Igandetiarrez mukuru
Igandetiarrez mukuru –
Turistak bertzeak dira. Gu, aldiz, bidaiariak gara, eta leku ederren bat bisitatzen dugularik, zoritxarraren zoritxarrez, turiztez betea aurkitu ohi dugu.
Igandetiarrak ere bertzeak dira. Guri igandeaz gozatzea gustatzen zaigu, eta atsegin dugu eguraldi ona egiten duelarik leku politak zapaltzea, baina, ene bada!, jendez mukuru daude beti. Ez ote daude toki gehiago inguruotan?
Koronabirusaren hedatze gehiegizkoa dela-eta Nafarroatik ateratzea debekatu diguten honetan, antza denez, Nafarroa ezagutu dugu nafarrok. Edo berriz ezagutu. Eta zenbait ibilbide goxo autobide bilakatu ditugu; zenbait herri lirain, hiri zaratatsu; eta zenbait mendi tontor, Everesteko ilara.
Nafarrez beteriko igande nafar hauetako zoramena hasi zenean, Aezkoa eta Zaraitzuko batzarrek “zuhurtzia” eta “errespetua” eskatu zuten, Iratiko inguruetan gertatzen den masifikazioaren ondorioak gehiegizkoak izan ez zitezen. Ez erran zentzuzko eskaera bat ez denik.
Nik gauza bakarra gehituko nuke: onar dezagun behingoz igandetiarren gauza onak egitea gustatzen baldin bazaigu igandetiarrak garela; eta behin hori onartuta, errazagoa eginen zaigu igandetiarren gauza txarrak ez egitea, hurrengo igandean.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko azaroaren 11koa]