Euskara azterketak, akatsak eta erabilera

Euskara azterketak, akatsak eta erabilera

Euskara azterketak, akatsak eta erabilera

Egun hauetan ikasleak HABE eta bestelako tokitan azterketa egiteko izena ematen hasi dira. Horrekin batera, haserrealdiak, nerbioak eta kezkak areagotu dira.

Urte luzez, euskararen ezagutza ziurtatzen duen agiria EGA izan da, baina azkenko urteotan B1 eta B2 tituluak zabaldu dira eta honek zenbait aldaketa sortu du.

Batek baino gehiagok titulen beharra zalantzan jarriko du, baina oraingoan eztabaida hori hurrego baterako utziko dugu. Gaur, berriz, azterketen helburu eta metodologiaz mintzatu nahi nuke, arazo franko ematen baititu indarrean dagoen ereduak.

B2 tituluak ohiko hiztunen maila eskuratuta dagoela bermatzen omen du. Izan ere, gaztelera ama-hizkuntza duen pertsona normal batek antzeko ezagutza maila erakutsi ahal izango luke, hori erakusteko derrigortasuna ezarriko baliote . Aitzitik, bere bizitzan euskara nagusi den hainbat eta hainbat ikaslerentzat idatz-proba gaindituezineko horma bilakatu da.

Azkeneko hiru urte hauetan euskal hiztun batzuen kasua aztertutakoan, eredu honek dituen arazoetaz ohartu gara. Azterketa honetan entzungai eta irakurgaietan ez da arazo handirik egoten, ohiko hiztunek aise gainditzen dute eta. Mintza-probara iristen diren gehien-gehienek ere gainditzen dute, aldiz, mintza-probara iritsi ahal izateko 200 hitzaz osatutako idazlan egin behar dute eta hor dugu kozka.

Idazlana zuzentzeko 15 puntura heldu behar da eta puntuazioa taula itxitan antolatuta dago, zuzentasunari garrantzi handia ematen diotelarik. Puntuazioa antolatuta dagoen moduan, 4 bat ergatibo , nominalizazioren bat eta aditz pare bat gaizki egin dituena gogor zigortuko dute, eta 15 puntu horietara iristeko 1-2 puxtarrien falta izango ditu. Gauzak horrela, euskal hiztun batek bere bizitzan mintzatzeko eta komunikatzeko trabarik ez duenak behin eta berriz horma horren kontra jotzeko arriskua du, euskarak dituen ezaugarriengandik oso normala baita deklinabidean eta bestelako arlotan tarteka akats batzuk egitea.

Idazterakoan, gazteleraz ala frantsesez egin daitezkeen akatsak ez dira inondik inora euskeraz egiten ditugun akatsekin parekatzeko modukoak. Euskarak deklinabide zabala du, konplexua, aditz sistema aberatsa eta orijinala, euskalkiak, kaleko hizkera, azpieuskalkiak. Akats motak desberdinak izango dira eta ziurasko gehiago, hiru hizkuntz hauek ezin dira berdin epaitu, gutxiago euskararen normalizazioa horren urrun dugunean.

Euskara estandarizatua egotea, “batua”, aurrerapausu handia izan zen, zalantzarik ez. Euskara batuaren ahozko zein idatzizko forma zainduak eta arautuak egotea beharrezkoa da, eta arau horiek guztiak ondo erabiltzeko gaitasuna duten pertsonak azterketa batetik pasaraztea oraindik beharrezkoa da.

Halere, guztiz ezberdina da erabilera eta ezagutza sustatze aldera egin behar diren ekimenak eta probak, bertan zuzentasunaren gainetik, arintasuna, estrategia komunikatiboak eta eraginkortasuna lehenestu behar baitira.

EGA azpiko B1, B2 mailak asmatu izanak ikasle berriak eraman ditu euskaltegietara, baina eskaintza berri honek ukan dezakeen eragina nekez nabarituko da irizpideak erabilera eta ezagutza hedatzeko asmoz presatzen eta neurtzen ez badira.

Euskara batuak euskara indartu du. Orain ere euskalkiak eta kaleko hizkera batuaren laguntzaz indartzeko moduan gaude. Gutxineko ezagutza unibertsalizatu behar da, euskararen irakaskutzan estrategia komunikatiboak bereziki lantzen, deklinabidea errezten duten trikimailu linguistikoak jorratzen (elipsiak, fonetika ekonomikoagoa, aditz laguntzailea ordezkatzeko nominalizaioak, kaleko hizkera…) , ulertzeko eta mintzatzeko trebeziari lehentasuna ematen. Eta oraingoz ezagutza neurtuko dituzten azterketa eta agiriak beharrezkoak direla deliberatzen bada, neurketa horren helburu hizkuntza erreala (akastak eta guzti) erabiltzeko izan dadila, ulermenari eta mintzari lehentasuna emanez, otoi.

Euskara azterketak Euskara azterketak Euskara azterketak Euskara azterketak
Patxi Azparren

Donostiarra Pasaiaratua.

14 pentsamendu “Euskara azterketak, akatsak eta erabilera”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2014-03-23 13:51

    Gaztelaniaz idaztean egin daitezkeen akatsak ez dira inondik inora euskaraz egiten ditugun akatsekin parekatzeko modukoak. Gaztelaniak erlatibazio sistema aberatsagoa du, hizkera informaletik jasora desberdintasun zenbait dituena; gaztelaniaz aditzek 101 deklinabide-eredu dituzte, 52 aditz irregularrekin; askoz arau ortografiko gehiago ditu gaztelaniak euskarak baino, izan ere, gaztelania idatziak ahoskeraz informazio zehatzagoa ematen baitu, eta horri gaineratzen zaio ahoz bereizten ez diren hizkiak ikasi beharra, hala nola V eta b eta h-a. Espainiera estadarra oso hedatua egonagatik, hizkuntzaren lekuan lekuko erabilerak asko aldentzen dira estandarretik: hubiera/habría, adizki analogikoak, dequeismoa, laismo/leismoa, que erlatiboa denetarako ibiltzea, lexikoa,…

    Oso zalantzazkoa da Madrilgo erdaldun peto batek EGAren pareko azterketa zorrotz bat gainditu ahalko lukeen.

    Joder. Nolako gauzak irakurri behar diren.

  • Patxi Azparren

    zalantzarik ez izan Amonamantangorri, Madrilgo edaldu peto-peto horrek ez zuen EGAren pareko azterketarik gaindituko.

  • “B2 tituluak ohiko hiztunen maila eskuratuta dagoela bermatzen omen du”.

    Barkatu, baina hori hala da zerorrek diozulako edo gogoak eman dizulako? Irakur ezazu Europako Curriculumak dioena, faborez.
    ” Aitzitik, bere bizitzan euskara nagusi den hainbat eta hainbat ikaslerentzat idatz-proba gaindituezineko horma bilakatu da” Analfabeto direlako seinale. Ez barreiatu gezurrak inolako lotsarik gabe, arren!

  • Patxi Azparren

    Curriculam irakurrita Nagore, B2 titulua eskuratzen duena “hiztun independientzat” hartzen da, hortik gora “gaitua” esaten zaio.

    Ez dakit zenbat urte izango dituzun Nagore, baina adin jakin batzuetatik gora euskaldun hiztun askoren egoera ez da uste duzun bezain xamurra eta horiei “analfabetoak” deitzea…..

