Hura ez zen gertatu behar
Hura ez zen gertatu behar –
“Hura ez zen gertatu behar”
Zintzotasunez esan duen bakarra ezker abertzalea da.Gainerakoek -politikoez ari gara- aspertzerainoko lelo erabiltzeaz gain besteei hori esateko eskatu diete. Baina zer da hori? Hori esan edo esateko eskatzen duten bakoitzean zer ari dira esaten? Munduan gertatu behar ez zen gauza bakarra hori dela esaten ari al dira? Beraz:
Aznar-Blair-Bush hirukoteak Iraken antolatu zuten gerra gertatu behar zen.
Gerra hori, milaka hildako eta errefusatu sortuz, beste herrialdetara zabaltzea eta gaur arte luzatzea gertatu behar zen.
Aspaldidanik Turkia kurduekin burutzen ari den sarraskia gertatu behar zen.
Bilbotik herrialde haietako gerrak hornitzeko armaz kargaturiko itsasontziak ateratzea gertatu behar zen.
Israelek egunero ume palestinarren bat akabatzea gertatu behar zen.
GAL martxan jartzea eta hamaika militante euskaldun akabatzea gertatu behar zen.
Hala polizi eta guardia zibilen kasernetan nola ertzaintzarenetan izan diren tortura jardun sistematikoa gertatu behar zen.
Pandemia gordin baten erdi-erdian jendea salbatzeaz eta bizimodu duina emateaz arduratu beharrean farmazeutiken eta multinazionalen negozioen morrontzan agintariak lanean otzan aritzea gertatu behar zen.
Txertoa soilik aberaskiloen klubean sortu, patentatu saldu, erosi eta banatzea gertatu behar zen.
Planetarekin berarekin batera munduan diren Herri, nazio, eta kultura asko eta asko sarraskitu ondoren eta ondorioz munduan diren ondasun ia guztia lau lagunen artean banatzea gertatu behar zen.
Kataluniako errepublikaren eraikuntza guztiz demokratikoa azken burura iristen ari zela errepresio bortitzez lehertzea gertatu behar zen.
Katalunian bide guztiz demokratikoak erabiltzeagatik hiru mila lagun baino gehiago auzipetuta egotea, beste hamaika isun milonarioetan itota eta beste batzuk erbestean egotea gertatu behar zen.
Gaur egun euskal-herrian erdaren alper-harriaren pean, euskaraz bizitzea ia ezinezko izatea gertatu behar zen.
Hauek guztiak fenomeno naturalak omen dira, gertatu beharrekoak.
Etiko zer den ez digu erakutsiko Socratesek, Gandhik, Mandelak, YPJko edozein emakume kurduk edo Jordi Cuixartek; etiko zer den irabazleek, boteredunek edo haientzat lana egiten dutenek azaltzen digute egunero komunikabideetan, eta hauen arabera beren intereserako ona den edozein gauza da etiko eta ez da inoiz etiko izango haien interesen kontra doan ezer, gutxienekoa da erabiltzen den metodoa.
Helburu politikoak lortzeko bortxa erabiltzea boterearen izate berean dago, sistemikoa da eta egunero egiten duena da, normalean pobreak eta botereari kontra egiten dion edozein eta edozer zirtziltzeko.
Nik bi aukera besterik ez dut ikusten:
inor inor baino gehiago izango ez den eta lurra airea eta ura zainduz euskaraz biziko den komunitate bat eraiki errepublika batean edo pertsonak, bizia, hizkuntza, kulturak eta lurra suntsitzera doazen argi-indar, gas edo petrolio edo konpainia handi horien uztarrian lotuta segi, denok desagertu arte.
Guztia zaku berean doa eta hobe dugu horretaz lehenbailehen konturatzea.