Igande honetan denok (ez)bozkatzera!

Igande honetan denok (ez)bozkatzera! –

Egun zinez polita dugu igande hau. Gazteagotan baina, honelako egunak are gustokoago ere nituen, orain baino askoz gehiago, ziurrenik idealeen bor-borrek artean sutsu zihardutelako nire baitan. Halarik ere, egun ere, agian oroitzapen gisa besterik ez bada ere, zeinek jakin, oraindik ere atsegin ditut honelako hauteskunde igandeak. Igande berezi hauetan zinetan eta benetan erabaki litekeen balizko horri dagokionean, egia aitortzera, gaur egun nahiko sinesgabe naiz, gure hautu edo hatu ezak ezer askorik, edo batere ez, aldatu dezakeenik ez dut espero. Alabaina, ez dakit, baina iraganminez-edo, honelako erritu-egun zibilak gustoko izaten jarraitzen ditut, politak dira zinetan, eta oso gogobetegarri.

Lau urtetan behin, bi urtetan behin, plazertxo txiki bat hartzen du norberak egun honelakoetan egin lezakeen edo har lezakeen jarreragatik. Norberak bozka lezake edo ez; ondo hausnartutako bozka eman lezake, edo, adiz, bihotz-bihotzetik bere betiko parrokia-klubaren alde egin lezake, ohi duenez; beste behin ere boto-aldaketa eginez zer edo zer aldatuko dela bere bizitzan sinetsi dezake; bere boto arraroan bere arrarotasuna erakutsi; amorruz bozka dezake; ustezko garaileekin bat egin nahian-edo euren alde eginaz bozka lezake… Motibazioak, zerrendatutako horiek eta askoz gehiago ere, nahi adina, imaginatu ahal izan adina izan litezke.

Nolanahi ere, eta orain oso niretik hitz eginda, norberak bere bozka-suertez pentsa eta itxaron lezakeena, libre, baina, ezer gutxitan baldintza dezake gure botoak. Hasteko eta behin, aspalditik “leku jada bakar horretan” egoteko “modu bakarrean” siglarik eraginkorrena delako politikan garailea. Leku guztietako joera badugu ere aipatu hau, gurean ere kanpaina honetan ezin argiago ikusi ahal izan dugu. Den-denak oso jatorrak, eta jatorretan jatorrenak nortzuk eta ustez garaile izan litezkeen horiek. Zein baino zein finago “leku bakar horretan” egon ahal izateko. Sinesgarriagoak izango dira batzuk bestetzuk baino. Batzuek, aurrerantzean bestela egingo dutela, aurrerantzean bestela egin dituztela gauzak aginduko digute, degiarriki bazaigu ere, kontuan izanik jada badaudela eta egon direla “leku bakar horretan”, orain artean, eta justu beste modu batez jardunda. Bestetzuek, aldiz, are ustekabeango ere harrapa gintzakete, ex-nihilo, ex-novo, mintzo zaizkigula dirudi-eta, iragan pisu-pisutsua izanik ere, iraganik gabe, jaio berri-berritan bezala ari zaizkigu-eta, jada gorroto zipitzik ere ez dariela, kasik are maitekor ere, maitasunez gainezka bezala-edo… Listu potoloa behar da gero, kanpainan botatakoak irensteko; halere, botatatako gezurrak (“berzak”) irensteko orduan, batzuk bestetzuk baino askoz kalteagarriagoak dira. Inor ez da autentikoa, bistan da, baina faltsukeria horien guztien atzean dagoen autentikotasun batzuk askoz ere askoz beldurgarriagoak dira beste batzuk baino.

Hala eta guztiz ere, lasai har dezagun dena. Ez dago ezein arriskurik, batere ez. Are itxuraz beldurgarritik puska bat eduki lezakeen hautu zuhurgabe (inmoral?) horietariko bat hartuta ere, ez dago inongo arriskurik. Kanpainaren itxurakeriak behin bazter utzita, “leku bakarreren” atzaparrak gupidagabeak dira, onerako zein txarrerako. Dena dela, oraindik kontua oso bestela ikusten dutenak ere, egon, badaudela nago ni; hau da, “orain irabazi, kosta ahala kosta, eta gero izango gara benetan garen moduakoak” ideia burutan hartzen dutenak oraindik hor daude, egon, sendo sinismen horretan egon ere. Sinistea libre… baina “leku bakarraren atzaparrak” zinez errikugabeak dira, zorionez, tamalez, zeinek eta nondik ikusten den.

Kontuak honela, bozkatzea bezainbat arduratsu ez bozkatzea izan liteke. Agian arintasunetik egin diezaiokegu uko bozkari, baina politikoki oso kritiko eta arduratsua ere izan daiteke ez bozkatzea. Inertzia hutsez ere bozka daiteke, norbera bere klub-parrokiako kide loturak eta inertzia hutsak bultzatuta, oraindik mezetara joaten diren sinesgabeak antzo; zure bozkak zinez zer edo zer eragingo duela uste eta sinetsita, hartutako benetako ardura gisa bozkatuta; ondo ere ondo hausnartuta edo joera estetiko hutsez; amorru hutsez edo autokonplatzentzia hutsez; besteetako bat, besteak bezalakoa izateko edo ardi deslaia izateko…

Hortaz, esandako hau esanik, zer geratzen zaigu orduan? Bada lasaitasun osoa, inondik ere ez erratzeko errealitate guztiz esterilizatu baten bermea. Eta disfrutatzeko, gozatzeko, igande aparta. Zein bakoitzari, zeini bere moduaz, on, onura, asko, eta dohainik, ematen dion igande berezi bat ditugu hauteskunde igandeak. Gorago erdi-zerrendatutako motibazioak motibazio, bultzagarriak bultzagarri, norberari izugarrizko onura eragiten diote honelako igandeek. Darabiltzagun motibazioekk fantasiatik asko izan badezakete ere, berdin dio, ez du gehiegitxo inporta, dena dago prest eta prestatua denok modu erraz eta kostu txiki batez gure etekin eta onura har dezagun. Nire lagun batek ingande horretako eguraldia zer nola izan, berak bozkatzea edo ez erabakitzen zuen; bada, are kasu itxuraz azaleko, arin, horretan ere, nork bere on hartzen du; pentsa zeinen polita izan litekeen igande horretan eguzkitan hartutako azal kolorea eta bozketan bere parte hartze eza zuzen-zuzenean lotuak daudela jakitea. Auzoko jendea ere ikusteko parada izan daiteke; aspaldi ikusten ez dugun auzolagun horrekin topo egiteko, eguerdi aldera joanda gertagarriago, noski. Horrela urtetan ibilitako beste lagun bat dut nik, hauteskunde-igandeetan lagunak eta auzolagunak ikusteko bertaratzen dena bere eskolara, gerora bozkatu edo ez, gehienetan baina ez.

Oso onuragarri deritzet honelako igandeei. Pena hauteskunde gehiago ez egotea! Berean, bere batean, sendo irauteko aukera ezinago polita eta merkeagoa eskaintzen diote hauteskunde igandeek norberari, bozkatu edo ez, noski.

Igor Goitia

Igande honetan denok (ez)bozkatzera!

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude