Galtzaileen historia ezkutua ezagutaraziz ikastaroa online

Galtzaileen historia ezkutua ezagutaraziko duen ikastaroa onlineOroimen historikoa hizketagai den garaietan, Euskal Herriko oroimen historikoari buruzko ikastaroa prestatu du UEUk udaberrirako antolatutako ikastaroen baitan. Euskal Herriko oroimen historikoa nazioarteko prozesuen testuinguruan ulertzea du xede, baita galtzaileen historia ezkutua ezagutaraztea ere. Azken batean, historiaren inguruko errelatoak landuko ditu.

 

Eztizen Miranda kazetariak eta ikertzaileak eskainiko du apirilaren 1etik maiatzaren 13ra bitartean, eta interesa duen edonori dago bideratuta. Horrez gain, ikastaroaren berezitasun nagusiena da online dela, hau da, norberak bere eginkizunen arabera egokitu ahalko du ikastaroko edukien lanketa. Hori gutxi ez, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak matrikularen % 35 ordaintzeko laguntza bideratuko du gipuzkoarrentzat, eta Eibarko eta Elgoibarko Udalek ere laguntza eskainiko dute udalerri horietan erroldatutakoentzat. Izena emateko epea zabalik dago jada UEUren web gunean.

 

Online irakaskuntzaren alde egin du apustu UEUk, eta udaberriko eskaintzan, guztira, lau eskainiko ditu. Tartean, Moodle 2.3 plataformaren erabilera aurreratuari, norberaren PLEa sortzeari (Personal Learngin Enviroment) eta norberaren euskara-maila lantzeari buruzkoak. Online ez direnak ere eskaintzen ditu: hala nola, ahots-teknikak lantzearen, eta eskola libre eta demokratikoek gizarte aldaketarako tresna izatearen ingurukoak. Ikastaroen zerrenda osoa UEUren web gunean da ikusgai.

 

Argazkia: GureGipuzkoa.net | “Eibar. Una vista de Eibar el año 1938” © CC BY-SA: Ojanguren, Indalecio

Galtzaileen historia ezkutua ezagutaraziko duen ikastaroa online
UEU

Udako Euskal Unibertsitatea (UEU)

3 pentsamendu “Galtzaileen historia ezkutua ezagutaraziz ikastaroa online”-ri buruz

  • Galtzaileen historia entzuteaz aspertuxea nago. Irabazleak nortzu izan ziren jakin nahi dut nik: baina ez agintari eta militarrak, zibilak baizik. Herri guztietan, galtzaileen lepotik aberastu zirenak, haiei ondasun guztiak kenduta. Gerra zibilaren historia eta istorio guzti honetan, hori botatzen dut faltan: jakitea zer txerrenkeria egiten zioten elkarri herritar xumeek, zibilek. Nortzu ziren gerrari esker aberastu ziren familiak. Nortzu diren gaur egun, haien oinordekoak, orduan lapurtutakotik oraindik primeran bizi direnak. Enpresariak, “profesionalak”, “rancioabolengo” duten familiak, asko eta asko euskaldunak edo euskal izenekoak behintzat. Galtzaileen mixeriak entzuteaz kokoteraino nago. Irabazleek zer dioten jakin nahi dut…baina irabazle zibilek. Ez militar eta politikoek. Horiek nortzu diren oso ondo dakigu: agintzen segitzen dute.

  • Bat nator zurekin, Aitor, erabat. Ez dakit inoiz inori irakurri-entzun ote diodan gogoeta hori hain argi egiten. Gure etxean ere ez da ozen esan, baina esan da herriko norbaitek salatu zituela birraitona eta amonaren anaia. Ez hori bakarrik, baserritik bota eta familia sakabanatu zuten botere soziala eskuratu zuten haiek. Inork helduko al dio gaiari?

  • Oso ondo esana, Aitor. Hatza oraindik zornea darion zaurian jarria. Horixe behar dugu jakin: irabazle zibilen historia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude