Bekadunak

Hedabideetako mahaietan errotazio etengabean dabiltzan piezak dira. Aspaldi batean batzuek lortzen zuten bekadun aroa gainditzea. Hedabideen krisi garaiotan inork ere ez du halakorik erdiesten. Halere, enpresentzat pizgarri ekonomiko izaten segitzen dute ikasle edo lizentziatu berriek. Eskulan merkea garesti irteten dela uste dute beste batzuek.

Bekadunak Erredakziorik ez da bekadunik gabe. Inork ez daki noiztik den horrela, baina orain beti dago haientzako lekua. Zergatik diren hain ezinbestekoak? Aurrezteko modu aparta direlako, fotokopietarako orrien bi aldeak erabiltzea  bezala.

Euskal kazetarien lan baldintzak badaezpadakoak badira, pentsa nolakoak diren bekadunenak. Hedabideen unean uneko beharretara erabat moldatu daitezkeen pertsonak dira. Ez dute kexatzeko ohiturarik, ez baitaude ziur zerk merezi duen protesta eta zerk ez.

Bekadunak beterano-erosoen lan deserosoak egiteko ere aproposak dira. Demagun adibidez, grabagailua esku batean eta aterkia bestean herritarrei iturriko urari buruz duten iritziaz galdetzea. “Ai zein ondo, bekadunak egingo du hau”. Behin entrenatuta daudenean, gainontzeko kazetarien lan zama arintzeko balio dute bekadunek. Hori beti izan da horrela. Baina…

Garai batean baleko bekadunei benetako kontratua egiten zieten.  Biak irabazle. Enpresak gaztean egindako diru (apur) eta (lan-errutinak erakusteko) denbora inbertsioa soberan berreskuratzen zuen. Bekadunari etorkizuneko lan aukera bat zabaltzeaz gain, bestela emango ez zioten ofizioa ikasteko aukera ere eskaintzen zieten. Dena ondo bidean, pentsatzekoa zen enpresek kazetarigaiak prestatzen zituztela, gerora haienean lan egin zezaten. Hilabete batzuk frogatzeko eta gero onenak kontratatu. Horrek zekarkion zentzua bekadunaren figurari. Gaur hori fikzioa da. Etorkizunik gabeko behin behineko langile merkeak dira. Eta kitto.

Erremediorik gabe sartu-irtenean dabiltza oraingo bekadunak. “Lan aparta egin duzu. Saiatuko gara lekua egiten gurean, baina orain ez dago dirurik”. Sen onari uko eginez, kazetaria kontratatu beharrean, kazetarigai-bekadun berrien bila abiatzen da enpresa. Ez dauka ez buru ez hanka. Hedabidearentzat kazetarigaiak prestatzen denbora xahutzea da hori. Bekadunarentzat noraez profesionalera itzultzi aurreko geltoki bat.

Gabeziak gabezia, hedabideentzako errentagarria da. Epe motzeko ikuspuntu ekonomikotik zentzu gehiegi du. Hedabide progreenek ere ez liokete ukorik egingo 30 urteko bekadunez jositako erredakzioari.

Bekadun ohi izatetik, kolaboratzaile izatera

Zorioneko bekadun ohia kolaboratzaile bihur daiteke. Alegia, iturginek bezala, enkarguz egiten du beharra. Plantillako langile batek egin dezakeen lana egiten du, baina askoz ere kostu txikiagoarekin. Aukera hori izan ez dutenek beste lanbide baten bila hasi behar dute lehen bait lehen. Edo, onena, haien kasa sortu hedabide txiki eta merke bat, zeinak etorkizunean bekadunak kontratatuko dituen.

Bekadunak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude