Ijito euskaldun eta dantzariak
Ijito euskaldun eta dantzariak –
Joana Artzak dantzan.eus atarian.
Ijitoen nazioarteko eguna ospatzen da apirilaren 8an eta, hain zuzen, Erromani herriaren I. Nazioarteko Kongresua ospatu zela 50 urte betetzen diren honetan, ijito euskaldunen eta dantzarien zenbait kontu bildu ditugu, orain 12 urte Dantzan-en argitaratu genuen sarrerari eta Ijitoak Euskal Herrian jardunaldiez Aritz Ibañezek egindako kronikatik tiraka.
Wikipediak zehazten duen bezala:
Ijitoak (egiptanotik eratorria, «Egiptokoa»[1]), buhameak (bohemiarretik), motxaileak edo erromaniak Erdi Aroan Euskal Herria iritsi zen etnia bat da, ziurrenik Indiako ipar-mendebaldetik[2]. Ijitoen presentziaren lehenengo testigantza 1435ekoa da[3] eta geroztik jazarpen eta ez-ulertuetan oinarritutako historia izan dute[4].
.
Uztaritze, ijito euskalduna
Sei mende dira ijitoak Euskal Herrian bizi direla eta ijito euskaldunen lehen testigantzek lau mendetik gora dituzte. Horietako bat da Paskual Iturbiede, gaitzizenez Uztaritze; hain zuzen ere Lapurdiko herri horretan baitzuen ohiko bizitokia. 1597an atzeman zuten Iturbiede beste bi lagunekin batera, Sunbillan etxe batean lapurretara sartu izana leporatuta. Epaiketan Uztaritzek euskaraz egin zuela jaso zuen Florencio Idoatek eta prozesuan bere adierazpenetako batzuk jasota daudela.
Euskal ijitoen euskalduntasuna XX. mendera arte mantendu dela erakusten du Gregorio Mujikaren testigantzak. XX. mende hasieran, Leitzan, ijito ume bat etorri zitzaion etxera eskean. Mujikak euskaraz hitz egin zuen umearekin eta galdetu zion ea ijitoen hizkuntza ezagutzen ote zuen. Umeak baietz erantzun zion eta Mujikak galdetu zion ea ijito gaztelauekin hitz egiteko balio ote zuen. “Ez dakit, ez dut ijito gaztelaurik ezagutzen”, erantzun zion umeak.
.
Ijitoak dantzan
Dantzarako zaletasun eta dohain apartak ijitoen ezaugarritzat jo dira historikoki. Florencio Idoatek 1949an idatzita “Los gitanos en Navarra” lanean honela dio:
Su habilidad para la danza y para las artes de la adivinación ejercieron siempre cierto ascendiente sobre el pueblo, y sabido es que bailaron en la boda de Felipe II, con Isabel de Valois en 1560.
Idoatek aipatzen duen errege-erreginen eztei horren aurreko urtean, 1559an hain zuzen ere, Lekeition 85 maravedi ordaindu zizkieten dantza egin zuten ijitoei. Euskal lurretan han-hemen ageri dira XVII. mendean dantzan egiteagatik ordaina jaso zuten ijitoen testigantzak, bai gizonezkoak, bai emakumezkoak ere. 1620an Abadiñon “ocho reales a las ygitanas por la dança del dia de San Trocaz” ordaindu zitzaizkiela jaso zuen Iñaki Irigoienek eta 1662an Durangon ordaindu zitzaiela “a las Jitanas por la danza y fiesta que hizieron el día de Ntra. Sra. de Agosto”. 1680an Artzentalesen 20 erreal ordaindu zitzaizkien Santa Kurutzen dantzatu ziren “Jitanos y xitanas”-ei Emilio Xabier Dueñasek jasotakoaren arabera.
.
Motsailak, buhameak eta ijitoak folklorean
Agerikoa da ijitoen arrastoa hainbat tradiziotan: kaldereroak ijitoen kalderash taldearen inauteri-antzezpena dira, Lapurdiko kaskarotak jatorriz ijitoak zirela aipatzen du zenbait ikertzailek eta Zuberoako maskaradetan ijito papera jokatzen dute buhameek eta kauterek; kantiniersa bera ere jatorriz buhamea omen zen.
Maskaradetan ijitoez eskaintzen den irudia salatu eta aldatzeko eskaera egina du Nicole Lougarotek: “XXI. mendean oraindik ahal ote da, tradizioaren errespetu estakuruan, egiaz izan den giza talde baten ikuspegi hau zabaldu, jakinez baztertuak izan direla, batzuetan herra handiarekin?”. Liburua (Bohémiens), DVDa (Tziganoak eta maskaradak), pastorala Mixel Etxekoparrekin batera (Ederlezi), webgunea (Maskaradak eta buhameak), erakusketak, hitzaldiak eta elkarrizketak eskaini ditu Lougarotek auzi honetaz azken urteotan.
Azken ttunttunero ijitoa
Dantzarako bezala, musikarako zaletasun eta dohain handiak erakutsi izan dituzte ijitoek.
Ijito txistulariak tradizio eta estima handikoak izan dira. Egiten zituzten beste zenbait lanbide bezala, urteko sasoi batzuetako lana zen, beraz, urtean zehar hainbat jarduera tartekatuz osatzen zuten bizimodua. Mikel Aranbururen esanetan, ijito musikariak ohikoak izan ziren Iruñeko ospakizunetan XVI. menditik XX. mendearen hasierara: Corpus eguneko prozesioetan jotzen zuten eta baita San Ferminetan ere.
Aranburuk hainbat ijito musikariren izenak bildu ditu: Francisco Jimenez, Martin Santxotena, Martin Ezponda edo Miguel Antonio Abadiano. Baita Etxeberriatarren familia ere. Lehen Etxeberriatar ezaguna, Matias, XVIII. mendeko azken herenean ttunttunero aritzen zen eta baita ardi moztaile ere. Matias horren biloba, ijito ttunttuneroen artean ezagunenetakoa da Jabier Etxeberria. Artzibarko Arrieta herrian jaioa, Eskirozen bizi izan zen. Ijitoa eta euskalduna, Iruñeko udalak kontratatuta sanferminetan erraldoiak laguntzen aritu zen txistua jotzen 1847 eta 1911 bitartean. San Fermin jaietan bertan hil zen 1911ko uztailaren 11n, eta diotenez 100 urte zituen. Jabier Etxeberriarena kasu berezia da luze bizi eta jo zuelako, eta XX. mendean ezagutu zutelako, baina txuntxunero aritutako ijitoak eta agoteak arruntak izan ziren euskal musikaren historian Mikel Aranburuk erakutsi duenez.
Ijito euskaldun eta dantzariak
Hamar urte inguruko eskola-umea izango nintzen, hainbat irakaslek ekimen bat abiatu zutenean herriko jende zaharrena ezagutu genezan. Umeak binaka bidaltzen gintuzten hainbat jende zaharraren etxeetara, elkarren berri izan eta hitz aspertu batzuk egiteko. Horrelako batean ezagutu nuen Ixaka Lopez-Mendizabal bere moldiztegian eta horrelako beste batean egokitu zitzaigun bertako ijito zahar bati ere bisita egitea. Jo dugu atea, bizi zen parte zaharreko etxe hartan eta hura zaintzen zuen alabak atea ireki. ¿Sabéis vascuence?, aurreneko hitza, es que el aita no sabe castellano. Nirekin zetorrenak ez zekien batere eta hortxe egon zen isili isilik, nik, ikatza baino beltzago zen aiton ijito harekin, dagoeneko ahaztu zaizkidan hainbat kontu berritzen nituen bitartean. Kontuak ahaztu bai, baina aiton haren irudia ez, ezta alabaren harrera hura ere.
Hartsuagaren harira, nik ere oroitzen dut tramite batzuk egitera etorri zen emakume ijito batek esan zidana. Bere aita zaharrarekin etorri zen eta mesedez euskaraz egiteko esan zidan, aitak ez bait zuen gaztelania ulertzen. 2000 urtea zen, dela ez hainbeste.