Gureaz

Gureaz –

Zortzi abizen euskaldun filmak gerra piztu du twitterren. Batzuek txalo artean hartu dute Borja Cobeagak eta Diego San Josek idatzitako filma. Beste batzuek aldiz, topikoz betetako pelikula txar moduan definitu dute. Kontuak kontu, berton gehien ikusi den filmetako bat da. Mediaset taldeak Lo imposible filmarekin egin bezala, promozio lan bikaina egin baitu oraingoan ere. Gurean sobera aktore onak ditugula, kanpoko aktoreak euskaldun plantak egiten ikusteak baina kezkatu egiten nau. Zertan ari gara gu bitartean? Sentsazioa daukat guk ez ditugula beraiek bezain ondo zaintzen egiten ditugun film apurrak. Filmetatik hasita promozioraino. Zenbat aste egin ditu zinema aretoetan denbora gehien egon den euskarazko filmak? Kezkatzen nau, erderetan pentsatutako lanak euskarara itzuli eta diru-laguntzak lortzeko filmak euskaraz errodatzeak. Buruz ikasitako hitzek zer esan nahi duten ulertzen ez duten aktoreak pantailan ikusteak ezinegona eragiten didan bezala. Euskaraduna izanda, esaten ari direna ulertzeko azpidatziak irakurri behar izateak ere artegatzen nau. Kezkagarriena baina, guk horren aurrean ezer ez egitea da. Badago euskaraz sortutako ikus-entzunezko proiektu proposamen interesgarririk? Badago aktore euskaldunen lana defendatu beharko lukeen beste defendatzen duen elkarterik? Badago lan horiek ikusi nahiko lituzkeen ikus-entzulerik? Ez dut uste aurreko belaunaldiek ezer egiteko asmorik dutenik. Eta guk, gazteok, badugu horren aurrean zerbait egiteko borondaterik?

Gureaz – zuzeu

IZAN ALA EZ IZAN