Ibinagabeitia eta Txillardegi: antibirus indartsuak! (eta II)

Ibinagabeitia eta Txillardegi: antibirus indartsuak! (eta II) –

Honen aurrekoan, Jokin Zaitegi eta Andima Ibinagabeitia izendatu genituen euskara ahultzeko eta hiltzeko birusaren aurkako ahalmen handiko antibirus gisa; oraingoan, Ibinagabeitia Zuzeu-ko irakurleentzat askoz ezagunagoa den Txillardegirekin lotu dut. Zaitegi eta Ibinagabeitia aitonatzat bezala, Txillardegi aitatzat jo dezakegu euskaltzaleok merezimendu osoz.

Ibinagabeitia eta Txillardegi: antibirus indartsuak! (eta II)
Andima Ibinagabeitia.

Ibinagabeitiaren eta Txillardegiren harremanetara etorririk, bien artean formakuntzaz, eta ideologiaz eta mentalitatez alde handiak bazeuden ere, Txillardegi ezkertiarrago eta elantxobearra eskuindarrago, eta bizkaitarra jesuitetan ikasia izaki autore greko eta batez ere latindarraren ezagutzaile eta miresle -Virgilio eta Ovidioren obrak itzuli zituen-; Txillardegi, aldiz, kultura modernoa(goa)ren eta J-P. Sartre eta B. Russellen miresle izanagatik, abertzaletasunak eta euskaltzaletasunak lotu zituen. Gatozen lotura horiek argitara ateratzera.

Elkarri egindako gutunetan oinarrituko gara, ez baitzuten bekoz beko elkar ezagutu. Ibinagabeitiak Caracaseko erbestetik Belgikan erbesteraturik zegoen Txillardegiri egindako lehen gutunean ziotson, besteak beste, ETA erakunde berrian, euskarari behar eta merezi zuen lekua emateko idatzi eta gainerakoetan. Txillardegik, lehenik, aditzera eman zion buruz buru ez ezaguturik ere, idatziz ezagutzen zuela Euzko-Gogoa eta Irrintzi-ko artikuluetatik, eta bera euskaltzale eta abertzale izanik, beti lankide eta gogaidetzat ere eduki zuela

Abertzaleen artean euskarari eman beharreko lekuari zegokionez, Txillardegik erantzun zion bera erresistentzian norbait izan zen artean, ahalegindu zela euskarari duen garrantzia aitortzen, baina, orduan, Belgikan zegoenez gero Frantziatik kanporatua izaki, ezin zuela ezer egin. Eta jarraian honako hitz esanguratsu hauek idatzi zizkion:

Euskal Herria euskaldun herria baizik ez da. Nere ustez, gañerakoak ipuiak dira! Nere aberria, eta zeurea EUSKAL HERRIA da, eta ez Euzkadi. Euzkadi´k Euskal Herria salba dezake, eta Euzkadi sortu gabe hil egingo da. Baiña gure Aberria EUSKAL HERRIA da, eta ez Euzkadi. Ni abertzalea naiz ehunetik ehun, eta ehunetik ehun Euzkadi Askatuaren aldekoa, baiña ez ditut nahastutzen Aberria eta Erresuma. “Abertzale” izeneko batzuk bai; baiña, benetan esaten dizut, nere ustez gure herriak hau ikusi du, eta hobe gaude sekulan baiño (1966-05-30). Internet: Andima Ibinagabeitia. Gutunak 2, 301.

Nolatan idatzi zion lehen gutuna Ibinagabeitiak Txillardegiri, hura buruz buru ez ezaguturik, eta bien artean alde-aldera hogeita lau urteko aldea egonik? Gutun hori idatzi baino lehentxeago honela idatzi zion Nemesio Etxaniz apaiz poetari -azkoitiarra ere gutunen bitartez baino ez zuen ezagutzen elantxobearrak-:

Oraintxe irakurri dut Txillardegiren liburu berria: Huntaz eta hartaz. Lan sakonak dakazkinak eta ederki idatziak (…) benetan irakurgarria liburutxoa. Beinipein gazteok exenplu ederrik ematen die gure politiko zarrakituei, inoiz ere euskerarik lumartean artzen ez duten oriei eta artuko ere ez. (1966-I-4). (P. Urkizu 2000: 296)

Handik laster berriz ere, Ibinagabeitiak Nemesio Etxanizi:

Irakurri dut Txillardegiren liburu berria; arekin bat nator gauza askotan, eta arrazoi guziak ematen dizkiot euskera kontuan batez ere. Gure abertzale ergelak ez besteak, euskera ondatu besterik ez ziguten egin. Etzuten jakin aberri izkuntzari daukan garrantzirik ematen, eta oraindik ere eztute ikasi…Gazteok barriz euskera daukate gure aberriaren zimendutzat, eta ortan arrazoi guztia daukate euskotar izeneko orien aurka…Jakingo duzu zer nolako artikuluak agertu diran Tierra Vascan euskeraren aurka eta erderaren alde…Alderdi ortakoak eta bestelakoak erdera goraipatzen ari diranak alegia, espainiar ustel batzu besterik eztira, eta ez euskaldun, gainera gure arerioak bainon are arerioagoak eta kaltegarriagoak (1966-II-15). (P. Urkizu 2000: 300)

Ibinagabeitia eta Txillardegi: antibirus indartsuak! (eta II)
Txillardegi.

Garbi ikusten da aberritzat Euskal Herria izatea, eta estatua Euskal Herria bizi zedin nahi zutela biek ala biek, eta horretan erabat bat zetozela Ibinagabeitia eta Txillardegi. Gutunok elkarri trukatu zizkioten urtean (1966), ikastolen mugimendua indarra hartzen hasia zen, eta laster euskalduntze eta alfabetatze mugimendua. Ez zen gezurra herria hasia zegoela hizkuntzaren garrantzia ikusten. Handik hona ikuspegi hori erabat galdu ez, baina moteldu bai asko moteldu da batez ere EAJ eta PSE eskutik helduta gobernatzen ari direnetik. Euskal nazioa eta hizkuntza bereiziak dituzte agintariek -kontzertu ekonomikoa eta ongizatea dira nonbait euskal nazio foralaren oinarriak-, eta herritarren aldetik ere horren aurka ez da aski indar egiten.

Bestelako etsenplua eman digute Ibinagabeitiak eta Txillardegik. Guri  ere badagokigu jarraibide euskaltzale-abertzale sakon hori atxikitzea eta ahal dugun heinean lau haizeetara hedatzea.

Ibinagabeitia eta Txillardegi: antibirus indartsuak! (eta II)

Pako Sudupe

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

16 pentsamendu “Ibinagabeitia eta Txillardegi: antibirus indartsuak! (eta II)”-ri buruz

  • JJ Agirre

    Nik esango nuke, hizkuntza eta nazioa bereiztearena, erakunde abertzale subordinatuen (EAJ, EHBildu eta abar) ezaugarria dela. Erakunde abertzale (espainiar) supremazistek (PP, PSOE, Podemos…) oso estu lotzen dituzte hizkuntza (gaztelania) eta nazioa (Espainia).
    Erakunde abertzale subordinatuak euskara / gaztelania eta euskara / frantsesa “elebitasunaren” gurtzaile dira, inposatzen dizkiguten hizkuntzak bertokotuz eta sustatuz.
    Zer esaten zuen Ibinagabeitiak elebitasunari buruz?

  • Pako Sudupe

    Ibinagabeitiak zioen euskara indartu arte behintzat hizkuntza ofizial bakarra euskarak izan behar zuela, eta Txillardegik askotan aipatzen zuen euskarak lurralde-eskubideak behar zituela (Espainiak edo Frantziak edo Flandriak dituztenak edo Suitzan kantoi bakoitzak dituenak) eta ez hizkuntza-eskubideak. Elebakartasun ofizialaren aldekoak ziren biak ala biak, ez, elebitasunarenak.
    Haien ikuspegia jarraitzera, gaur egun erakunde publikoetan euskaldunak egon beharko lukete, ez, kontseilari eta alkate elebabakar erdaldunik, eta telebista publiko bakarra izan behar genuke: euskalduna, eta hedabideetan euskaraz bakarrik hitz egin beharko genuke, ez ETB1erako euskaraz eta ETB2rako erdaraz. Berriki EAEko lehendakari Urkulluk eta lehendakariorde Tapiak egin dutenaren alderantziz. Une garrantzitsuan EAEko gizarteari ETB2 telebista publikotik, gaztelaniaz. Berori dago esaten euskaldunak gizarte erdaldunean integratzea dela elebitasunaren helburua, eta ez alderantziz. Mendekotasun politiko itzela, eta linguistikoa ere bai!
    Iparraldeko euskaldun bat frantsesez mintzo entzuten dugunean, esaten dugu frantsesa dela, eta haiek Hegoaldeko euskaldunak gaztelaniaz mintzo entzuten gaituztenean, arrazoi beragatik, espainolak garela diote. Praktika hori hautsi beharra dugu. Maila pribatuan ezinezkoa da, ezin dugu une honetan praktikara eraman euskaldunekin bakarrik harremanak izatea, ezinezkoa delako, baina administrazioarekiko eta hedabideekiko harremanetan-eta euskaraz bakarrik egin behar genuke; bestela, euskararen ordezkapenari haizea ematen ari gara.

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2020-04-01 19:35

    Pako eta Jonjo hel!
    “…baiña ez ditut nahastutzen Aberria eta Erresuma.” “
    Ez naiz erabat segur ondo ulerturik zer arran nahi duen erresuma hitz erregetiar horrekin
    Eta beheko parte hau aldiz batere ez konprenitu
    “;… baiña, benetan esaten dizut, nere ustez gure herriak hau ikusi du, eta hobe gaude sekulan baiño”
    Eskerrik asko aintzinetik

  • Pako Sudupe

    Agur, Beñat. 1. Erresuma: estatua. Eta 2. Euskaldun herria jabetu zela euskaren garrantziaz, eta horren arabera, jokatzen hasia zela. Ikastolengatik batez ere, nik uste.

  • JJ Agirre

    Urkullutarrek, Ibinagabeitiatarrekin zer ikusirik ez, agi denez.
    Gaur bertan, arratsalde partean, Koronabirusaren krisialdiaren inguruko eztabaida bizia ETB2n, hiruzpalau gonbidatu tartean, españolez.
    Aldi berean, ETB1en, 2013ko Giroko etapa bat “eskaini” digute.
    Harrapazank!

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2020-04-02 09:35

    Milesker Pako diozuna izango da seguraz ere.
    Bainan euskarari emaiten dion lehentsasunaz aparte, politika praktikoari dakokionaez pasarte hura ez da esplizitoenetarik aipu honen testuingurua ezdakien batentzat.
    Adibidez ondoko esaldi parte hau misteriotsu gelditzen zait
    “Euzkadi´k Euskal Herria salba dezake, eta Euzkadi sortu gabe hil egingo da” ????
    Zer da konkretuki euskadi hau Txilardegirentzat? EAEkoautonomia? ala desiratzen duen euskal errepublika bat?
    Zer esan nahi du beraz? hura sortu orduko aberria etaeuskara jada galduak izanen direla?
    Testu honek galdera asko sor arazten dizkigu. Ikastolako erakasle banintz Euskaran edo Filosofian testu esplikazione bat egin araziko nizkieke ikaslei. .

