Ikasturtearen Hasiera Baserrian: Kilometroak eta Denbora

Ikasturtearen Hasiera Baserrian: Kilometroak eta Denbora –

Ikasturtearen Hasiera Baserrian: Kilometroak eta Denbora

“Zer ongi, azkenean umeak eskolan hasiko dira, hori bakea izango duguna!” Guk kontrakoa bizi dugu, ordea, justu kontra-kontrakoa, zalantzarik gabe. Gure etxean seme-alabak oporretan izateak bakea esan nahi du, denbora gehiago edozein gauzatarako eta kilometro gutxiago.

Eskolarako bidean badira goxagarriak

Orain arte, eskolarako bueltak ordubete eskatzen zigun, eta 23 bat km egin behar izaten genituen: etxetik institutura 12,5km, hortik herriko eskolara, beste 4km, eta eskolatik etxera 7km. Horietako batzuk mendiko pistaz, eta ez dira egoera onean dauden mendiko pistak –gu konforme geundeke pistok zulorik ez balute, ez dugu gehiago eskatzen…–. Gure antolaketarako, udazkenean nahikoa zen 7:15ean esnatzea; eta erditze garaitik aurrera, 5:30ean.

Bidaia horiek lau urtez egin behar izan ditugu, egunero –eskola garaian, noski–, eta aurten zaharrena batxilergoan hasteak ibilbidea aldatu egin digu. Zein izango den, baina, oraindik ez dakigu.

Institutura joateko bi aukera ditugu:

  • Etxetik zuzenean joatea, autoz:
    • 23km joan eta beste hainbeste bueltatzeko
    • Denbora: ordubete inguru
    • Etxetik ateratzeko ordua: 7:35am
  • Etxetik 12,5 kilometrora dagoen autobus geltoki batera joatea, autoz ere:
    • 10km joateko eta gero buelta.
    • Denbora: 40 minutu inguru.
    • Etxetik ateratzeko ordua: 7:00am

Eskolarako bueltak ez dira hor bukatuko, ez horixe! Herriko eskolara doazen biak ditugu oraindik etxean. Autoz joan behar dugu:

  • Joan-etorria: 14 km
  • Denbora: 30 min
  • Etxetik ateratzeko ordua: 8:40 am

Ondorioz, etxetik beranduago ateratzeak –eta lo gehixeago egiteak–, suposatzen du ordu eta erdiko bidaiak egitea; eta ordubete pasatxoko bueltak behartzen gaitu lehenago altxatzera. Bihartik aurrera, beraz, hasiko gara 6:00etan ala 6:30ean, zein aukera hartzen dugun. Azken ondorio horrek bere horretan iraungo du erditze garaia heldu arte. Behin hori heldu eta jezten hasi… auskalo, baina kalkulatu dugu hasi beharko dugula martxan 5:00etan –seme-alabekin gosaltzen jarraitu nahiko bagenu–.

Hori dena goizekoa baino ez da! Arratsaldetan, kilometroek jarraitzen dute pilatzen: eskolara joan bila, eskolaz kanpoko jarduerak… Eta azken horrekin, neskatilaren bertso-eskolaren zalantza –iluntzeko 20:00ak aldera izan daiteke– eta mutiko txikiarekin buruhaustea dugu.

Izan ere, futbola maite du, eta eskola-kirola programan hartu nahiko luke parte –urteroko eskaera horixe izan da–, baina horrek suposatzen du: entrenamenduak diren egunetan, iluntzetan mutikoa jaitsi behar eta bere zain geratzea; larunbat goizetan jaitsi goizean goiz, eta edo behean itxaron edota igo eta berriz ere jaitsi –hori autoa eramatea tokatzen ez bada–. Orain arte beti esan behar izan diogu ezetz, ez garela heltzen, lana pilatzen zaigula. Orain zer esan?

Zehaztapen bat egin nahi dut aurrera jarraitu baino lehen, Pikunietatik hausnarrean ezagutzen ez duen bakarren bat hona erori bada: gure baserria gure etxea izateaz gain, gure lantokia ere bada; artzainak eta gaztagileak gara; beraz, baserrian eta baserritik bizi gara. Beraz, gure kasuan, nahitaez, gure lana –baita lan-orduak ere–moldatu behar izaten dugu kalerako buelta horiek ahalik eta eragin txikiena izateko gure familiaren egunerokotasunean, eta alderantziz. Oreka topatzea, batzuetan ez da erraza.