  • Lehenik eta behin, Amamantangorrik esandakoa ez da zuzena. Esaten du: “espainiera estadarra oso hedatua egonagatik, hizkuntzaren lekuan lekuko erabilerak asko aldentzen dira estandarretik: hubiera/habría, adizki analogikoak, dequeismoa, laismo/leismoa, que erlatiboa denetarako ibiltzea, lexikoa,…” . Aldentze hori argi ikusten da, batez ere ozeanoaren bi ertzak konparatuta. Baina bi gauza zehaztu behar dira: alde batetik, “hubiera” edo “habría” erabiltzea (esaldi nagusietan) eta “leísmo”a (hirugarren pertsonarako erabilita) ez dira akatsezat hartzen. Gainera, adizki analogikoen erabilera penintsulako espainera (León, etab. kenduta) eta “español meridional” deitzen dena bereizten duen ezaugarri bat da (lexiko bezala), eta DELE C1 azterketan gaur egun ez zaio inori penalizatzen “español peninsular” ez erabiltzearren (hau Cervantes Institutoaren web orrian irakur daiteke erraz asko, estandarrak diren eredu desberdinak onartzen baitira eta ia estatu bakoitzak bere azterketa propioa dauka). Beraz, Amamamantangorrik aipatutako abidideetatik bi baino ez zaigu gelditzen: “dequeísmo”a eta erlatibozko “que”aren erabilera. Ez du asko ematen… Eta “que”arena ez dago hain hedaduta, gainera: ??Esa es la casa que voy, ?Esa es la chica que su padre me conoce… adibideak ez dituzte hiztun askok onartuko, nik uste.

    Azkenik, eta nire iritziz askozaz garrantzitsuagoa dena, EGAren azterketan egiten diren akatsak hizkuntza baten gramatikaren onarrian (“core grammar” ingelesez) kokatu genitzakeen: ergatiboa eta komunztadura. Akusatibo-nominatiboa den hizkuntza batean (hau da, gazteleraz) nola izango lirateke halako akatsak? Ba, adibidez: *Mi vengo mañana (hau da akusatiboa nominatiboaren ordez, euskaraz nominatiboa – “ni” – ergatiboaren ordez erabitzearen parekoa) edo *El libro te los podría traer a tu hermana a primera hora. Benetan uste al duzue erdaldun peto batek halako akatsak egingo lituzkeela? Niri sinestezin egiten zait, egia esan. Esaten duzuena baldin bada “hobeto euskara traketsan , espainera perfektuan baino”, ondo da, oso errespetagarria baita hala pentsatzea, baina esan argi, post honetan ondoriora heltzeko erabiltzen den abiatze-puntua (akatsak ez dira hainbesterako, gehiegizko maila exiijitzen zaie euskaldunei, erdaldunek espaineraz gaindituko ez luketena) guztiz faltsua delako.

    • Amonamantangorri 2014-03-24 02:43

      Egindako zuzenketak gutxi gorabehera ontzat hartuz, esan behar dut nire erantzunari igual [ironic mode on] bat falta zaiola. Patxik dio euskaraz hutsak egitea barkagarriagoa dela hizkuntza konplexuagoa delako. Hala ulertu diot nik behintzat. Hutsekin ez ginatekeela hain zurrunak izan behar, euskararen deklinabidea eta aditza izugarri zailak baitira. Niri argudio bezala nahiko irrigarria iruditzen zait.
      .
      Eta bukatzeko: nire adibide asko gaztelania penintsularretik atera ditut, tartean inguruan aditzen dudan erdaratik. “Dijistes” ez da amerikako espainierakoa, eta “si vendría” oraingoz ez da azterketa batean ontzat hartzen…

  • Patxi Azparren
    patxi azparren 2014-03-24 09:19

    Egun on:

    Gaizki argudiatuko nuen bada Amanomantangorri. Artikulutxoaren bidez batik bat azterketetako eredua zalantzan jarri nahi nuen, indarrean dagoneak ez baitu erabilera ardatz. Eta bide batez euskara gogoz hobetzen ala ikasten ari diren hainbat pertsonaren arozak mahaigaineratu.

    HABEk kudeatzen duen B2 azterketan idazlanetan egokitasuna , koherentzia, kohesioa , aberastasuna eta zuzentasuna epaitzen dira. Zuzentasunaren atalean erdiko puntuazioa 4 da eta hurregoa 2. Puntuazio mota hori dela medio, artikuluan aipatzen ditudan akats horiek eginez gero , zuzentzaileak 2, jarriko lioke. Idazlanaren beste atal guztiak gaindituz gero, 14 puntu izango lituzke eta hortaz ez liokete aitortza emango ikasleari.

    Horrela suertatzen da hainbat eta hainbat kasutan, host, entzungaietan eta irakurgaietan nota ona atera, idazlanetan egokitasuna, koherentzia (komunikazioaren helburu nagusiak) eta akats batzuengatik mintza-probara joateko aukera galdu. Egoera honetan dauden euskaldun hiztunek mintza-probara iristea lortzen badute gainditzen dute, baina hori ezin dute lortu, idazlana aurretik jartzen dutelako eta gainera 200 hitzez osatutako idazlan bat. Eredu ala puntuzazio mota honen arabera, deklinabidea, eragtiboa eta bestelako osagarri gramatikalak nagusitzen dira komunikazioa beharren gainetik.

    Bestalde, konplexuAGO ez nuen idatzi, bai berriz, konplexua. Hizkuntz guztietan erregistro ezberdin daude eta garapen literario zabal ukan duten hizkuntzek ziurasko erregistro kopurua handiagoa izango dute. Gazteleraz eta frantsesez ondo idaztea zaila da, edozein hizkuntzatan ondo idaztea zaila da, esan nahi nuena zera da, euskarak dituen ezaugarriengatik eta batik bat egora soziolinguistikoagatik, ezin ditugula akatsak berdin epaitu normalizatuta dauden hizkuntzetan eta gutxituan daudenetan, hortaz Europako Curriculuma euskarari egokitu behar bazaio, euskal hzitun eta hiztungaien beharrei egokitu behar zaiola, helburu nagusia euskararen hedapena dela uste baitut.

  • “Euskarak dituen ezaugarriengatik eta batik bat egora soziolinguistikoagatik, ezin ditugula akatsak berdin epaitu normalizatuta dauden hizkuntzetan eta gutxituan daudenetan, hortaz Europako Curriculuma euskarari egokitu behar bazaio, euskal hzitun eta hiztungaien beharrei egokitu behar zaiola, helburu nagusia euskararen hedapena dela uste baitut.” Honekin guztiz eta erabat ados. Kontuan hartu behar dugu gure hizkuntza zein egoeratan dagoen (oraindik ere), ezin dira beste errealitatei egokituta dauden eremuak hemen inposatu. Benetan, Patxi, eskerrik asko hausnarketa honengatik. Iruditzen zait ez dela asko entzuten, eta ezin zentzuzkoagoa da, nik uste.

  • Peru Dulantz 2014-03-24 17:12

    Kontuan izan behar da EGAk zertarako gaietzen duen jendea (besteak beste, euskara-eskolak emateko). Nire ustez betiko zorroztasunarekin jokatzen segitu behar da titulu hori ematerakoan. Bestela, hor daude B1eta B2, maila apalagoko titulu gisa.

  • Patxi Azparren

    Eskerrik asko Libe eta ados Peru, EGA edo antzeko azterketaren bat helburu mugatu batzuetarako beharrezkoa da.

    Haatik, serio heldu beharko genioke gutxinenko ezagutzaren unibertsilazioari . Egunerokotasunean euskaraz aritzeko gai garenon kopurua azkarrago handitu behar da.

    Helduen euskalduntze eta alfabetatze ereduan aldaketak sakonak behar dira eta gazteen diglosia larria ekiditzeko ekimen beharra ere begi bistakoa da.

  • “serio heldu beharko genioke gutxinenko ezagutzaren unibertsilazioari”

    Horrek arrisku bat du: euskararen gutxieneko maila bat unibertsalizatzeak, ez badu zorroztasun eta zuzentasun exigentziarik parean, ekar dezake orokorrean unibertsalizatzen dena gutxieneko maila hori izatea…

    Total 4-5 ergatibo gaizki jarri, eta “esan du ke joango da”, eta “gaur gaude eta atzo gauden”, eta “si ez dut nahi” esanez, ondo komunikatzen gara ezta?

