Horror vacui
http://alteretaego.wordpress.com/
Alter dixit.
Gelako atea irekita egiten du lo beti, badaezpada. Gainera, komuneko ispilu gaineko argitxoa ere itzali gabe uzten du, badaezpada. Gaua maite du, ez horrenbeste iluntasuna. Edo, hobe esanda, iluntasunak inplizituki dakarrena.
Neska koskorra zela aitarekin egiten zituen osteratxo haiek, andraize gauetan, oso gustuko zituen. Izarrak begiratzera joaten ziren, gauak lagunduz gero, edo hodeien joan-etorriek sortzen zituzten irudi aldakorrei antzak aurkitzen, bestela.
Gau argietan, orduak berez igarotzen ziren aitak izena jartzen zien izarrei eta konstelazioei so. Jakin, bazekien eurok aitzakiatzat hartuta kontatzen zizkion istorioen erdiak gezurrezkoak zirela, eta beste erdiak asmatu egiten zituela: mitologikoak, itsasoan galdu ziren marinelenak… Baina bazekien, baita, bera baino gozatu handiagoa hartzen zegoen harekin egotea berarentzako ere plazerra zela. Ama asko maite zuten, biek ala biek, baina uneok eurentzat ziren.
Tamalez, joan ziren gau haiek… Harrezkero ez dira horrenbeste izan bakarrik pasa dituenak, beti bera izan ez bada ere, gehienetan ohelaguna izan baitu magalean. Baina izarapeko konpainiek ezin izan diote iluntasunari dion arrangura gainditzen lagundu.
Asteburu-pasa Pirinioetara joan zen behin lagun-koadrila osoa, ausartagoak eta alperragoak tarteko. Eta laukoterik ausartena hustutako tren-geltoki bat bisitatzera joan zen gauetako batean. Gerora, ezin izan du ahaztu sotoetako batean aurkitutakoa: ate zuri bat, parez pare irekita, baina inora ematen ez zuena.
Orduan hasi zen hutsarekin itsutzen. Antzinako Greziako tenplu handientsuak zetozkion gogora: izugarri ederrak baina, barrutik, hutsak. Harrigarri iruditzen zitzaion Oteizak berak eskulturen bitartez hutsuneak nabarmentzeko zuen grina metafisikoa. Edo ezin zuen ahaztu, MoMA bisitatu zuenean, sekula ikusi duen koadrorik erakargarrienak eragin zion zirrara: Malevich-en Lauki zuria atzealde zuriaren gainean.
Eta horrek aztoratzen zuen gauetan: hutsari zion ikarak. Ateaz bestaldean ezer ez aurkitzearen beldurrak, ikus daitekeenaz haratago ezer ez dagoenaren sentimenduak.
Lasaitu ederra hartu zuen Hego Amerikako kolonaurreko kulturek ere Horror vacui delakoa ezagun zutela jakin zuenean eta eurak ere, bera baino mende asko lehenago, hutsa betetzeko lanetan aritu izan zirela.
Deigarriago egiten zaio, hortaz, beste batzuk duten hutsa bistaratzeko afana. Berak, badaezpada, nahiago izan du beti aparte izan eta bere bizitza jendez, emozioz, sentimenduz betetzeko ahaleginak egin.
Berak, badaezpada, komuneko argia biztuta egiten du lo beti.
Ego dixi.