Agribashing?

Agribashing? –

Aspaldidanik laborantza industrialaren defendatzaileek badakite medien erabiltzen, beren, edo bederen handienen eta aberatsenen, interesen zaintzeko. FNSEA eta bere esku dituen Laborantza Ganbera gehienetako arduradunek asmatu azken arma mediatikoa: biktimizazioa. Agribashing edo laborantzaren gutxiestea deitzen dute hori. Hara kanpaina horren gibelean zein interes dagoen jokoan.

Agribashing?

Agribashing. Azken hilabete hauetan laborantza munduko sektore batek erabiltzen duen hitz erdi magikoa. Alabainan anglizismo horrek adierazi nahi luke laborantza bere orokortasunean gutxietsia edota gaizki ikusia litaikela, etengabeko oldartze mediatiko baten biktima bilakatuz. Orokartasun hori behintzat sinetsarazi nahi digute FNSEA sindikatu prepotente delakoaren buruzagi eskuin liberal populistek. Hainbat organo, erakunde, elkarte, ikerlari edo adituek frantses estatuan saldu diren pestiziden zifra eta zenbaki ofizialak publiko egitearekin: agribashing! Envoyé Spécial edo Cash Investigation emankizunek beren egitarauan sartzearekin glifosataren ondorio posibleak: agribashing. Le Monde egunkariak eta beste hainbat informazio iturriek Monsanto Papers eskandaluaren xehetasunak plazaratzean: agribashing. Hainbat herritan edo hiri bazterretako auzoek galdegiten dutelarik pestizidio pulberitzate guneetarik zainduak izatea: agribashing, behin eta berriz!

FNSEA-ren lema

Hainbesteraino du FNSEAk lema hori aintzinean eman, non eta bere azken manifestazio edo prentsaurrekoen aipagai kasik bakarra bilakatua den. Urrunago so eginez ohar daiteke ere ez dela soilik salatze sinple bat gobernua edo ekologista sektoreari zuzendua beharrezkoak diren erreforma batzuk galarazteko baina bai aldiz gaurko Laborantza sistemarekin kritiko diren hainbat pertsona edo erakundeen adierazpen eskubideak murriztea. Zoritxarrez nagusigo sindikala duen sindikatuak gogo luke erabat murriztea hainbat inkesta eta dokumentu ofizial laborantza praktika batzuri lotuak. Etengabeko presioa ezartzen ari dira hainbat prentsako organo eta kazetarieri buruz. Le Monde kazetako Stephane Foucart publikoki salatu dute prentsa agiri bidez, honen hainbat artikulu hartuz eta konparatuz zonbat aldiz bere iritzietan parekatzen zituen peztizidio eta minbizi hitzak. Envoyé Spécial emankizuneko talde buru den Elise Luce ere publikoki salatu eta presionatu dute joan den urtarrileko glifosatari buruzko emankizun baten ondotik. Iduri luke FNSEAren kexatze horiek mail batean entzunak izan direla Didier Guillaume erdi miarriztar Laborantza ministroarengandik, aurtengo Pariseko Laborantza Saloineko lehen egunean adierazi baitzuen “Ene bi helburuak dira laborarien soldata goratzea (!) eta agribashing nardagarri hori borrokatzea indar guziz”. Geroztik aipatu du ere sortzea “agribashing obserbatorio” bat. Bere ministroa baino gutiago ez izaiteko, Macron lehendakariak ere aho beteka “laborariak zaindu nahi ditu agribashing sendimendu” horren parean. Bainan zertaz mintzo gira egiazki? Egia da laborari batzuren kontrako ekintza isolatu batzu gertatu direla han hemenka. Baina FNSEA ez da horietaz ari. Aipatzen duen “agribashing”-ak badu gehiago ikusteko ofizialki hainbat ikertzaile eta adituek egin kritikekin, bai ingurumenaren poluzio ezberdinei buruz, kabalen elikadura mota batzuri begira, kabale hazkuntza baldintza jakin batzuri begira edo peztizidio ezberdinen erabiltze eta isurgieri buruz.

Borondate politiko eskasa

Peztizidioeri buruz debateak kasik bururatuak bezala dira, hainbat ikertze lanek eta ofizialki INSERM erakundeak frogatua baitute (jada 2013az geroztik) pestizidioen danjerraz. Frantses estatuak berak geroztik ofizialki martxan emana du hauen erabiltzearen apaltze plan bat. Badu orain hiru urte plan hori arrunt gelditua dela borondate politiko eskasagatik. Ez da dudarik arrunt legitimoa dela gai horiek debate publikoan sartzea, izan ONG edo media mota ezberdin. Hori egitea ez da laborantza edo laborarien kontra egitea baina bai haatik sanitario edo ingurumen arloetan exigentzia minimo batzu adieraztea eta legez aplikaraztea. Ez dezagun duda izpirik ukan: geroari begira nahikeria eta exigentzia horiek ez dira txikituz joanen, alderantziz baizik. Ez dezagun duda ere laborantza sistema agroalimentario liberal salbaiaren salatze ezberdinen diskalifikazio horiek epe ertainean mehatxu bilakatuko direla laborari ororentzat. Alabainan, nola pentsa laborari munduak balukela ahalmena bere ikuspegia aldatzeko eta agroekologiaren aldeko bihurgune bat hartzeko, gaur egungo sistema salatzen duten edozein kritikek tabuak izaten segitzen badute, agribashing motiboarekin? Behin eta berriz molde horretan  oihukatzeak, soilik ondorio jakin bat luke: gaur egun laborantza sistema dominantea eta laborantza maite duen baina aldatzea galdegiten duen jendartearen arteko dibortzioa aktatzea edo leize bat eraikitzea. Logika horren alderantziz kontratu moral berri bat eraiki behar da jendartea eta laborari munduaren artean. Gisa horretan modelo berri horrek barneratu lezazke kezka sozialak, ekonomikoak, sanitarioak eta ekologikoak herritar ororen ongizaterako.

Andde Sainte-Marie

Agribashing?
Agribashing?

Eskualdeko Kontseilaria, Landibarren laborari, abertzale ezkertiarra, Abertzaleen Batasuneko bozeramaile ohia.