Iñi, lotu zure txakurra!

http://alteretaego.wordpress.com

 

39_litxarreroak

Argazkia: Litxarreroak
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 5760×3840 px (3:2)
Sortze data: 2013/05/01
Latitudea: 43º 25,184´ N
Longitudea: 2º 43,409´ W
Kamera: Canon EOS 5D Mark III
Objektiboa: Canon EF 24-105mm f4/L IS USM
Distantzia fokala: 90mm
Irekidura: f6,3
Esposizio denbora: 1/400?
Sentikortasun eskala: 250 ISO
Flasha:

Alter dixit.

Neure buruari erdi zin egin nion ez nuela joan zen apirileko Bermeoko suteaz ezer idatziko. Galarrenaren 100. urteurrenerako prestatu nituen kantatarako hitzek ase zuten, antza, herriko tragediak plazaratzeko nuen grina.

Baina, hona hemen, Bizkaiko politikari ezagun batek luzatutako gonbite baten harira. Bestelakoa izan zen, zehatz esateko, hark luzatu zidan proposamena: gure herriko zenbait pasarte ezagun kontatzen dituen Bermeoko portuan kantuari sutearen inguruko ahapaldi berri bat gehitzea.

Ez nion baiezkorik eman. Hori bai, lagun ere badudala aprobetxatuz, ea Bermeorako atez-atekorik aurreikusten den galdetu nion, zirikatzeko asmo argiz; berak ere, bueltan, ez zidan ezezkorik eman.

Azken ezbehar honek, zerbait utzi badigu, arazo larrienei erantzuteko orduan herritar xumeok dugun gaitasun ikaragarria da, une horretan karguan ditugun politikariez haratago. Handia izan zen sua, eta handia utzi duen samina; baina handiagoak oraindik Bermeok erakutsi duen zutitzeko eta elkartasunerako gaitasuna.

Elkartasun horren zantzuan eta, bide batez, kaltetuei diruz laguntzeko antolatu zen, maiatzaren 1ean, jai erraldoi bat alde zaharrean. Kontzertu eta ekimenez bete ziren egun batzuk lehenago suak hustutako kaleak.

Itzela izan zen, kolosala. Eta kalean, gainera. Edozein kale-kantoi zen egokia, antzezleku zein antzezlekurik gabe, bakoitzak eskaini zezakeena eskaintzeko. Suak etxeak kendu dizkigu, baina kalea, oraindik geurea da. Beltzez jantzitako batzuk, batzutan, hala izaterik nahi ez badute ere.

Izan ere, zorigaiztoak pilatzeko berezko gaitasuna duen kilometro koadro gutxiko esparruan bizitzea tokatu zaigu euskaldunoi. Urte bete joan da, adibidez, kaleak hartu genituen beste egun horietako batean, Iñigo Cabacas hil zutenetik. Oraintsu ikusi dut atera berri den DVD ikaragarria. Ikaratzekoa, agian hobe.

Sutearen aurrean emandako erantzunak izugarri pozten nau. Gauzak gaizki egiteak edo erabaki okerrak hartzeak, ez horrenbeste. Baina gauzak gaizki egin, eta gainera, okerrak ezkutatzeko aitzakian, are okerrago jokatzeak, batere ez. Kontu honetan guztian gauza bat argitara atera beharrean gaudela iruditzen zaidalako. Esatea bera gogorra bada ere, Cabacas ez zuen gomazko pilota batek hil: Ertzain batek hil zuen, herri-zain batek.

Horrexegatik, hain zuzen ere, izugarri pozten naiz, arrazoia edozein delarik ere, herriak kalea hartzen duenean. Eta horrexegatik, hain zuzen ere, nengoen hain gustura Ramonetarrak taldearen kontzertua entzuten Nardiz tar Jon eta Armendurua kaleen bidegurutzean. Hori bai, susto ederra hartu genuen, han ere.

Bat-batean, Gabba Gabba Hey!-ka geundela, “pistola bat!” oihukatu zuen norbaitek. Han ginen denak geratu ginen mutu, geldi. Ugarteko famatuak izan ez zuen odol hotza erakutsiz, “Iñi, lotu zure txakurra!” bota zuen abeslariak mikrofonotik. Berehala, irribarrea ahoan, plastikozko pistola eskuan zuen haurraren aitak ekarri zuen egoera bere onera. Orduan bai, barrez hasi ginen denok.

Bermeon horrela konpontzen ditugu arazoak; Gasteizen, tamalez, oso bestela.

 Ego dixi.