Arestian kontatu dizuedana gaur ari da gertatzen, XXI. mendean; hemen, Gipuzkoan. Eta zoritxarrez, gure kasua ez da bakarra izango, ziur naiz. Zer egingo dute halako egoerekin gure arduradun publikoek? Ala bakanak direnez, ez dira aintzat hartzen? Bada, jaun-andreak, abisua doakizue: are bakanagoak izango dira. Bai, bai, ez harritu. Zer gazte animatuko da baserrian eta baserritik bizitzera bizimodua hain konplikatua izan behar badu, eta are zailagoa umeak izan nahi baditu edota edadetuekin bizi bada, edota…? Bai, nik onartzen dut gure baserri urrun honetan bizi garela nahi dugulako, seme-alabak hemen haztea erabaki genuela, eta bagenekiela zaila izango zela. Baina horrek guztiak ez ditu erakunde publikoak salbuesten bere ardurak betetzetik.

Ikuspegi orokorretik begiratuta, XXI. mendeko jendarte hau motz –oso motz ez esatearren– ari da jokatzen uste badu baserriak bizirik mantenduko direla –bertan eta bertatik biziz– baserrietara internet eta halakoak bakarrik eramanez. Izan ere, baserrian ere behar dugu eskolara joan, eskolaz kanpoko jardueretan parte hartu, eguneko zentrora joan, lagunekin egon… Ez dakit bada, bizi! Eta horiek, maiz, ez daude sarean, baizik eta gure bizitza errealean.

Baserrian bizitzen asko lagunduko lukeen ekimena abian da zenbait tokitan: auzo-taxi zerbitzua. Erraza eta eraginkorra. Ez du inbertsio handirik behar, ez da mendia edota hiria zulatu behar, ez du hipotekarik eskatzen… Horixe, erraza eta eraginkorra. Bi adibide Deba Garaian: Oñati –2016tik– eta Bergara –2018ko otsailetik–.

Ikasturtearen Hasiera Baserrian: Kilometroak eta Denbora
Horrelako kilometro batzuk ere baditugu

Ni galdu egiten naiz eskuduntzen oihanean, ez dakit zer nori galdetu, baina galderok har ditzala bakoitzak berarentzat balira. Agian, horrela helduko gara gure jendartearen balizko etorkizunaren definizio batera. Horra hor galdera sorta:

  • Zer jan nahi dugu? Nongoa, nola ekoiztua…? Nork nahi dugu izatea horren arduradun/ekoizle?
  • Baserriak txalet nahi ditugu ala erabat bizirik nahi ditugu –bertan eta bertatik bizi–?
  • Kaletarrek dituzten zenbait zerbitzu nola eraman baserrira –garraioa, kasu– ala baserritarraren eskuetan geratu behar du erabat? 
  • Edozein esparrutan pertsonalizazioa aldarrikatzen den garaiotan, zergatik ez eman arreta kasu bakanei?
  • Gai honekiko erabakiak zer irizpide jarraituta hartu beharko lukete?
  • Eskola derrigorrezkoa den garaian, administrazioak zer egingo luke baserri batean autorik ez balego edota mugitzeko aukerarik ez balute?
  • Garraio-beka sisteman nola hartzen da kontuan kasu bakan horiek? Bada eraginik jasotzen den diru kopuruan?
  • Zein dira lehentasuneko arloak –estrategikoak, garai batean esaten zen bezala– jendarte batean, partaide guztiok paretsu bizitzeko?

Galdera gehiago ditut borborka, eta askorentzat erantzunik ez. Luuuze jo du idatziak, eta luzeagoa izan zitekeen. Utzidazue, mesedez, azken esaldi bat idazten: baserritarrok ere uztartu nahi ditugu gure familia eta lana, guk ere nahiko genuke gure umeek beren bizitza egitea zama sortzen dutela sentitu gabe; horregatik –eta gehiagogatik–, auzo-taxi zerbitzua eskatzen dugu behar duen edozein baserritarako.

Ikasturtearen Hasiera Baserrian: Kilometroak eta Denbora

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN

Zer duzu buruan “Ikasturtearen Hasiera Baserrian: Kilometroak eta Denbora”-ri buruz

  • Arrazoizko eskaera iruditzen zait. Ea kontuan hartzen duten.

    Bide batez, probestu nahi nuke aukera, garraio zerbitzu publiko duin bat eskatzeaz gain, errepide sare itxuroso bat aldarrikatzeko. Izan ere, Gipuzkoako errepideek beldurra ematen dute. N1etik hasi, eta bigarren mailako errepide guztietara. Bada, zer esanik ez baserrietara doazen bideak. Larunbatean Lizarrustin gora nindoan errepideko bizikletaz, eta zulo handi bat eskibatzearren ezkerrerantz sartu nintzen, justu, kotxe bat atzetik nuenean adelantatzen (ez nuen entzun). Ez ninduen arrapatu nahiko ezkerretik adelantatzen ari zelako. Barkamena eskatu nion, eta sustoan geratu zen dena… Lizarrusti gaña hartu, Nafarrora pasa eta, tatxaaan! errepide zabala, zulorik gabea… dena zoragarri. Nolatan ba alde hori? zertan gastatu nahi dute denon dirua gure agintariek?