Iñaki Aginaga, ‘Bonzo’

Iñaki Aginaga, ‘Bonzo’ –

Iñaki Aginaga, 'Bonzo'Nabarraldek argitaratu berria du Iñaki Aginaga. El hombre que pensó la nación (vasca), Luis Mz. Garatek idatzia. Urte batzuk bete ditugunok pozik eskuratu ditugu misterioz beteta gizon horrek ezkutuan gordetako pentsamenduaren izkribuak. Izan ere, beste ideien artean, Francoren azken urteetako euskal nazioari buruzko pentsamendua ere jasotzen du liburuak, hirurogeiko hamarkadatik delako trantsiziora arteko Aginagaren ideiak, El Bonzo bezala ezaguna eta ELAren eszisio batetik sortutako eladioen buruzagietako bat zenarenak.

Garai hartan, abertzale ezkertiarrok, marxista ikuspuntutik, Euskal Herria independente izateko eskubidea aurkitu behar genuen eta Leninen izkribuak ezinbestekoak genituen euskal nazioaren askapenerako estrategia diseinatze aldera. Eginkizun horretan, Krutwigen La cuestión vasca, besteak beste, oso egokia izan zitzaigun, baina jakin dugu Aginagak ere gai hori landu zuela.

Aginagaren arabera, Euskal Herria espainiar eta frantziarren inperialismoak preso dauka eta hortik askatzeko euskal estrategia eratu beharra dago, inola ere ez estatukoa, alderdi marxista espainiarrek gura zuten bezala. Bestalde, askapenerako zuzendaritza bakarra izan behar du, non burgesia nazionala, euskal langileria eta beste hainbat herri klase integratuko diren zuzendaritza horretan. Azken finean, Maoren Fronte Nazionala proposatzen zuen Aginagak, garai hartako hainbat abertzale ezkertiarrok defenda genezakeen bezala, baina betiere zalantzekin, ikusirik EAJren praktika.

Alderdi estatalek iraultza soziala lehenesten zuten eta abertzaleok askatasun nazionala eta soziala atxikita doazela defendatzen genuen

Bestalde, garai hartako abertzaleontzat internazionalismoari egin geniezaiokeen ekarpenik handiena zatekeen geure nazioaren askapen nazionala eta soziala burutzea, ez estatuko alderdi marxistek proposatu eta defendatzen zutena. Alderdi estatalek iraultza soziala lehenesten zuten eta abertzaleok askatasun nazionala eta soziala atxikita doazela defendatzen genuen. Gai honetan ere, Aginagak eta abertzale ezkertiarrok, dirudienez, ez genituen diferentzia nabarmenak, nahiz hark gu mespretxuz kritikatu.

Politika inperialistak ez ditu esplotatzen Mendebaldetik at dauden herrialdeak bakarrik, Aginagaren aburuz. Izan ere, inperialismoak mozkin ekonomikoak erdiesten ditu lehengaiak erauzita, eta metropolia profitatzen da, batik bat herrialdeko oligarkia, baina kolonizazioa kulturan eta hizkuntzan ere gauzatzen da. Euskal Herriaren kasuan, espainiar inperialismoak ez ditu hemendik lehengaiak aterako, bai ordea zergak, eta, bistakoa denez, hizkuntza eta kultura ere inposatuko dizkigu metropoliak.

Iñaki Aginaga, 'Bonzo'

Euskal ekonomian espainiar inperialismoak duen eraginaz mintzo zaigu Aginaga. Garai hartan euskal ekonomian ematen ari zen deskapitalizazioaz idatziak egon, bazeuden, baina Aginagarenak ez ziren ezagunak. Adibidez, gai horiek Gurutz Antsolak edo nik neuk landu genituen, bai alde teorikoa, baita enpirikoa ere; argitalpenez aparte, gehienbat euskaraz, hainbat hitzaldi eta mintegi egin genituen unibertsitatean eta kultur ekitaldietan. Alta, Aginagak erabili zuen bibliografia ikusita, ez dirudi ezagutzen zituenik lan horiek. Haatik, elkarren berri zuzena ez genuen izan eta ondorioz, ezta gure arteko sinergiarik ere.

Aginagak hauteskundeetan zer egin planteatzen digu. Bere ustetan, espainiar inperialismoaren erakundeak legitimatzen dira parte hartzen bada, baina hauteskunde sindikaletan, euskal langileria defendatzeko, bidezkoa da parte hartzea. Gai horretan ez dut uste oso urrun geundenik.

Halere, El Bonzoren inguruan sortu zen misterioa argitze aldera, komenigarri zaigu aipatu liburua irakurtzea.

ARGIArentzat egindako kolaborazioa

Iñaki Aginaga, ‘Bonzo’ Iñaki Aginaga, ‘Bonzo’

Krutwigen Lagunak ekimena

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude