Inkesta soziolinguistikoaren emaitza nagusiak aurkeztu dituzte

Inkesta soziolinguistikoaren emaitza nagusiak aurkeztu dituzteEusko Jaurlaritzak EAE, Nafarroa eta Iparraldeko V. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitza nagusien berri eman du gaur Donostiako Andia kaleko Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. Bertan izan dira, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendi eta Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendari Ivan Igartua; Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Euskararen Prestakuntza eta Sustapenerako Zerbitzuko zuzendari Julen Calvo, Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari Frantxua Maitia eta Euskaltzaindiako Iker sailburu Andoni Sagarna.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendik azpimarratu duenez, “egun garrantzitsua da gaurkoa, benetan pozgarria iruditzen baitzait Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako, Euskarabideako eta Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariok elkarrekin gaudela ikustea V. Inkesta Soziolinguistikoaren aurkezpen honetan”.

Berria egunkariak argitaratutako informazioa.

Jarraian txostenaren emaitza batzuk grafikoki:





(INFORMAZIOAREN LEIHOAren albiste guztiak)

Inkesta soziolinguistikoaren emaitza nagusiak aurkeztu dituzte

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

17 pentsamendu “Inkesta soziolinguistikoaren emaitza nagusiak aurkeztu dituzte”-ri buruz

  • Lehenengo taula nola aurkeztua dago? Egoki al dago horrela? Ez dut uste, izenak eta zenbakiak apurtua edo bi lerrotan aurkeztea zuzena denik.
    Bestalde datuetan gutxien gustatu zaidana:
    Iparraldean Euskara sustatzearen aurkako portzentaia handitu egin da eta besteak jaitsi, beste lurraldeetan alderantziz. Baita atentzioa jotzen du portzentaia batzuek hauteskundeetakoekin antza dutela

  • barkatu, baina zein da euskaldun zahar eta jatorrizko elebidunaren arteko desberdintasuna…? Ni elebiduna naiz (txikitatik), eta euskaldun zaharra ere…
    eskerrik asko!

  • Aiala, ez dakit ziur, baina pentsatzen dut elebitasuna sortzetik jaso dutenak izango direla jatorrizko elebidun, etxean euskara zein gaztelania (edo frantsesa) ama hizkuntza gisa ikasi eta erabili izan dutenak.
    Alegia, etxean euskara baizik jaso ez duzun euskaldun zaharrok kalean edo gizartean erdaldundu gara, oso txikitatik, ia betidanik gara elebidun, baina ez jatorriz.

    • Eskerrik asko erantzunagatik, errem! Bai horrelako zeozer ere ulertu nuen nik ere…baina muga lausoa da, berez, nik ere gaztelania etxetik kanpo ikasi nuen, baina etxean euskara ikasten nuen une berean…Zuk esan bezala, ia betidanik gara elebidun, baina ez jatorriz…

  • Ba betiko moduan… ezagupenaren kopurua handitzen da baina erabilpenari dagokionez kopuru txiki hori mantentzen da.

    Euskaldunetatik elebidun hartzaileen taldera pasatzen diren personak dira beste arazo bat, euskararen erabilpen eskasak sortzen duen egoeragatik gertatzen da.

    Iparraldeko egoerak kezkatzen nau.

    Estrategia aldatzeko garaia?

  • txantxibiri 2012-07-17 14:04

    Itxura denez, besteak beste, 1991tik euskaldun zaharren kopuruak behera egin duelarik, erabilerak ezin gora egin. Euskal herrietako zaharrenak ez bezalako hizkuntz ohiturak dakartzate, nonbait, ikastoletako ikasle berriok. 2011ko “zaharrak” (65 urtetik gorakoak) hiltzean geratuko den panoramak ez dirudi izugarri bihotz altxagarria…

  • Inkestaren emaitzak bat datoz azken urteotan ikusten ari nintzen joera batekin: nire inguruan dauden euskaldun gehienek gero eta gutxiago erabiltzen dutela euskara, eta batzuetan “euskañol” barregarriaz aritzeko.
    .
    Are deigarriago egiten zait euskaldun horiek Nafarroa oinez, Ibilaldia eta abar guztietara joateaz gain beren burua abertzale eta euskaltzalea baldin badaukate. Eta are gehiago guzti horretaz gain D ereduan ikasitako gazte independentista eta antolatuak baldin badira.
    .
    Euskal Herriko beste lekuetara joan naizenean ikusi dut nire herriko egoera ez dela salbuespena eta euskararen erabilerarekiko kontzientzia maila asko jaitsi dela azken urteotan.
    .
    Zabarkeria eta bazterketa instituzionalaz gain ez dakit joera honek zerikusirik daukan mugimendu euskaltzalea (EHE, Euskaldunon Elkarteak eta bezalako taldeak) hain ahul egotearekin edo beste faktore gehiagorekin. Ziur baietz.

    • Aupa I. Larrea:
      Ez dakit zenbateraino datozen bat inkestek eman dituzten emaitzak azken urteetan ikusten ari zaren joerarekin. Komunikazio orrian diote:
      – “Lurdes Auzmendik aipatu duenez, “ezagutzak ez ezik erabilerak ere gora egin du (…). Gazteen artean geroz eta nabarmenagoa da euskararen erabileran gertatzen ari den hazkundea. Izan ere, 35 urtetik beherakoen artean euskara erabiltzen dutenak duela hogei urte baino gehiago dira hiru lurraldeetan, batez ere EAEn”.
      Hau irakurrita justu aipatzen duzunaren aurkakoa gertatzen ari dela dirudi, baina agian arrazoi duzu testuak jarraitzen baitu:
      – “Gizarte osoko erabilera kontuan hartu ordez elebidunen erabilerari erreparatzen badiogu, elebidunen kopurua gehitu den arren, euskararen erabilera gaur egun 1991n baino txikiagoa da. Gizartean oro har nabarmen hazi da euskararen erabilera, baina gaur elebidun direnek ez dute 1991n elebidun zirenek baino gehiago erabiltzen euskara. Hala ere, 2001etik aurrera joera-aldaketa bat egon da eta gazte elebidunek gaur egun duela hamar urte baino gehiago erabiltzen dute euskara EAEn eta Iparraldean, baina ez Nafarroan.”
      Bigarren zati honengatik hasi dut erantzun hau “Ez dakit…” esanaz. Norbaitek argituko?

  • Eskainitako datuak ez badira beste datu batzuez laguntzen (kultur eskaintza /kontsumoaren ezaugarriak, hedabideen eskaintza / kontsumoa, euskararen eskaera maila lanean, eta abar), ez digute gauza handirik esaten. Egoera horren zergatiak ezagutzea ezinbestekoa da, bestela, badirudi erabili edo ez erabiltzea euskal hiztunon ardura soila dela, eta ez da horrela.
    Adibidez, nola egingo dute lan euskaraz arduradun politiko erdaldunen menpeko langileek, haiek euskaraz piperrik ere ez badakite, eta euskararekiko inongo interesik agertzen ez badute?
    Bengoa x langile elebidunak = erabilera zero.
    Beste horrenbeste Ares, López, Azcuna, Maya, Maroto eta abarrekin ere. Eurak nahikoa dira euskararen erabilera potentziala ia erabat neutralizatzeko euren eremuetan.

    Zer gertatzen da haur eta gaztetxoen arlora begira jarrita? Zertan ematen dute denborarik gehien ikastetxeko atetik alde egindakoan? Intereneten, bideojokoetan, telebista ikusten, eta aisialdiko jardueretan, besteak beste.
    Zein hizkuntzatan eskaintzen dira horiek guztiak?
    Egin kalkuluak eta atera ondorioak…

  • Bidenabar, aurkezpeneko argazkian pintxo-pintxo ageri diren Frantses estatuaren eta Nafarroako erreinuaren ordezkarien erituak zein dira ba? Euskara desagerrarazten lagundu izana?
    Bengoa, Azcuna, Mayor Oreja, edota Ares ere argazkirako deitzea izan zuten…

  • Euskararen erabileraren legeek ez dute misterio handirik. Oinarrizko arauak: euskara etxetik jasotako bik, gehienetan euskaraz; euskara ikastolan ikasitako bik, gehienentan, erdaraz; euskara etxean eta euskara ikastolan jasotako bik, segun non, euskaraz -Gabirian- ala erdaraz -Bilbon, Gasteizen, Iruñean, Donostian, Baionan-. Iraultza, hortaz, euskara ikastolan jasotako bi gehienetan euskaraz aritzen diren egunean emango da.

  • Independentziarekin agian ere bai baina independentziarik gabe eta espainolisten beto eskubidearekin euskara beti izango da bigarren mailako hizkuntza bat, halabeharrez.

    • Ba bai, gerta daiteke Irlandan gaelikoarekin gertatu dena.
      Gaztelania eta frantsesa oso hedatutak dauden hizkuntzak dira, baina EH independiente batekin ez badugu saiakerarik egiten ez dugu jakingo.

  • Partida ez da amaitu, borrokan segitu beharko…

  • Erabileraren legeak pixka bat konplexuagoak dira gorago esandakoa baino.
    Hori bai, gaur egun, Bilbon, Gasteizen, Irunen, Berriozarren… euskaraz bizi denak, horren aldeko apustu tinkoa eta konszientea egin duelako da.
    Egun, Euskal Herriko herririk gehienetan inertziaz ez dago euskaraz bizitzerik, botere-eragile nagusiek ez dutelako ahalbidetu nahi, zeren BESTELAKO HIZKUNTZ POLITIKA batekin egingarria bailitzateke, independentzia lortu arte zain egon gabe ere. Gipuzkoan ezagutza eta erabilera, biek egin dute gora. Zergatik? Seguruenik Foru Aldundiaren eta udal askoren aldeko hizkuntz politikei esker.
    Ostera, Bizkaian, Araban, Nafarroan eta Iparraldean, egoera bere hartan edo okerrera. Lurralde horietan indar politiko nagusiak zein diren ikusi besterik ez dago, joera eta joeraren gradazioak ulertzeko.
    EAJ-k euskaltzaleago jokatuko balu, eta ezker abertzaleak koherentzia handiagoz, euskararen bilakaera kaskarra iraultzea badago.