    Ba jarri horrela hitz egiten duten 4 pertsona ondo hitz egiten duen batekin etengabe, unibertsalizatu hori, eta ea zer ateratzen den. Adibidea: D eredua orokortzeak ekarri duena. Ikasleak erdaraz barra-barra aritzea eta euskaraz aritzera behartuta daudenean, euskañol negargarri bat erabili beharra, euskaraz ondo dakitenek ere (exigentziarik ezaz gutxiengo maila orokortzen baita).

    Datu bat besterik ez dut jartzen mahai gainean. Zorrotzegia izateak uxatu egiten omen du jendea euskaratzetik, beno, lasaiegi izateak euskaldunak berak uxatuko ditu euskara normal batetik (ez ya zorrotz eta puru batetik, baizik eta euskara izenda daitekeen zerbaitetik).

    “Egunerokotasunean euskaraz aritzeko gai garenon kopurua azkarrago handitu behar da” Aritzeko gai izan zertarako? Gai izan bai, baina ez hitz egiteko? Ze, zaude ziur, maiz hitz egiten duenak ez du hain gaizki hitz egiten. Ikasle horiek hain gaizki hitz egiten dute, behartuta bakarrik (eta gutxi) egiten dutelako euskaraz.

    Perspektibak ez dira galdu behar. Nik ez diet titulurik eskatzen nirekin euskaraz txapurreatzen animatzen direnekin, eta animatu egiten ditut. Baina tituluak tituluak dira, eta hortik gora…

  • Patxi Azparren
    patxi azparren 2014-03-25 15:30

    “Debaldeko”: euskañol eta antzekorik, beste arlo batean kokatuko nituzke eta hala ere, euskañol euskara txukunago erabiltzeko behin-behineko bidea balitz, gaitzerdi. Tamalez normalean kontrako norabidea gertatzen den fenomeno liguistikoa da, hau da, menpekotasun egoeran dagoen hizkuntzaren higaduraren adierazgarri.

    Arrazoi, maiz hitz egiten duenak gero eta akats gutxiago egingo ditu. Euskara hutsez aritzeko esparruak bideraktu behar ditugu, txukun-txukun mintzatzen direnak, traketsagoak , biderdian daudenak eta hasi berriak direnak elkartuz, besteak beste.

  • Patxi, gauza bat daeuskara ikasten ari den baten tarteko maila (nahitaez espainolaren kutsua izango duena), gerora maila zuzenagoa lortzeko eskailera maila bezala ulertua.

    Zuk diozun bezala, euskañola ez da hori, euskañola erabiltzen duena nekez igoko baita eskaileran gora. Hau da, euskañola da bere euskara. Eta hori orokortzen uzten badugu, jai dugu. Beraz (eta hori da esan nahi nuena) orokortzen saiatu behar duguna goragoko maila da, eta ez gutxienekoa edo tarteko eskasa (euskañola).

    Eta horretan, barkatuko didazu, baina ni pesimista naiz. Gero eta jende gehiago ikusten dut euskaraz ari dela pentsatuz, eta euskañola eginez lasai-lasai. Noski, egiten duten apurretan.

    Ze arazoa hemen borondatea da, euskara ikasi edo/eta egin nahi izatea. Esparruek ez dute ezertarako balio borondaterik ez badago esparru horiek betetzeko. Eta borondate edo interes falta da gure auzi honen GUZTIAREN oinarria.

  • isidro elgezabal 2014-03-30 18:20

    Epa! Erderetan idaztean egin litezkeen akatsak konparagarriak ez direla esatearekin ez nator bat; español funtzionariogai guztiei C1 maila eskatuz gero, 4tik 3k ez luke gaindituko. Egia da euskarak badituela bere zailtasunak, hizkuntza bakoitzak bereak ditu, baina gaztelaniak 1.100 aditz irregular ditu ( harrapatu kaleko edonor eta esaiozu “caber” aditza denbora guztietan konjugatzeko), nahasmen ugari b,v,g,j,y,ll…ortografian eta baita preposizioetan (España erdia dabil “pienso de que” estan…)
    Galdera da ia euskara ikasleei ezartzen zaien C1 maila hori, Europan aplikatu egiten dana, irizpide berberekin egin beharko genukeen hemen, kontuan izanda hizkuntzaren egoera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude