Zezenak balira?

Zezenketen kontrako manifestazioa Iruñean

San Fermin vintagePasa den igandean, uztailaren 3an, Anima naturalis eta PETA elkarteetako hainbat kide Iruñeako Udaletxe plazan elkartu zen -azken urteotako ohiturari jarraikiz- zezenketa eta entzierroen kontra protesta egiteko. Gorputza gorriz eta beltzez margoturik lurrean etzan ziren zauritutako zezen baten irudia osatuz. Ekintza honen bidez, zezenek kultura eta tradizioaren izenean pairatzen duten tortura eta heriotza ankerra salatu zituzten, animalien eskubideak aldarrikatzearekin batera.
Manifestapen honek ondoko gogoetak ekarri dizkit burura. Nola sentitu daiteke zezenekiko hainbeste kupida gizaki jaiogabeen akabatzea arazorik gabe onartzen den bitartean? Zezenei, behintzat, jaiotzeko aukera eman zaie, abortatu diren giza enbrioiei ez bezala. Gainera, zezen-ikuskizunetan adardunek bere burua defendatzeko aukeraren bat badute: denok badakigu zenbat pertsona hil izan diren animali bikain hauen adarkadez. Pertsona jaiogabeek, berriz, ez daukate defendatzeko ezta kexatzeko betarik ere.
Bestalde, abere hauek eskubideak izatekotan betebeharrak ere izan beharko lituzkete. Baina zezen bati eskatzen ahal zaio eraso ez egiteko? Eraso eginez gero epaiketarik izaten al du? Argi dago eskubideak eta betebeharrak izaki arrazoidunek bakarrik dituztela, hauek bakarrik baitira bere ekintzen jabe eta erantzule. Izaki arrazoidun eta askeari pertsona deitzen diogu hain zuzen ere. Pertsonarik gabe ez litzateke eskubiderik esistituko. Hare gehiago, pertsona da animaliak beharrik gabe mintzearen itsustasuna antzematen duen bakarra, animaliek ezin baitute ekintzen moraltasuna balioetsi.

Gauzak horrela, erabat zentzugabea da zezenketa eta entzierroen kontrako protestak egitea eta pertsonaren eskubideak defendatzeko gai ez izatea. Iruñeako kaleetan zezenen eskubideak aldarrikatzen diren bitartean, Antsoainen abortatzeko zentru bat irekitzear dago. Zer gertatuko litzateke leku honetan zezenen abortoak egingo balira?

Imanol Agirretxe

Iruñea

2 pentsamendu “Zezenak balira?”-ri buruz

  • Imanol eh, umm…barkatu, baina ze zerikusi du gauza batek bestearekin? Alegia, zuk , zezenketen kontra daudenei Antsoainean irekiko den abortatzeko zentruaren aurka protestatzeko eskatzen diezu, bertan animaliak ez eta gizaki jaiogabeen akabatzea burutuko delako (zure hitzak dira, eta zure pentsamoldea islatzen dute, ez nirea). Nik beste proposamen bat egingo dizut, zuk esandakoaren logikarekin bat datorrena: zergatik ez zoazte guztiok Gotzain-batzarraren egoitzaren aurrera, eta Elizak kondoien inguruan izan duen jarrerarengatik Ihesaz gaixotu eta hil diren milaka pertsonengatik protest egiten duzue?

    Ikusten duzunez, demagogia argudio gisa erabiltzea nahiko erraza da. Baita Interconomiaz elikatzen ez garenontzat ere.

  • Kaixo Eñaut. Ez dakit elkar ulertzen dugun. Nik uste dut animaliak ez direla beharrik gabe hil edo mindu behar. Baina, animalia baino lehen pertsona dago. Horregatik, artikuluan aipatzen diren kolektiboen ikuspegia kontraesankorra dela iruditzen zait. Ez da benetako ekologismoa beraiena. Ezin da izan benetako ekologista personalista izan gabe, ekologismoa jarrera etiko bat delako eta animaliak ez dira izaki etikoak. Pertsonarik gabe ez litzateke egongo kontzientzia ekologikorik. Beraz, ezer baino lehenago pertsonaren eskubideak defendatu behar dira. Abortoak pertsonaren lehenbiziko eskubidea urratzen du, bizitzeko eskubidea, alegia. Nik dakidanez kolektibo hauek ez dute abortoren kontra salaketarik egiten. Animalien kume, arraultz, enbrioi, etabarrekiko, ordea, beste jarrera bat dute, ez dute onartzen bere akabatzea. Ikusten denez beraien jarrera erabat kontraesankorra da.

    Ihesaren kontua beste gai bat da. Intereconomiaren aipamena ere ez dakit zertara datorren. Hurrengo arte Eñaut.