, filmak edo liburuak ez dira publikoa bezain onak –ikus aitzineko paragrafoa–, baina batzuetan publikoak ez daki obra bat behar bezala balioesten, hau da, publikoaren maila filmarena edo liburuarena edo dena delakoarena baino eskasagoa da.
Azken egunetan, Espainiako publikoaren gaitzespena –edo, hobeki erranda, Espainiako publiko politikoaren gaitzespena– izan duen film labur bat ikusteko aukera izan dugu: bertan, aurpegia estalia daramaten bi lagunek arma batzuk entregatzen dizkiete nazioarteko bi egiaztatzaileri –Ram Manikkalingam-i eta Ronnie Kasrils-i–. Egia da zinemagintzaren ikuspuntutik pobre samarra dela: nik, adibidez, ekintza film bateko atrezzoa eskertuko nukeen –pistola anitz, lehergailu ugari, bala pila bat–, baina, nire ustez, bideoa egileen filmografia osoa kontuan hartuta epaitu behar da, eta hor aitortu behar zaio gaiari dagokionez aldaketa sakona eskaintzen duela, etorkizuneko lan oparoago baten promesa izan daitekeena. Espainian zinema-ekoizle inteligenterik balitz, hasiko litzateke bidea prestatzen hurrengo filma, edo hurrengoaren hurrengoa –batzuetan behin eta berriz saiatu behar da, bilatzen ari garen maisulana erdietsi baino lehen– egiazko blockbusterra izan dadin.
Alta, iduri du Espainiako zinema politikoaren urrezko aroa iraganeko kontua dela: hortxe ditugu 80ko hamarkadako maisulanak, Mariano Ozores-en Que vienen los socialistas, Rafael Gil-en Las autonosuyas, edo Alvaro Saez de Herediaren La hoz y el martínez. Duela ez hainbertze, ETAren bideoa argitara eman eta berehala ikusiko genituen zinema areto hoberenetan Los egiaztatzailes –euskal kutsu grazioso eta guzi– edo Que viene Manikkalingam film dudarik gabe bikainak. Trantsizioan, baina, demokrazia itxura izan zezan frankismoa eguneratzen ari ziren bitartean, Pedro Almodavarrek espainolada eguneratu zuen, zinema modernoaren itxura izan zezan. Horretarako, baina, trabesti, transexual eta maritxu gehiegi erabili zituen, eta harrezkeroztik, Espainiako publikoaren zati handi bat umezurtz dabil. Halere, gure garaia remake-en eta revival-en garaia da, eta bistan da Espainiako oraingo gobernua tematua dabilela, jo eta ke espainolada berpiztu nahian, zinemagintzan ez bada –Kultura ministroa eta zinema munduko jendea ez omen dira ongi moldatzen–, politikagintzan. Nolanahi ere, barne tradizio zinematografiko zein politikoei begira bizitzeak hori du txarra, gero zaila dela ulertzea kanpotik heldu diren filmak –“Armak entregatzen hasi gara” izeneko film labur bat, adibidez– edota ideia eta kontzeptuak –bake prozesua, nazioarteko egiaztatzaileak–. Baina, Borgesen hitzak gogoratuz, kasu horretan publikoa da liburuaren mailakoa ez dena. Hori, halere, ez da harritzekoa: publiko horrek, azken batean, futbola nahiago du liburuak edo filmak baino, eta futbolean, literaturan edo zineman ez bezala, inportanteena ez da irakurri edo ikusi bitarteko gozamena –prozesua, alegia–; inportanteena bukaera da, hau da, zikin jokatuta ere, garaipena.
Ederra oso, Santi, baina gaur sartu naiz autogolaren gaineko aipamenaren bila eta ez dut topatu. Kendu egin duzu?
Bai. Hasieran, ilustrazio gisa erabili nahi nuen, Rajoyren argazkia hautatu baino lehen, eta gero, testuaren erdian ikusi nuelarik, iduritu zitzaidan traba egiten zuela, eta, horregatik, kendu egin nuen.
Hara! Oraintxe topatu dut sarean. Baina lerroon egilea Roberto Bolaño omen, eta ez Borges…
Autogolaren testua Bolañorena da (nik Jorge Herralderen Para Roberto Bolaño-n irakurri nuen), eta testuaren azken esaldia kontuan hartuta, Zuzeuko sarrera prestatzen ari nintzela, goitian paratu nuen, ilustraziotako. Halere, iduritu zitzaidan nahasgarria zela, eta horren ordez, lehen Raxoi gisa ezaguturiko artistaren argazkia aukeratu nuen. Ondoren, Bolañoren aipua nire testuaren erdian txertatua ikusi nuen -zuk bezala-, baina ez ninduen konbentzitu eta, traba egiten zuelakoan, kendu egin nuen. Borgesen aipua da kakotxen artean dagoena, “Liburu bat…” Nolanahi ere, Bolañok badu ipuin bat (eta nire liburutegiaren egoeran posible balitz, zehaztuko nizuke zein), betidanik Borgesen El Sur izenekoaren eguneratzea iduritu zaidana. Hortik abiatuta, uste dut zilegi dela bi idazleen aipuak nahastea.
Bolañok Borges eguneratu? Damn it! Ez al zen ba, Borges bera, plagioan eta lapurrean ibili-zalea! Dena den: lapurrari ohosten ausartzen dena, ehun urteko barkamena (zilegi bekit erranairu xelebrea).
Eskerrik asko, Santi.