Inor epel uzten ez zuena

Inaki Azkuna Inor epel uzten ez zuena

Aitortu behar dut Iñaki Azkunaren manerak ez zitzaizkidala gustatzen. Nire iritziz, “bilbainismoa” muturrera eramaten zuen, ia topikora mugatzeraino. Era berean, bere tonuak harrokeri puntu bat agerian uzten zuen sarritan eta “al navajero, palo” bezalako mezuak populismotik oso gertu zeuden. Baina ezin esan bere hitzak neurtuak zirenik, jenio bereziko pertsona baitzen Iñaki Azkuna, ahoan bilorik gabe bere ideiak jaulkitzen zituenetako bat, hain zuzen ere. Horregatik, maite edo gorroto genuen bilbotarrok; pentsatzen zuena esaten zuelako, bide batez. Inor indiferente utzi gabe, gainera.

Ez dago ukatzerik Bilbaoren alde Azkunak egindako lan oparoa eta gardena. Ortuondok eta Roblesek hiria berritzeko lanari gogor ekin zion eta Bilbao “mapan” kokatzea lortu zuen, defizit zeroari eutsiz gainera. Hau guztia dela-eta, 2012an “munduko alkate onena” izendatu zuen City Mayors fundazioak, alkatetzan egin duen lanari aitorpen bikaina emanez. Dena den, ez dut zutabe hau amaitu nahi Osakidetzan eragin zuen iraultza azpimarratu barik, izan ere, Osasun sailburu zela, kalitatezko sistema publikoa bultzatu zuen Iñaki Azkunak. Adibidez, bere bulkadari esker Basurtuko Ospitala sare publikora sartu zen.

Langile sutsua, Bilboko makila eskuan zuela hil zen Iñaki Azkuna. Goian bego, egun handirarte.

Presencia Vasca saiorako osatutako zutabea

 

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.

2 pentsamendu “Inor epel uzten ez zuena”-ri buruz

  • Ez dago eskubiderik. ETB Tele Bilbao da erakutsi du Azkunaren kontuarekin. Neurriz kanpokoa, zurikeriz betea, auzo lotsa emateko modukoa. Oraintxe ikusi dut Gaur Egun eta, benetan, lotsagorritzeko modukoa izan da: «Jendetza ikaragarria bildu da elizkizunean» bota du esatariak, eta handik bost minutura, «7.000 pertsona izan dira» esan du. Jendetza ikaragarria 7.000 lagun Bilbon? Tontoak garela uste dute ETBn edo zer? Hiletara joan diren kirolari, artista, politiko… mordoa elkarrizketatu dute. Zergatik ez diete jarri mikroa trikorniodunei? Hauxe alderdiko telebista, telebatzoki konpletoa. Agh!

    • Egun on Gotzon,

      Zurekin bat nator, bonbo gehiegi eman diote Azkunaren heriotzari. Hori bai, ezin uka Azkunak geure herrian izan duen garrantzia, zeina hiletan bildu den jendetzak agerian utzi duen (7000 pertsona astelehen eguerdian nahikotxo da).

      Ondo ibili

      Jon.