  • Pako Sudupe

    Beñat, eskerrik asko agertzen duzun interesagatik.
    “Euzkadi” 1966an, Txillardegi eta euskal abertzaleentzat, zazpi euskal herrien batasun politikoa izendatzeko terminoa zen; euskal errepublika, euskal estatu desiratua izendatzeko erabiltzen zena.
    Orduan, ikuspegi horretatik: Euskara hilko da hizkuntza nazional izango lukeen eta hizkuntza nazional gisa tratatuko lukeen euskal errepublikarik gabe, baina gauza bat da euskal nazioa, hizkuntzan oinarritua, eta beste bat euskal errepublika horretan bizi direnak; batzuk euskal naziokoak eta beste batzuk erdal nazioetakoak, funtsean, espainiar eta frantses nazioetakoak.

  • Pako Sudupe

    Balizko euskal estatu horrek euskaldunduko lituzkeenak. Madrilen zentroa duen estatuak erdaldundu gaituen bezala, eta zuek Parisen zentroa duenak, guk ere geure estatua lorturik, euskara hedatzea estatu lurraldean.

  • Pako Sudupe

    1979ko abenduaren 22an argitaratu zen Espainiako Estatuko Buletin Ofizialean EAEko autonomi estatutua. Lehen artikuluak honela dio:
    El Pueblo Vasco o Euskal-Herria, como expresión de su nacionalidad, y para acceder a su autogobierno, se constituye en Comunidad Autónoma dentro del Estado Español bajo la denominación de Euskadi o País Vasco, de acuerdo con la Constitución y con el presente Estatuto, que es su norma institucional básica.
    Hortik dator gaur egun Euskadi Euskal Erdia, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa izendatzeko erabiltzea EAEko administrazioan eta hortik eratorririk, beste hainbat esparrutan.

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2020-04-02 10:40

    Jj zure lehen iruzkinaren harian erran nezake EAJ, EHbildu, PP, PSOE, Podemos eta abar, hots partidu politiko guziek nahi dutena da agintean direnean agintean egon eta ez direnean agintera iritsi.
    Horrentzat Madridekin hasarretzea ekiditeaz gain beren hautesle naturalak perekatu behar dituzte erdaraz diogun bezala « biloaren sentidoan » eta besteak ez sobera izitu nun ez diren partidu espaniolistak bezala aski indarttsu sentitzen erraiteko tripan dutena.
    Errealistak izan behar gara, Euskarak EHko oraiko gizartea zatikatzen du euskara mailak, esforzuak egiteko gogo maila, sendimendu nazionalak, kontzientzia politikoak direla eta.
    JJ, zu bezalako asko izanen dira bainan ez aski Txilardegiz, Zaitegiz eta Ibinagabeitiaz osatutako partidu bat « agintera » igo arazteko eta sustengatzeko Madrid desafiatzen.
    Hau da bazterretikako inpresio bat eta behar bada ez naiz aski jakinean.
    Aldiz partidu politikoarenaz segur naiz unibertsala da. Horrengatik maluruski ezeptiko xamar naiz partidu berri baten, besteak ez bezalako batenideia ateratzen delarik. Edo ez litzateke egiazko partidu bat, agintera iritsi nahiko lukeena, zeren eta euskara inposatu nahi duela proklamatuz ez bailuke agintera iristeko xantzarik. Soluzioa bestelakoa izan behar da.

  • Pako Sudupe

    Txillardegiren “Euzkadi” ildo honetakoa. Hitzak Piarres Lartzabalenak eta musika Mixel Labeguerierenak (1963an kaleratua diskoa)
    Aita, zer egin duzu gure lur maitea?
    Kanpokoari saldu, oi dohakabea!
    Arrotzez betea da Euzkadi guzia,
    Eskualduna etxean ez dago nausia.

