Kolonialismoaren kolonia

Kolonialismoaren kolonia –

Ongi etorri Hizpideko entzule guztiei. Nahiz eta lehenengo saioa ez den, bai da nire lehenengo iritzi tartea. Eta urtero bezala, baietz esaterakoan eta urte osorako hilean behin idazteko konpromisoa hartzerakoan, konplexu eta zalantza guztiak nigana datoz: nire euskara maila nahikoa den honetarako, argudiatzeko errekurtso ideologikorik dudan, zerbait interesgarria adierazteko edo helarazteko kapaza naizen, eztabaida politikoan aportatu ahal dudan… eta duda guzti hauek irensten ditudan bitartean, baiezkoa ematen dut. Konpromisoagatik, ezetz esatearen ezintasunagatik, edota ariketa honekin nire burua hobetuko dudanaren sinesmenagatik. Gauza bat edo bestea izanda, hemen nago, ikasturteko lehenengo iritzi tartea idazten eta kontatzen.

Kolonialismoaren kolonia

Aurten, gainera, data hurbildu ahala, zeren inguruan idatziko nuen argi ez neukan. Baina eskerrak eman behar dizkiet Hizpidea egiten dutenei, nahita edo nahigabe, Urriaren 12an nire tartea kokatzean aitzakia eman didatelako.

Egun arrotza da Euskal Herrian Urriaren 12a. Hispanitatea goraipatzen den egun honen aurrean, garai ezberdinetan, aldarrikatu izan dugu ez dela gure eguna eta ez dugula ezer ospatzeko. Egun hau, estatu espainolaren menpekotasunaren aurrean altxatzeko aitzaki gisa erabili ohi dugu. Aldiz, Espainian, haien nagusitasuna aldarrikatzen dute. Garai batean, beraien dominioak Atlantikoaren beste aldera heltzen zirela gogoratzeko aprobetxatzen dute, nahiz eta Espainia ez zen existitzen garai horietan.

Eta honek kolonialismoaz pentsarazi dit. Egia da, espainiar estatua badela kartzela bere baitan menperatzen dituen herrientzako. Europako beste estatu-nazio bezala, bere konfigurazioan, kapitalismoa garatzeko behar zuen uniformetasunari helduta, kultura edota herri asko desagertu zituen. Mendeetan, espainiar kapitalismoa saiatu izan da euskal errealitatearekin bukatzen. Baina honek ez du ukatzen ezta kontrajartzen Hego Amerikan edota beste hainbat tokitan bizi izan den kolonialismoan euskal lurraldetan bizi garenok izan dugun papera edota gozatu ditugun kolonialismoaren etekinak.

Nire ustez, honetaz jabetzeko ez dugu begiratu behar Hego Amerikan, adibidez, dauden euskal abizen guztiak. Horrek erakusten digu, garaiko kolonizatzaileen artean, euskal abizena zutenak bazeudela, baina zer egin dezakegu guk iraganarekin? Aldiz, Euskal Herrian pairatu izan dugun zapalkuntzak ezin gaitu itsutu beste herriek jasan izan duten kolonialismoaren aurrean. Eta gutariko bakoitzak, gaur, hemen eta bere errealitatearen aurrean honetaz jabetzeko ardura dauka. Europan kokatutako herri zapaldua izanda ere, hausnarketa sakona dagokigu: ze nolako abantailak izan ditugun ustiatutako beste herrialdeetako langileriaren aurrean; gure klase gatazka zelan baldintzatu duen errealitate honek; zelan eratu elkartasuna miseria gorritik ihesian datozen horiekin…

Gure erantzukizuna ez da orain dela 500 urte baino gehiago joandako “konkistatzaileek” abizen euskaldunak zituztela. Gure ardura egun jokatzen da. Mende zoro honetan, bizi garen errealitate gordin honen aurrean, kolonialismo mentala desegiten saiatzean datza gure erronkak. Faxismoaren aterpean goraka doan arrazakeria eta xenofobiaren aurrean parte aktiboa izan gaitezen. Kapitalismoaren jokaldi baztertzailea biluztu dezagun eta Euskal Herritik, herri zapaldu gisa, mugak eraikitzen dituen sistema arrazista honen aurrean, kolonialismoa gaindituko duen proposamen politiko askatzailearen alde antolatu eta borrokatu dezagun behingoz.

Zapalkuntzarik gabeko munduan soilik izango baita aske gure herria.

Kolonialismoaren kolonia Kolonialismoaren kolonia

Zer duzu buruan “Kolonialismoaren kolonia”-ri buruz

  • Eta azken urteetan Euskal Herrira 300.000tik gora atzerritar etorri izanari, nola deitzen diozu? Aniztasuna, aberastasun kulturala, globalizazioa,… Eta etorritako talde horretatik, Euskal Herrian (Espaniara integratzea baitatoz) integratzeko asmoz daudenen kopurua ehuneko bataren azpitik egoteari nola deitzen diozu?
    XXI. Mendeak dakarren kolonialismo berrian murgildurik, eta Iraganeko kolonialismoarekin kritikoenak direnak egungoa txalotzen.
    Euskalduna beti etxekalte!!!!!!