“Ia milioi bat pezetako berokia da konpondu dudan jantzirik garestiena”

ModeloaVisik (Villagalijo, Burgos, 1952) Donostiako arropa-denda garestienetako batean egiten du lan. Jostuna da eta mota guztietako konponketak egiten ditu 600 eurotik gora balio duten soinekoetan edota 2.000 euroko berokietan. Helburua: jantzi horiek bezeroari ezin hobe gelditzea. “Ez duzue imajinatu ere egiten Donostiako jendeak zenbat diru duen eta nola gastatzen duen!”, dio.

Nolakoa da dendara sartzen den jendea?

Jende diruduna da batik bat, aberaskumeak. Deigarria da denda garesti batean bezeroek duten jarrera, askori bost axola baitzaie soineko batek 600 ala 800 euro balio badu, ez diote prezioari erreparatzen. Zaran edo Mangon erosten dugunontzat harrigarria da ikustea zelako erraztasunarekin hartzen dituzten jantziak. Beste maila batean daude, eta askotan haien bizitzak nolakoak diren ezagutzeko jakingura sortzen zaizu, zertan egiten duten lan, nolako etxean bizi diren, non pasatzen dituzten oporrak….

Futbolariak, abeslariak eta Zinemaldira datorren jendea ere badator. Adibidez, Mikel Alonsoren ezkontza trajea konpondu nuen. Eta baita Zinemaldira etorritako aktore asiar batek erositako gona ere. Gau horretan jantzi zuen gona filmaren emanaldirako, eta kasualitatea, aizu, pelikula hori bera ikustera joan nintzen ni! Amaitzean, agurtu egin nuen –senarrarekin zegoen, filmaren zuzendaria– eta filma asko gustatu zitzaidala esan nion.

Zer prezio dute egunero zure eskuetatik pasatzen diren jantziek?

Denetarik dago: 800 euroko soinekoak, 300 euroko galtzak, 1.000 euroko jakak…

Zer da konpondu duzun jantzirik garestiena?

Ia milioi bat pezetako berokia, txintxilla berokia zen. Baina, egia esan, niri ez zitzaidan bat ere gustatzen.

Ez al dizu beldurrik ematen horren jantzi baliotsuei guraizeak sartzea?

Ez. Bat ere ez. 50 urte baino gehiago daramatzat josten, beraz huts egiteak ez nau beldurtzen, ez baitut hutsik egiten; ez behintzat erremediorik ez duten hutsak. Egia da hasiera batean zirrara txikia sentitzen duzula ia 1.000 euroko prezioa duen Prada soineko bat ia-ia goitik behera desmuntatu behar duzunean bi neurri kentzeko. Baina ohitzea da dena.

Jantziek horrelako prezioa izanda, konponketak ere prezio onean kobratuko dituzue.

Ideia bat izan dezazun, eskuartean dudan jaka honi mahukak mozteagatik bezeroari kobratuko diogunagatik, zuk ia jaka berria eros dezakezu beste edozein dendatan.

 

 

Jantziak, jendea, moda

2 pentsamendu ““Ia milioi bat pezetako berokia da konpondu dudan jantzirik garestiena””-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude