Igandeak
Igandea, bere txikian, asteroko uda da. Astean zehar elkarrekin egotera ohituta ez dauden bikotekideak, elkarrekin egotera behartzen dituen eguna. Igandearen azterketa epistemologiko bat eginez gero, igandezaleen gutxi gorabeherako taxonomia bat egin daiteke:
Pater familia-k: astean zehar etxean kolpe zorrik jo ez duen pater familia-k ogia, croissant-ak eta egunkaria erraztuko dizkie familia kideei.
Mater familia-k: astean zehar senarraren ergelkeria jasan eta gero, senar horrexen beraren besotik helduta kalera irtengo da, bere ezkontza egunean bailegoen.
Auto-garbitzaileak: igandea autoa garbitzeko baliatzen dutenen komunitatea ere handia da: autoa etxe aurrean aparkatu, parez pare zabaldu, eta alargadore ingenieritza konplexu baten bitartez, etxeko aspiragailuarekin zabor-hondakinak xurgatu.
Bizitza-koktel-bat-da estilokoak: egun aproposa, baita ere, zibil arropa erantzi eta galaz janztekoa: andreek inoiz baino harroago eraman ohi dituzte kalparrak, bisuteriarekin apainduko dituzte atzamar, lepo eta eskumuturrak, eta tabernan, martiniaren azeituna haginkatuko dute, hezurra esku ahurrean bilduz eta inork begiratzen ez duenean lurrera jaurtiz. (Gizonek, ostera, azken urteetako forropolarra erantzi eta lepo-pikodun jertse tradizionala jantziko dute, egueri partean sorbalda gainean jartzeko).
Baina igandeetako fenomenorik interesgarriena, eta ez bakarrik susperraldian egoteagatik, baizik eta baita ereduaren sakontasun psikologikoagatik ere, berdin jantzitako bikoteek osatzen dute. Ez dira oldeka kalera irteten, baina geroz eta gehiago dira. Ez dute zarata askorik ateratzen, baina ongi begiratuz gero, igandero aurkituko duzu bakarren bat. Kirol arroparekin jantzita aurki daitezke, eguzkitako betaurrekoak buru gainean, eta Decathlonen erositako uniformearekin: zulo askodun kamiseta ultraarina, mendirako galtza sokatxoz beterikoa, zapatila zuri makulugabeak… Biak ala biak modelo eta kolore berberekin, batzuetan oinez, beste batzuetan mahai baten bueltan egunkaria zabalik eta kalamar bat erdibana zizka-mizkatzen duten bitartean albiste bera aldi berean irakurtzen… Gurasoek berdin jantzitako anai-arebak dirudite, edo bitan partitu eta sexu propioa garatu duen gizakia (poliki-poliki bikoizten jarraituko dena), edo asteko desberdintasunak berdindu asmoz igandea mimetismorako erabiltzen duen jendea.
Orduak eman ditzaket haiei begira. Gainera, ez dira konturatzen. Kontzentratuegi daude kalamarrak sinkronikoki jaten eta egunkariko lerroak aldi berean leitzen. Igandeetan pixama berdina janzten duten nahi nuke jakin.
(Zazpika-n argitaratua)