    Gu gira Euzkadiko gazteri berria,
    Euzkadi bakarra da gure aberria.
    Gu gira Euzkadiko gazteri berria,
    Euzkadi bakarra da gure aberria.
    Aita, zer egin duzu eskuara maitea?
    Erderan hazi duzu oi zure semea.
    Ontasun ederrena aita batek galtzea.
    Biotzean sartua dugu ahalgea.
    Gu gira Euzkadiko gazteri berria,
    Euzkadi bakarra da gure aberria.
    Gu gira Euzkadiko gazteri berria,
    Euzkadi bakarra da gure aberria.
    Kaskoin edo maketo ez dugu etsaia,
    bainan eskual semea da gure anaia.
    Hemen dela España, han dela Frantzia,
    mugaren bi aldetan da Eskual-Herria.
    Gu gira Euzkadiko gazteri berria,
    Euzkadi bakarra da gure aberria.
    Gu gira Euzkadiko gazteri berria,
    Euzkadi bakarra da gure aberria.

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2020-04-02 10:49

    Kantu horren garaitik huna gure kontzientzeak atzera egin du.

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2020-04-02 11:18

    Neke da hau kantazea tomate bat bezala gorritu gabe.

  • Pako Sudupe

    Orduan ere, Enbataren sorrera inguruan, neke zela badakit. Erotzat hartuak ziren Enbatako kideak. Gauzak anitz aldatu dira. Luze joko luke aldaketak agertzeak. Baina garbi dago ez gaudela kontent egungo euskararen egoerarekin, ez zu eta ez ni.

  • Anacleto Ortuetak idatzi zuen bezala “Santxo III el Mayor eligió sabiamente las fronteras del Estado vasco, pues los limites que dio a Nabarra fueron los geográficos naturales. Es el genio tutelar de la nacionalidad vasca. Gracias a él vivimos como pueblo.” eta Federico Krutwig bere liburuan -Vasconia- azpimarratzen zuen bezala “El futuro Estado libre vasco deberá comprender al sur de los Pirineos y al norte los territorios que correspondieron a la Corona de Navarra y Ducado de Vasconia, soberanías que en su origen son las mismas”, biek nondik nora dugun irtenbidea gure arazo nazionala konpontzeko seinal bat bidaltzen digute.
    Nik garbi dut nire arbasoen Estatua -bereziki nire herriaren gaurko Estatua nahiz eta okupatua eta bahitua egotea- defendatuko dudala.
    Nabar Estatuaren jarraipena da helburua identifikatzen duen elementu programatikoa eta norantz bideratu behar ditugu gure bitarteko guziak betetza asmoei emateko.
    Handik aurrera posiblea dugu gure nazioa berraktibatzea, gure hizkuntza berpiztea eta gure izan eta egon berreskuratzea. Ez dago besterik.

  • Birusak direla eta.

    Azken boladan egunero ari gara irakurtzen eta telebistan ikusten hainbat herri espainoletan barrikadak jartzen dituztela kanpotarrak barruan sar ez daitezen eta koronabirusarekin kutsa ez dezaten bertako jendea.
    Eta estatuko indar polizial guztiak gustura baino gusturago ari direla defentsa-lan patriotiko horretan inplikatuta.

    Transposizioa eginez, galdera inoxoa planteatu zait berehala: inori ez al zaio bururatu hizkuntz birus kutsagarriaren aurka antzeko neurriak proposatzea arnasgune omen diren euskal herri bakan horietan?

    Euskara horrela osasuntsuago aterako litzateke, arnasguneak sanoago egongo lirateke, eta inportanteagoa dena: euskaldunon sistema inmunologikoa ere sendoago izango genuke hurrengo birus-jazarpen eta erasoei aurre egiteko.
    Eta guardiazibila eta ertzaintza seguru prest leudekeela hain lan patriotikoan jarduteko!

    Eta bote-botoprontoan iruditu zait Eusko Jaurlaritzak heldu diezaiokeela zeregin horretan lidergoa eramateari. Edo Hizkuntz Politikako arduradunek. Edo EAEko agintaritza guztia kopatzen duen EAJ delakoak. Bai, zergatik ez, une latz hauetan ETB1eko esentzia baskoak hainbeste eta hain sutsu zaintzen ari diren horiek berek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude