Igandea
Igandea –
Igandea da gaur, atzo Arabako industriaren aldeko manifestazio jendetsu eta itxurosoa izan genuen, eta gaur lelo berria duen ohiko ekitaldia dugu. Oso bestelakoa. Irailaren 27a da gaur, eta hortik ibiliko garen guztiok badakigu zertaz ari garen. Urte luzetan burutu dugu honen bezalako ekitaldia, beste lelo batez, bai, baina azken urteotan beste itxura bat hartu du ekitaldiak, eta ez dut uste arrazoi bakarra errepresioa denik. Esan nahi baita, bestela ere agian gutariko batzuek barneratua dugula gure haurrek ez dituztela biharko ikastoletan euren izenak abestuko, agian euren izenak narrazio korapilatuago, aberatsago eta inklusiboago batean agertuko dira, seguruenik ez dituzte ikuspegi epiko batez gogoratuko, baina seguru naiz ere narrazio, errelato horretan ez dela genozidio hitza erabiliko, ez eta hiltzaile/asesino ere. Seguru. Eta oso bestelakoa izango da etxean, supazterrean agertuko den euren izenen inguruko kontakizuna.
Errelatoaren bataila fundamentala dela diote batzuek, baina nik ez dut uste bataila hori gaur eta betirako ebatziko denik. Errelatoa eraikiko da, bai, baina eraikitze hori ez da lineala izango. Historian zehar izan diren gatazka guztietan bezala, aldatuz joango da, eta ez da sekulan azken 60 urteotan gertatu denaz interpretazio bakarra egongo. Norbera gatazkaren fase honetan defendatu dituen interesen arabera saiatuko da gertatutakoa interpretatzen. Ez dut nik inoren aldetik autokritika sakonik espero, eta ez diot eskatzen. Eta adin-arrazoia dela medio gatazkaren fase horretan parte hartu ez dutenek beste hoztasun batez aztertuko dute dena. Egia osoago bat deskubrituko dute, parte bat eta bestearen alde ilun eta argiak hobeto identifikatuko dituzte eta, tira, azkenean gertatutakoaren ikuspegi orekatuagoa eskuratuko dute, aurreiritzi eta interesik gabea. Gutxi gora behera.
Eta, bitartean, gatazkaren fase horri itxiera txukun bat emateko azken urrats bat falta zaigu. 200dik gora gizon emakume falta dira euren etxeetan. Azken urteotan egon den blokeoak desesperantzaren ertzera eraman gaitu maiz, baina nago egoera hori arian arian urtzen ari dela. Azken hilabeteotan izan diren mugimendu herabeek baina ez hortaz esanahi baikorrik gabeek norabide bat markatzen dute. Eta aste honetantxe, adibidez, Idoia Mendiak edota Espainiako Espetxeetarako Idazkari Nagusiak egin adierazpenak ere argigarriak dira. Badago egoera horrekin bukatzeko aukera. Datozen 2 edo 3 urteak garrantzi bizikoak izan daitezke euskaldun horiek etxeratzeko bidea eraiki eta urrats itzulezinak burutzeko. Horretarako inteligentzia, limurtzeko gaitasuna eta erabakitasuna eta presionatzeko indar pixka bat izan daiteke beharrezko, eta guztien arteko konbinazio ona.
Arian arian altxatzen bada Euskal Herria, arian arian has daitezke presoak etxeratzen. Inori minik eman nahi gabe, sinpleki etorkizunean batzuen eta besteon seme alabek elkarrekin abes dezaten, nahi dutena abes dezaten.